Bart gauean sexu eraso bat salatu dute Baionako Itaiaren babesgunean. Horrez gain, Pirinio Atlantikoko prefeturak bideo bidez zabalduriko «exhibizio sexual» baten kasua azpimarratu du. Itaia, emakumeen antolakunde sozialistak jakinarazi du bideo bat zabaldu dela sare sozialetan. Gertakari horiek ikusirik, indarkeria matxistaren «banalizazioa» eta sareetan sexu erasoak «anplifikatu» izana salatu dute. 2032 kolektiboak, aldiz, bideoaren egilearen jarrera salatu du. Kolektiboaren erranetan, bideoan bertan adi daitezke ohar apalgarriak. Emaztearekiko «errespetu falta ikarragarria» deitoratu dute baita «gozamen objektu» bihurtzeko izaniko joera ere. Bideoan, hainbat trufa eta lekuz kanpoko ohar direla aditzera eman dute.
Gizon bat, larri zauritua
Pirinio Atlantikoko prefeturak jakinarazi du borroka baten ondotik 58 urteko gizon bat eraman dutela larri zauriturik Baionako ospitalera. Gertakaria Euskaldunen plazako autobus geltokian iragan zen, atzo gauean. France Bleu irratiaren arabera, gizona hil ala biziko egoeran dago eta, 39 urteko gizon bat atxilotu dute, biktimari kolpeak eman zizkiola leporaturik.
Baionako Herriko Etxeak igorririko oharraren arabera, pronostiko larrian dago biktima, hilzorian dago Baionako ospitalean. Zehaztu duenetz, herriko etxeak fermuki kondenatzen du gertatuko «drama». Bertzalde, Poliziaren esku uzten ditu inkestaren nondik norakoak eta haren ondorioak. Baionako Herriko Etxeak «besta baketsuen» alde engaiatzen dela erran du baita «errespetuzko» ospakizunak izatea nahi du.
Baionako besten lehen egunean hiru sexu eraso izan zirela jakinarazi zuten atzo: Pirinio Atlantikoko prefeturak «ustezko» sexu eraso baten berri eman zuen; Itaiak, berriz, beste «bi eraso fisiko matxista» ere izan zirela. Baiona Ttipiko Pannecau karrikan dute babesgunea, eta 21:00etatik 04:00etara egin zuten txandan salatu zituzten biak.