Beste sei eskumen hitzartu dituzte Espainiako Gobernuak eta EAJk

2011ko lehen seihilerako adostutako eskumen multzoa oso-osorik eskualdatu du Espainiako Gobernuak

Erredakzioa
2011ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegora beste sei eskumen eskualdatzea hitzartu zuten atzo Espainiako Gobernuak eta EAJk, Madrilen. Horrenbestez, bi aldeek joan den urtean lortutako akordioa bete egin dute. Horren arabera,2010ean hiru transferentzia gauzatu ziren, eta beste hamazazpi eskualdatuko dira 2011n. Lehen seihilekoari dagozkion hamaika hitzartu dituzte jada: atzo, enplegu erregulazioa, itsasoko eta ibaiko garraioa, errepideko garraioa, estatuko artxiboak, jabetza intelektualari dagokion legedia eta arrantza hezkuntzako zenbait zerbitzu zabaltzeari dagokion eskumena lotu zituzten. Joan den maiatzean, berriz, beste bost adostu zituzten: lan ikuskaritza,espetxe erakundeetako irakasleak eta osasun arloko langileak, erlijio irakasleak eta EAEn dauden atzerriko ikastetxeetako ikasketen baliozkotzeari dagozkionak.

Atzo hitzartutako eskumenek 2,3 milioi euro balio dute, eta horiek eskualdatzearen ondorioz, hogei funtzionario berrik lan egingo dute Jaurlaritzarentzat. Maiatzean lortutako eskumenek, berriz, 31 milioi euroko balioa dute eta horien bidez 376 langile arituko dira. Eskumen berriak uztailaren 1etik aurrera kudeatuko ditu Jaurlaritzak.

Negoziazioetan ibili diren jeltzaleak —Iñaki Goikoetxeta, Emilio Olabarria eta Aitor Esteban— «oso pozik» agertu dira akordioarekin, urte honen lehen seihilekorako adostutako transferentzia multzoa oso-osorik eskualdatu delako. Dagoeneko, beste bi eskumen negoziatzeari ekin diote aldeek, EAJk jakinarazi duenez: RENFE eta FEVE aldiriko trenen zerbitzuaren eta A-68 autobidearen kudeaketak, hain zuzen ere.

Aurrekontuei babesa

Bi aldeek iaz lortutako akordioaren arabera, eskumenak lortzearen truke PSOEren aurrekontuak babestuko ditu EAJk, eta beharrezko duen egonkortasuna emango dio, horrela, Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuburuari. Joan den astean, gainera, Josu Erkoreka EAJko diputatuak PSOEri ohartarazi zion ez zuela aurrekontuen inguruan negoziatuko eskumenen inguruko akordioa betetzen ez bazuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.