Udalbiltzak jakinarazi duenez, sei udalerri batu dira Euskal Herriko udalak eta hautetsiak elkartzen dituen partzuergora: Atxondo, Lekeitio (Bizkaia), Azpeitia, Bergara (Gipuzkoa), Iturmendi eta Lesaka (Nafarroa). Horietan EH Bilduk du alkatetza, Iturmendin izan ezik.
Udalbiltzak ezohiko kontseilu nagusia egin zuen ostiralean, Iturmendin, eta sei udalerriak partzuergora batzearen alde egin zuen, aho batez. Horiek hala, hamahiru dira aurten Udalbiltzara batu direnak, urtarrilean beste zazpi udalerrik hartu baitzuten erabaki bera: Dima, Izurtza, Markina-Xemein, Plentzia (Bizkaia), Berrobi, Mendaro (Gipuzkoa) eta Larraun (Nafarroa) izan ziren.
Urte hasierako batzar hura, hain zuzen, Bergaran egin zen, eta irudia aldatzearen alde egin zuen Udalbiltzak, 25 urte betetzear den honetan. Irudia aldatzeko soilik ez, kontseilu nazional hura baliagarria izan zen partzuergoaren datozen urteetako erronkak zehazten hasteko ere. Zehazki, hiru lan arlotan aritzeko asmoa adierazi zuten: «herri jasangarria lortzea», «memoria duen herri euskalduna eta askotarikoa eraikitzea» eta «herri zaintzailea eta hezitzailea eraikitzea».
Horiek hala, aurreko asteko ezohiko batzarra baliatu zuten azken hilabeteetan egindako aurrerapenen berri emateko. Ohar bidez azaldu dutenez, lan ildo bakoitzari lotutako zenbait praktika jarri dituzte martxan. Hala nola asteburu honetan Energia komunitateak: harreman sareak ehuntzen topaketa egingo dute Legorretan (Gipuzkoa).
Ez da hori izango herritarren parte hartzea sustatzeko ekintza bakarra. Izan ere, Udalbiltzak bi ikastaro antolatu ditu ekainerako. Lehena ekainaren 20an eta 21ean izango da. UIK EHUren udako ikastaroen agendaren barruan, Trantsizio energetiko lokalaren erronkak eta aukerak ikastaroa egingo dute, «tokiko eremutik energia trantsizio bidezkoa eta demokratikoa garatzeko moduaren inguruan». UEUren ikastaroen egutegiaren parte da, berriz, Elkarrekin hobe? Euskal lurraldeen arteko artikulazioak hizpide ikastaroa. Ekainaren 26an egingo dute hori, Iruñean. Batean eta bestean parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
«Urrats zehatzak» egiteko
Udalbiltza 1999ko irailaren 18an sortu zuten, Bilboko Euskalduna jauregian egindako ekitaldian. Azken urteetan, baina, ekiteko modua aldatu dute: 2017an ekin zioten erakundea «errealitate politiko berrira egokitzeko» prozesuari: Udalbiltzan bagabiltza. Aurten, gainera, 25. urteurrenarekin, aldaketa horri itxura berria ere eman nahi izan diote. Hain zuzen, iazko udal eta foru hauteskundeen ostean, erakundearen egitura berritu zuten: besteak beste, Haritz Alberdi Arrillaga Getariako alkateak hartu zuen lehendakaritza.
Hala, Udalbiltzak helburutzat jarri du martxan dauden burujabetza proiektuetan parte hartzea, eta tokiko garapenean eta herrien saretzean esku hartzea. Zehazki, adierazi dute haien xedeetako bat dela tokian-tokian martxan diren proiektuak biltzea, horiei bide emateko eta Euskal Herriratzeko. BERRIArekin egindako solasaldi batean, Alberdik eta Klara Rouget zuzendariak azaldu zuten «udaletako proiektu eraldatzaile horiek» baliatu nahi dituztela «nazio eraikuntzan urrats zehatzak» egiteko.