Betharramgo (Okzitania) kongregazioak adierazi du «erantzule» dela Notre-Dame-de-Betharram ikastetxeko bortizkeria eta sexu erasoen aferan, AFP prentsa agentziari emaniko elkarrizketa batean. Ipar Euskal Herritik hainbat ikasle joaten ziren bertara ikastera, eta haietariko batzuek sexu erasoak eta bortizkeriak jasan zituzten. Laurent Baxo apeza mintzatu da kongregazioaren izenean, eta erran du kongregazioak diruztaturiko batzorde independente bat abiatuko dutela sexu erasoen eta bortizkerien «arrazoiak» identifikatzeko.
Alabaina, ez du zehaztu nork osatuko duen komisioa, baina erantsi du sei hilabeteko artxibo lana egin beharko duela, biktimak eta kongregazioko kideak aditzeaz gain. Gainera, Baxok iragarri duenez, irakasle eta zaindari laikoen bortizkeriaren eta sexu erasoen biktimei kalte ordainak emanen dizkiete. Orain arte, Elizako erasotzaileen biktimek bakarrik zituzten kalte ordainak ukaiten CRR Aitortza eta Erreparazio Batzordearen bidez.
Gaur egun, CRR komisioak hemeretzi biktimei banatu dizkie kalte ordainak. Baxoren arabera, oraingoz 700.000 euro eman dituzte. Kalte ordainen ordainketa garrantzitsutzat jo du, eta baieztatu du Betharramgo kongregazioak ondasun higiezin batzuk salduko dituela biktimei dirua ematen segitzeko.
Ehun salaketatik goiti
Notre-Dame-de-Betharram ikastetxeko ikasle ohiek iazko urri hastapenean sortu zuten Facebook talde bat nerabezaroan bizitako sexu erasoak eta bortizkeriak salatzeko. Ikastetxe katolikoko apez eta zaindari ohi batzuen kontrako 150 salaketa inguru bildu dituzte. Paueko prokuradore Rodolphe Jarryk ikerketa ireki zuen. Ikerketak urte bat iraun ondotik, zaindari ohi bat akusaziopean ezarri eta behin-behineko atxiloaldian eman dute. Betharramgo indarkeria kasuak 1960ko hamarkadatik 1990eko hamarkadara bitartekoak dira.
Bertzalde, otsailaren 25ean, Uztaritzeko (Lapurdi) San Frantses Xabierkoa kolegioko ikasle ohiek sortu zuten Facebook talde bat, 1970eko hamarkadatik goiti jasan zituzten bortizkeria eta sexu erasoak salatzeko. 30 kide baino gehiago bildu ditu talde horrek. Bortizkeria eta umiliazio lekukotasunak jaso zituzten, eta biktima batek bortxaketa salaketa bat ere ezarri zuen.
Irakaskuntza katolikoaren erantzuna
Lescar (Okzitania), Oloroe (Okzitania) eta Baionako elizbarrutiko irakaskuntza katolikoko zuzendariek haien haserrea eta etsipena adierazi dute agiri bidez. Izan ere, ikastetxeko ikasle ohiek pairaturiko sexu erasoak eta bortizkeriak gaitzetsi dituzte. Bertzalde, haurrei eraginiko indarkeria fisiko edota psikologiko «guziak» kondenatu dituzte: «Ekintza horiek onartezinak dira, eta defendatzen ditugun balioen aurkakoak dira».
Halako erasoek ondorio «handiak» eragiten dituzten heinean, irakaskuntza katolikoko zuzendarien kolektiboak azaldu du ikasle ohien lekukotasunak ez dituztela istorio zahartzat jotzen, ikasleak «sakonki» markatuak baitira. Gainera, zehaztu dute lekukotasuna karrikaratzea beharrezkoa dela biktimentzat eta Elizarentzat. «Ezinbestekoa da. Lehen-lehenik, biktimentzat, bistan da, baina baita krimen horiek aurrez aurre begiratu behar dituen instituzioarentzat ere».
Azkenik, gehitu dute ikastetxe katolikoetan «baitezpadakoa» dela haur bakoitza ingurune seguru batean haztea, eta irakaskuntza katolikoa engaiatzen dela hezkuntza proiektu «zorrotz» bat eramateko haur bakoitzaren duintasuna lehentasuntzat hartuz.