EUSKAL PRESOAK

Beste sei preso lekualdatzea onartu dute Espainiako Espetxe Erakundeek

Xabier Atristain Euskal Herriratu egingo dute; Jon Zubiaurre, Liher Aretxabaleta eta Roberto Lebrero Burgosera gerturatuko dituzte, eta Arkaitz Agote, berriz, El Duesora, eta  Xabier Zabalo Valladolidera lekualdatuko dute.

Sindikatuetako ordezkariak, irailaren 18an, Bilboko Plaza Eliptikoan beste espetxe politika baten alde eginiko elkarretaratzean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jon olano
2020ko urriaren 2a
16:12
Entzun

Euskal presoen mugimendu gehiago izan dira azken orduetan; kolpe batean preso bat Euskal Herriratzea, lau gerturatzea eta bat lekualdatzea onartu dute Espainiako Espetxe Erakundeek. Seiak dira Euskal Preso Politikoen Kolektibokoak.

Xabier Atristain da Euskal Herriratutakoa; Soriako kartzelatik Martutenera ekarriko dute, Donostiara. 2013ko maiatzean espetxeratu zuten, hamazazpi urteko zigorra betetzeko, eta 2024ko urtarrilean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Efe berri agentziaren arabera, uko egin dio indarkeria erabiltzeari, eta eragindako kaltea aitortu du.

Bestalde, hiru preso Burgosera gerturatuko dituzte. Bat, Jon Zubiaurre: Puerto I presondegian zegoen, Euskal Herritik mila kilometrora. 2001ko martxoaren 13tik dago kartzelan, eta 97 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, 2001eko martxoan Iñaki Totorika ertzaina hiltzea egotzita. Zigorraren hiru laurdenak 2023ko irailean beteko ditu. Hark ere espetxe legeria onartu du, eta idatziz aitortu eragindako kaltea.

Burgosera eramango dute Liher Aretxabaleta ere, Ocañatik (520 kilometro). 2017an 535 urteko zigorra ezarri zioten, 2005eko maiatzean Madrilen furgoneta bat leherraraztea leporatuta. 2046ko uztailean beteko lituzke zigorraren hiru laurdenak, eta Aretxabaletak ere onartu du espetxe legeria.

Gainera, Sevillatik (990 kilometro) Burgosera gerturatuko dute Roberto Lebrero ere. 2001eko urritik dago preso, eta 25 urtera zigortu zuten. Uztailean bete zituen zigorraren hiru laurdenak, eta espetxe legeria onartu du.

Arkaitz Agote El Duesoko kartzelara gerturatuko dute; Alboloten egon da orain arte, Granadan (855 kilometro). 2007ko apirilean sartu zuten preso, 25 urteko zigorra betetzeko, eta 2025eko abenduan beteko ditu zigorraren hiru laurdenak.

Azkenik, Xabier Zabalo ere lekualdatu dute, baina ez dute Euskal Herritik 250 kilometro edo gutxiagora dauden espetxeetako batera eraman; Puerto I-etik (1.020 kilometro) Valladolidera (335 kilometro) eraman dute. 2006ko urtarrilean kartzelaratu zuten 72 urteko zigorra betetzeko, eta 2028ko uztailean bete beharko lituzke zigorraren hiru laurdenak.

Duela bi aste ere izan ziren mugimenduak; bost preso lekualdatzeari oniritzia eman zioten Espainiako Espetxe Erakundeek. Espainiako Gobernuan PSOE dagoenetik, 2018ko ekainetik, 50 euskal preso gerturatu eta hamalau Euskal Herriratu dituzte; 25 dira ekainaren 20tik hurbildutako presoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.