Besterik ezean, dagoena

Autodeterminazioaren alde daude herritarrak, baina independentismoak egun ez ditu konbentzitzen, EHUren ikerketa baten arabera

Independentistak sarekoak, abenduaren 6an Durangon eginiko mobilizazioan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
2017ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
EHUren Euskobarometroko kideek diote Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren gehiengoa «gustura» dagoela Gernikako Estatutuarekin eta «babes» hori «historikoa» dela, 1979ko erreferendumean estatutuak lortutako emaitza bera dela (%53). Dena den, ikerketak agerian uzten du horrek ez duela esan nahi herritarrek egungo estatus politikoa aldatu nahi ez dutela. Are, independentziari buruzko erreferendum bat alde daude (%58). Baina egileek azpimarratu dute independentismoak ez dituela oraindik herritarrak konbentzitzen, ez diela «ziurtasunik» eskaintzen; dena den, %30ek egingo lukete independentziaren alde «bihar bertan». Francisco Jose Llera katedradunak aurkeztu ditu ondorioak. Berak nabarmendu du estatutuaren aldeko babesa handitu dela eta independentziarena gutxitu; datuetan, haatik, xehetasun gehiago topa daitezke.

Euskobarometroaren arabera, herritarren% 77 gustura daude Gernikako Estatutuarekin, baina hala pentsatzen dutenen artean%83k nahi dute beste estatus bat. Gainera, horri buruz galdetuak izan nahi dute; datuetatik ondorioztatzen denez, gehiengo oso handi batek, gainera; baina ez dute hori zehaztu ikerketan. Erabakitzeko eskubidea «independentziari buruzko erreferendum batera» mugatu dute; legez kanpokoa, egun. Dena den, horren alde leudeke %58 —EAJren boto emaileen %62, EH Bilduren %92 eta Ahal Dugu-ren %56—. Autodeterminazio eskubidearen aurka, berriz, hiru herritarretik bat.

Hori hala izanik ere, ikerlariek ondorioztatu dute erreferendum hori «bihar bertan» egingo balitz independentzia nahia «minoritarioa» izango litzatekeela. Eta arrazoi bat eman dute: «Ziurgabetasuna». Autodeterminazio erreferendum bat berehala eginez gero, ezezkoak irabaziko luke; egun «mobilizatuago» daudelako kontrakoak, ikerlarien arabera.

Hala, % 47k bozkatuko lukete aurka, eta, azpimarratu dutenez, jarrera horrek 8 puntu egin du gora azken urtean, eta 13 puntu hiru urtean; baiezkoak (%30) 5 puntu atzera hiru urteetan. %23k, berriz, ez dute zehaztua beren jarrera. Alderdien boto emaileei dagokienez, «bihar bertan» bozkatuko lukete independentziaren alde EH Bilduri babesa emanikoen %83k, eta EAJ babesturiko %24k.

Ikertzaileek Kataluniako auziari heldu diote egungo egoeraz aritzean: hala, azpimarratu dute han subiranistek hartutako bidearen aurka dagoela gehiengoa hemen, baina %40k babesten dutela bide hori Euskal Herrirako, azken hilabeteetako gertakariak ikusita ere.

Independentzia bai/ez aukeraz gain, balizko alternatibei buruz ere galdetu dute, eta lau aukera eman: egungoa, federalismoa, independentzia eta zentralismoa. Herritarrak banatuta agertzen dira aurreneko hiruren artean: autonomia (%36), federalismoa (%32) eta independentzia (%24).

Autonomia, bai eta ez

Banaketa hori azpimarratu arren, Euskobarometroko kideek diote autonomiaren aldekoak direla nagusi, eta zifra hori inoizko handiena dela. Baina horri buruz eginiko bi galderetan emaitzak ez datoz bat.

Gernikako Estatutuaren alde dago gehiengoa, soilik aukera hori jarriko balitz mahai gainean. Estatutua egun berriz bozkatuko balitz galderari, %53k egingo lukete alde. Gehiengoa litzateke alderdi denetako boto emaileen artean; eta ikertzaileek azpimarratu dutenez, baita EH Bildukoen artean ere, «lehen aldiz»: alde %39 eta aurka %28. Galdera horretan, koalizio subiranistaren datuak xehatu dituzte soilik.

Beste galdera batean, aukera gehiago eman dituzte, eta egungo estatutua nahiko lukete soilik %36k. Kasu honetan, ez dute EH Bildukoen iritzia zehaztu —ez litzateke iritsiko %15era—, baina bai besteenak: azpitik egongo lirateke EAJren boto emaileen babesa (%35) eta Ahal Dugu-koena (%30).

Independentziari buruzko galderak ere badaude zehaztea. Bihar bertan eta bai/ez galdetuta, %30 alde; baina beste aukeren parean, %24koa litzateke hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.