«Beste Bilbo bat posible da. Borrokatu dezagun batera orain arte banandurik defendatu duguna». Lelo nagusi hori zeraman pankartaren atzean ehunka pertsona batu zituen atzo Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak. Ehun elkartek baino gehiagok egin zuten bat Bilboko deialdiarekin, eta auzoz auzoko eta alorrez alorreko aldarrikapen uztarketa bat izan zen horregatik mobilizazioa. Bere kartel, pankarta eta banderak eraman zituen talde bakoitzak bere eskari propioekin. Hiri «justuagoa» eta «kohesionatuagoa» eskatzen zuen aldarrikapen orokorraren aterkipean, baziren, besteak beste, prekaritatearen aurkako mezuak, pentsio duinen aldekoak, abiadura handiko trenaren kontrakoak, auzoan igogailu bat jartzeko eskaria egiten zutenak, garraio sisteman hobekuntzak eskatzen zituztenak, irisgarritasuna aldarrikatzen zutenak eta auzoko autobidearen aurkakoak. Batera egin zuten guztiek Moiua plazatik udaletxerainoko bidea, eta batasunerako deia egin zuten han auzo elkarteen federazioko ordezkariek amaiera ekitaldian. «Erakusleiho hiriaren eredua geldiarazi behar da».
Hirian «giza inklusioa» eta «hiritarren parte hartzea» defendatu zituen auzo elkarteen federazioak amaierako ekitaldian, eta salatu zuen «pobrezia», «eskasia» eta «bazterkeria» handituz doazela hirian. Fernando Atxa eta Alaitz Argandoñak irakurri zuten manifestua, eta eremu publikoaren defentsa egin nahi izan zuten beren aldarrikapenekin. «Ezetz esaten diegu negoziorako edo espekulaziorako sortutako guneei».
Auzoetako komertzio txikien defentsa egin zuten, kritikatu zuten prekaritatea, eta bizi kalitate bera aldarrikatu zuten auzo guztietarako. «Ezarri nahi diguten eredu ekonomikoa ez da jasangarria, turismoaren zerbitzura jartzen delako bereziki».
«Guk sinisten dizugu»
Erakundeen eta gizarte mugimenduen arteko harremanak «gaiztotuta» daudela ere salatu zuten manifestuan. «Horrela ezinezkoa da hiri kohesionatua eraikitzea», salatu zuten Atxak eta Argandoñak, eta adostasuna eskatu zuten horregatik.
Mugimendu feministak Iruñean atzo deitutako manifestazioarekin ere egin zuten bat Bilbon. Probintzia auzitegian 2016ko sanferminetako bortxaketari buruzko epaiaren aurkako oihuak izan ziren, eta amaiera ekitaldian ere aipamena egin zioten kasuari. «Eraiki nahi dugun Bilbon, guk sinesten dizugu».
Bestelako Bilbo bat eskatu dute
Ehunka pertsona batu ditu Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak, hiri «justuagoa» aldarrikatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu