Bestelako ahotsentzat saria

Argia saria jaso du Maite Asensio Lozano BERRIAko kazetariak, andreen eta gizonen berdintasuna ardatz egindako lanarengatik'Tribuaren berbak' eta 'Kale gorrian' saioak, 'Topatu' weba eta Errigora ere saritu dituzte

Argia sariak eskuratu dituzten guztiak, atzo, familiako argazkian, garaikurrak eskuetan dituztela. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Usurbil
2014ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Euskararen alde egindako lanak, eta euskaratik egindakoak. Euskara gizarteratzeko ahaleginak, eta euskararen bidez bestelako gaiak gizarteratzeko ahaleginak. Euskararen aldeko proiektuei saria eman die aurten ere Argia astekariak —Nafarroako hegoaldeko ikastolei laguntzeko Errigora proiektuari eta Tribuaren berbak saioari—, eta euskara lanabes dutela bestelako gaiak gizarteratu dituztenei —Maite Asensio Lozano BERRIAko kazetariari, Topatu webguneari eta Infozazpi irratiko Kale gorrian saioari—. Komunikazioaren alorrerako garai errazak ez diren arren, egindako lana nabarmendu diete bost sarituei.

Zuri-beltzeko argazkiak eta Interneteko zuzeneko emanaldiak. Mende laurden dute aurten Argia sariek, eta ibilbideari begiratu bat eman zioten sariak banatu aurretik atzo. Donostiako elkarte gastronomiko batean hasi ziren sariak banatzen, 1989an. Urtez urteko ibilbidea argazkitan bildua dute, eta bideoan atonduta erakutsi zituzten. Jendearen murmura nabaria zen, aspaldian ikusi gabeko ezagunak argazkietan ikusita.

Euskalgintzako eragileen eta erakundeetako ordezkarien topagune izan baitzen atzo ere Usurbilgo Atxega jatetxea (Gipuzkoa). Han ziren, esate baterako, Jaurlaritzako Kultura sailburu Cristina Uriarte, Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano eta Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre.

Kazetaritza independentea

Ez dira aldi errazak, baina kalitatezko kazetaritza defendatu zuen Argia-ko zuzendari Estitxu Eizagirrek: «Garai interesgarriak dira kazetarientzat». Beste ahots, aukera eta eredu batzuk erakutsi behar direla esan zuen. «Egin dezagun kazetaritza independentea».

Ahotsak, emakumeen ahotsak kontuan hartzeagatik saritu dute Maite Asensio Lozano BERRIAko kazetaria. «Konpromisoz» jarduten duela nabarmendu dute haren lanetik, eta berdintasunari garrantzi handia ematen diola. Hunkituta, genero indarkeria jasan, salatu, eta kontatzeko urratsa egin duten andreak hartu zituen gogoan. Lankideak ere bai. «Inportantea da saria. Niretzat soilik ez, baita genero ikuspegia duen kazetaritzarentzat eta mugimendu feministarentzat ere».

Ahotsak, bestelako gai eta ahotsak irratira ekartzeagatik saritu dute Infozazpi irratiko kazetari Eider Olazar Elduaien. Kale gorrian saioa aurkezten du, goiz-eguerdian. Entretenimendu soila ez, gizarteko eta kulturako gaiak era zorrotzean aztertzen dituela nabarmendu dute saria ematean. Infozazpiren apustuaren eredu jarri zuen saioa. «Gure begirada eta kazetaritza egiteko modua agerian uzten duen saioa da». Diru baliabideak eskas dira, ordea. «Gehiago izango bagenitu, egingo genituzke Kale gorrian gehiago».

Ahotsak, gazteen ahotsak, ditu ardatz Topatu.info webguneak. Informazioa «dinamismo handiz» lantzen duela nabarmendu diote proiektuari. Iraitz Salegi webguneko ordezkariak azaldu du «hutsune batetik» sortu zutela ataria. «Hainbat lagunen konpromisoarekin jarraitu dugu aurrera. Jarraitzen dugu haien esentziarekin». Proiektu komunikatiboetan «prekarietate latzean» aritzen diren gazteei eskaini zien garaikurra. «Irudimena dugu gure alde.»

Euskarari ahotsa

Ahotsak, euskararen ahotsak, era freskoan aurkeztea izan du erronka ETBko Tribuaren berbak saioak. Euskarari ikuspegi positibotik erreparatu izanagatik saritu dute, besteak beste. «Euskara gai interesantea da. Pasioz bizi dugu, interesa dago». Nola landu da gakoa, Kike Amonarriz aurkezlearen esanetan. Horretan egin dute ahalegina, era dibertigarrian aritzen. «Sekulako harrera izan du».

Ahotsak. Badira trabak euskarazko ahotsak entzuteko. Nafarroako eremu ez-euskalduneko euskalgintzari laguntzeko asmoz egin dute Errigora proiektua; nekazaritzako produktuz osatutako saskiak saldu dituzte. Publizitateko saria eman diete. «Inolako bermerik gabe atea ireki zigutenei eskerrak eman nahi dizkiegu bereziki», esan du Peru Aranburuk

Ekitaldiko laburpen bideoa, BERRIAren webgunean ikusgai:

www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.