EAJk tranbia guztiak hartzen ditu». 1936ko gerra ostekoa da esaldia. Orduan hartu behar izan zituen, batzuetan bidaide batekin, besteetan beste batekin, eta «denekin», behin; Jose Antonio Agirre lehendakariak, gerra garaiko lehen gobernuan. Franco diktadorea hiltzearekin batera ere aukeratu behar izan zuen nora jo: 80ko hamarkadaren erdialdean, sozialistekin. Eta 90eko hamarkadako azken urteetan, ezker abertzalearekin. 26 urte igaro dira jeltzaleak eta sozialistak azkenekoz elkarrekin gobernatu zutela. Eta askok ekarri dituzte gogora Jose Antonio Ardanza eta Ramon Jauregiren garaiak.
Amaitutako bidea zirudien. Xabier Arzalluz Euzkadi Buru Batzarreko presidente historiko eta orduan sozialistekin akordioa egitearen alde sutsuen aritutakoak 2003an esan zuenez, inoiz ez litzake errepikatu behar halakorik, ezer gutxi lortu zuten, eta aro «lasai eta geldoegia» izan zen, «denbora mortu bat ia». Hitz horiek asko haserretu zuten Ardanza. EAEko lehendakari ohiak, halere, egun onartzen du Gernikako Estatutuaren garapenean —eta hori zen akordioaren helburu nagusietako bat— «ezer gutxi» lortu zutela sozialistekin izandako hamalau urteetan, baina akordioak balio izan zuela orduko krisialdi ekonomikoari aurre egiteko, «egonkortasuna» eman ziela euskal instituzioei, eta urratsak egin zituztela bizikidetzan. Uste du, gainera, ez zegoela «beste aukerarik» garai hartan; ETAren jarduna zela-eta, bereziki, ezker abertzalearekin ez zegoelako «zer eginik», eta EA sortu berria zelako, jeltzaleen arerio nagusi gisa, orduan. Orain, aukerarik egonda ere, ados da akordioekin, ordukoarekin eta egungoarekin: hala esan zuen EAEko Autogobernuaren Lantaldean, iazko azaroan.
«EAJn beti erabiltzen zuten ETAren jardunaren argudioa. Eta orain? Funtsean, orain ere, ezker abertzalearen ildo politikoa oztopatzea eta desegitea du helburu EAJren zuzendaritzak, eta estrategia hori PSOErekin partekatzen dute», azaldu dio BERRIAri Tasio Erkiziak, garai hartan HBko legebiltzarkide izandakoak. Erkiziaren ustez, abertzaleentzako «garai zailak» izan ziren 80-90eko urteetakoak, eta sozialistak «baliatu» egin ziren horretaz. «EAJ salbatu egin zuten, baina horren truke lortu zuen Ajuria Eneko ituna». Eta, horrekin, abertzaleen arteko harremanak «zailtzea», Erkiziaren aburuz. «Lortu zuten nahi zutena: gure artean ez adostea herri hau autodeterminaziora eramango zuen bidea». Itun hura egin zutenean, ETA eta Espainiako Gobernua (PSOE) negoziatzen ari ziren Aljerren.
Oso bestelako ikuspegia dauka alderdi sozialistako Isabel Zelaak.Eginiko hiru koalizio gobernuetan Hezkuntza sailburuorde izandakoak uste du «oso positiboak» izan zirela urte haiek. «Moderazioa eta zuhurtzia ekarri genituen euskal politikara, eta ezberdinen artean akordioak posible zirela erakutsi genuen». Jeltzaleen kritiken inguruan, Zelaak dio autogobernuaren alde «lan handia» egin zutela EAEko sozialistek. Azpimarratu du PSEren eskuetan zeuden sailek jarri zituztela martxan, besteak beste, Osakidetza, Euskal Eskola Publikoaren Legea edota Bilboko metroa.
Abertzaleak lehian
«Kasu berezi batzuetan» izan ezik, HBk ez zuen Eusko Legebiltzarreko saioetan parte hartzen, Erkiziaren arabera, «erakunde arrotza» zela salatzeko. Harenetzat, halere, «ez da egia» jeltzaleek beste aukerarik ez zutela, ez lehen, ez orain. Gogoratzen du 1985ean, EAJren barne hausturaren aurretik, hasi zituztela harremanak, eta 1986an egin ziotela eskaintza «serio» bat, gatazkaren konponbidean urratsak eginez gero, ordura arteko estrategian «giroa» emango zutela hitzemanda. Ate hori itxi egin zuten jeltzaleek, Erkiziaren arabera, sozialistekin akordioa eginda.
Harremanak, «puntualak» izanda ere, eutsi egin zioten jeltzaleekiko loturari: EAJn talde bat sortu zuten, Juan Maria Ollora, Gorka Agirre eta Joseba Egibarrek osatuta; gerora, EAJ Lizarra-Garaziraino eramango zuten burukideak. Ezker abertzalearen aldetik, bereziki, Iñigo Iruin, Jon Idigoras eta Floren Aoiz aritu ziren; 1997an, mahai nazionala espetxeratu zutenean, haien lekukoa hartu zuten Arnaldo Otegik eta Joseba Permachek, besteak beste. Horri buruz galdetuta, Erkiziak ez du antzekotasunik ikusten egungo egoerarekin. «EAJren egungo zuzendaritzak ez du asmorik horrelako bide bat hasteko».
Asko aldatu dira ikuskerak ordutik EAJn ere. Ardanzak ez zuen sozialistekin batera gobernatu nahi, hala esan zion Arzalluzi, Garaikoetxearen dimisioaren ostean, EBBko buruak lehendakari izateko proposamena egin zionean. Baina, orain, ordukoaren eta egungoaren defendatzaile nagusietako bat da. Arzalluzek, aldiz, ordukoa bultzatu zuen, baina ez luke berriro egingo. «Salbuespeneko egoera zen hura. Orain, inola ere ez nuke babestuko», adierazi zuen 2005ean argitaratutako memorietan.
Orduan zer egin ez zekitenetako bat zen Iñaki Anasagasti, negoziazioetan Arzalluzekin ibilitakoa eta Espainiako Kongresuan urte haietan guztietan EAJren buru izandakoa: «Inork ez zuen Arzalluzen autoritatea zalantzan jartzen, eta ituna ondo hartu zuen militantziak. Alderdia hautsita zegoen, krisi larrian», azaldu dio kazeta honi. Anasagastik, hala ere, ez zuen hain argi sozialistekin akordioa egin behar zenik. «Negoziazioetan ikusten nuen ez zutela gauza garrantzitsuez hitz egin nahi: ez zituztela indarkeriaren ondorioak jorratu nahi, ez zutela ikusten Espainiako Estatua hainbat naziok osatzen dutela, eta Nafarroari buruz edozein aipamen eginda, sutsu jartzen ziren».
Orduko akordioak emandako fruituen inguruan ere ezkor azaldu da EAJko kidea, bereziki estatutuaren garapenari buruzkoetan. «Gauzak lortzen ziren PSOEk Madrilen zituen beharren arabera, eta gehiengo osoa galduz joan zen heinean, joan ginen gauzak lortuz. Orain, okertu egingo da egoera, abertzaleen beharrik ez dutelako izango, ez PSOEk ez PPk». Espainiako Administrazio Publikoetarako Ministerioaren arabera, akordioak iraun zuen hamalau urteetan 24 transferentzia eskuratu zituen Jaurlaritzak. 1978an onartu zen estatutua, eta,denera, 107 eskumen eskualdatu dira. Hamalau falta dira.
Egungo egoerara itzuliz, Anasagastik uste du sozialisten ikuskeran «ezer ez» dela aldatu. Hala ere, orain, eta «zalantzekin» bada ere, hark ere ez du «beste aukerarik» ikusten euskal instituzioetako gobernagarritasuna bermatzeko. «Besterik izateko ETAk desagertu beharko luke behin betiko». Bat dator, halere, Arzalluzen tesiarekin: «Egungo PSE-PSOErekin gutxieneko akordio bat egiteko, lehenik eta behin sozialistek argi definitu beharko lukete Euskadirentzat zein proiektu duten, baten bat baduten. Eta oinarrizkoena: herri hau existitzen dela aitortzen dute? Bere eskubideen jabe dela uste dute? Zein eskubideena? Uste dute herri honen etorkizuna gure herriak erabaki behar duela edo erabakiak kanpo instantzietatik zehaztuta etorri behar dutela?».
Erkiziak argi dauka jeltzaleek men egingo diotela Madrildik esandakoari. «Euskal bide bat ez indartzeko, itun basko-espainola egin nahi du EAJk PSOErekin. Orain, EAJk salbatuko du PSOE». Ordukoak hamalau urte iraun bazuen, egungoari bost-hamar urteko iraupena baino ez dio ematen dio Erkiziak. «Oso lotuta egongo da Espainiako Estatuaren krisiaren kudeaketarekin, eta horrek ez du soluziobiderik. Baina EAJk zentzu estrategikoa eman nahi dio akordioari». Ezker abertzalekoak uste du «akats historikoa» egin dezakeela «berriz ere» alderdi jeltzaleak. «Beste 30 urtez hipoteka gaitzake».
«Aro berri bat»
Alderdi sozialistaren partetik, hasierako negoziazioetan parte hartu zutenetako bat izan zen Ramon Jauregi, Espainiako Gobernuak EAEn zuen ordezkari gisa. «Argi zegoen gobernu zentrala erabat inplikatzen ari zela akordioan, eta itunak hainbat arazo planteatzen zizkiola», dio Jauregik bere memorietan. Argi dauka ordukoak merezi izan zuela euskal sozialistentzat, eta, boto galera nabarmena izan bazuten ere, hori ez zela izan Gasteizko gobernuan emandako urteengatik, Madrilen egindako «akatsengatik» baizik.
Bi alderdien arteko harremanek EAJri egin zioten mesede gehien, Zelaaren arabera. «Koalizio gobernuetan ohikoa izaten da agintea duen indarrak etekin handiagoa ateratzea. Alderdiaren ikuspuntutik guk ez genuen negozio ona egin; hala da. Baina herri eraikuntzaren ikuspuntutik, bai». «Herri honentzat ekarpen handienak egin ditugu gure jarrera moderatuena, transbertsalena eta irekiena agertu dugunean», azpimarratu du. Bat dator horrekin Jauregi: «Beti pentsatu du herri honen etorkizuna EAJk eta PSEk eraiki behar dutela». Iritzi bera dauka Zelaak, baina hark «itxaropena» dauka «beste batzuk» ere batuko direla orain hasitako bidera. Ezker abertzaleaz ari da. «Egin beharrekoak egin eta bizikidetza normalizatu ahala hori posible izango dela uste dut, eta haiek ere aitortu egingo dutela herri honen alde egin dugun ekarpena historian zehar». «Aro berri baten hasieran gaude», azpimarratu du PSE-EEkoak.
BESTERIK «EZIN» DENEAN
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietan eta udal ugaritan koalizio gobernuak osatu dituzte EAJk eta PSE-EEk, 80ko eta 90eko hamarkadetan bezala. Ordukoaz ez dute balorazio bera egiten, baina bi alderdiek diote hori dela gaur egun gobernagarritasuna ziurta dezakeen akordioa bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu