Epaileek, fiskalek eta poliziek maiz ez dute gorroto deliturik ikusten, Mikel Mazkiaran abokatu eta Gipuzkoako SOS Arrazakeriako kideak azaldu duenez (Iruñea, 1967). Egon badaude, ordea: «Jipoitzen baduzu pertsona bat ez Juan Ramirez delako, baizik eta beltza delako, hori Zigor Kodera eraman behar da».
Gorroto delituarekin lotuta eraso ugari azaleratu dira azkenaldian. Gehiago gertatzen ari dira edo gehiago salatzen dira?
Gorroto delituek arazo bat daukate, hasieratik: ondo definitzea zer diren. Aspaldiko arazoa da, ikusi izan baitugu gertaera batzuk gorroto delitu gisa kalifikatu izan dituztela, berez hala ez diren arren. Altsasuko kasuan gertatu zen: gorroto delitu gisa kalifikatzen saiatu ziren hasieran.
Berez, gorroto delitua gutxiengoak babesteko da, ezta?
Bai, baina politikari batzuek beste gauza batzuk defendatzeko erabiltzen dute. Gorroto delitua pentsatua dago kolektibo konkretu batzuk babesteko, baina kolektibo konkretu horiek ez dira, noski, Guardia Zibila, politikariak edo erregea. Kontzeptu gisa manipulazio hutsa gertatu da, eta hori kontuan hartu behar da azken boladan izan diren gertaerak identifikatzeko; zalantzak sortzen baitira gorroto delitu diren edo ez. Galizian gertatu zen Samuelekin, eta, hemen, oraindik ez dakigu zer gertatu den Zornotzakoarekin.
Kosta egiten da frogatzea gorroto delitua dagoela?
Bai. Beti egongo dira arazoak gorroto delituak frogatzeko.
Zergatik?
Azken finean, gorroto delitua motibazio bat da; hau da, zuk jipoitu dezakezu beste pertsona bat, eta, ez badago oso garbi zergatik eman diozun kolpea, gerta daiteke delitu izatea besterik gabe. Nola froga dezakezu norbaitek beste norbait jipoitu duela pentsatzen zuelako homosexuala zela edo beltza? Ez baduzu zerbait esaten, ez baduzu nolabait kanporatzen motibazio hori, oso konplikatua da frogatzea.
Gaizki egina dago legea?
Ez, ez da legearen kontu bat. Horrela dago finkatuta. Gauza bat kontuan hartu behar da: Zigor Kodean ez dago gorroto delitua bere horretan jarrita. Hau da, delitu bat dago esaten duena 'lapurreta'. Eta lapurretak, segun eta nola izaten diren...
Gehitu egiten zaio bertze delitu bati?
Bai, eta eraikuntza doktrinal bat da. Hau da, badaude delitu batzuk gero kalifikatzen direnak gorroto delitu gisa.
Zigor doktrinan eztabaida handia dago, eta bi sektore daude: batek esaten du gorroto delituak ez direla existitzen, eraikitako zerbait direla, haien ustez motibazioak eta sentimenduak ezin direlako Zigor Kodera eraman. Beste batzuek esaten dute posible dela. Eztabaida hori oso garbi ikusten da gorroto diskurtsoarekin ere: normalean, alde batetik esaten du ezin dela edozein gauza esan, eta, bestetik, adierazpen askatasuna dagoela. Noraino iristen da adierazpen askatasuna, eta muga non jarri behar da? Voxen kartelaren afera hori da [afixa batean amona baten eta gazte migrante baten diru laguntzak alderatu zituzten, Madrilen].
Lehengo astean Espainiako Gobernuak kaleratu zuen txostenean agertzen da gorroto delitu kasuak gero eta gehiago direla.
Atestatuak zenbatzen dituzte, Poliziak hartzen dituenak, baina gero ikusi behar da atestatu horiei zer gertatzen zaien epaitegira joaten direnean: batzuk artxibatu egiten dituzte; beste batzuk aurrera doaz... Oraindik ez dakigu ibilbide hori nola egiten den, eta erakundeek eskaera bat egin izan dute beti: jakitea zer gertatzen den atestatuekin. Hau esanda, azken urteotan datuek beti izan dituzte gorabeherak: 2020an jaitsiera bat izan zen.
Konfinamendua zegoen...
Bai, baina gutxi gorabehera mantendu egiten da datua.
Ez duzue sumatzen gorakadarik, orduan?
Kontuan hartu behar da ere ea ondo egiten diren atestatuak. Datuetakoak ez dira gertaera guztiak, baizik eta oso parte txiki bat: ikerketek esaten dute horrelako gertaeren %20 baino gutxiago salatzen direla. Datuak nola hartzen diren ere... Ertzainek datu gehiago hartzen dituzte Espainiako Poliziek baino.
Zergatik?
Ertzaintza gero eta hobeto ari da datuak hartzen, eta horren ondorioa da, noski, igoera bat. Konparatzen badugu zer egiten ari diren Espainiako Polizia eta Guardia Zibila, ondorio bat atera dezakegu: noraino ari dira hartzen gertaera hauek? Oraindik prestakuntza falta da, kontzientzia...
Ertzaintzak bere kabuz ere ikertzen du jakiteko kontatzen ari zaizkion hori gorroto delitu bat den edo ez; beste polizia batzuek, ez. Hau da, ni joaten banaiz polizia etxe batera Madrilen, eta esaten badut: «Tipo bat etorri da bat-batean, eta jipoitu egin nau, ez dakit zergatik». Espainiako Poliziak salaketa hartzen du, eta kito. Ertzaintzak, berriz, esaten du: «Tira, beltza zara... Ez duzu pentsatzen agian...? Zerbait esan dizu...?».
Horregatik dira handiagoak Hego Euskal Herriko datuak?
Bai.
Fernando Grande-Marlaskak datuak aurkeztean azaldu zuen gorroto delituak gorroto diskurtsoetan babesten direla.
Arrazoi du. Adibide oso garbia ikusten da Voxen kartelarekin: kartela bera igual ez da delitu bat, probintzia auzitegiak hala dio, baina horrek ez du esan nahi ez dela ezer gertatu. Zeren eta kartel horrek klima bat sortzen du. Askotan ez da delitua bera dagoen edo ez, baizik eta zer gertatu eta esan den. Eta politikariek ardura jakin bat daukate horretan.
Klima hori nola ikusten duzu Euskal Herrian?
Azken urteotan, nire ustez, arrazakeria argiago dago, esplizituago, disimulurik gabe.
Poliziaren prestakuntza aipatu duzu. Zer gehiago behar da?
Gorroto delitua ez da adibide bakarra, eta ezta inportanteena ere. Diskriminaziorik gogorrena da, nolabait, baina gero egunerokotasuneko arrazakeria dago: ez da ateratzen ez komunikabideetan, ez Poliziaren datuetan, baina hori da benetako diskriminazioa: zer gertatzen den atzerritarrak etxe bat alokatzera joaten direnean, lanpostu baterako elkarrizketa bat egiten denean zapia daraman emakume bat azaltzen bada...
Eta gorroto delituak ondo kudeatzeko, prestakuntza behar da, ez bakarrik Polizian. Are: prestakuntza falta handiagoa ikusi izan dut epaile eta fiskaletan Poliziarengan baino. Oraindik ez dituzte gorroto delituak ikusten horiek garbi dauden atestatuetan: trabesti bat borroka batean, bestea astakeriak esanez trabestia delako, eta epaileak borroka bat bakarrik ikusten du, besterik gabe.
Irakurri gehiago:Gorroto delitua. Ezberdina izatearen zigorra.