Beste «pauso» bat «etxerako bidean»

Euskal presoen eskubideen aldeko manifestaziora deitu du Sarek biharko, 17:00etan, Donostian. Espetxe politikaren aldaketa «sendotzeko» eskatuko dute

JON URBE / @FOKU.
Oihane Puertas ONA
2021eko urriaren 22a
00:00
Entzun

Salbuespeneko espetxe politika «bertan behera» uzteko eskatzeko, manifestaziora deitu du Sare euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduak biharko, Donostian. Hain zuzen ere, gaur egun dagoen espetxe politikatik «lege arruntera pasatzeko» eskatzen du mugimenduak: «Presoek Euskal Herriko kartzeletan egon behar dute, zigorraren hiru laurdenak beteak dituztenek etxean egon behar dute, eta hirugarren gradura edo baldintzapeko askatasunera pasatzeko ez lukete inongo oztoporik izan behar».

ETAk jardun armatua eten zuenetik hamar urte pasatu dira, eta, Inaxio Oiartzabal Sareko bozeramaileak azaldu duenez, ordutik pauso «garrantzitsu asko» eman dira «elkarbizitzarako norabidean». Hala ere, oraindik badaude «askatu gabeko korapilo batzuk»; presoek jasaten duten salbuespeneko espetxe politika, adibidez. Sarek uste du «beharrezkoa» dela presoen gaiari «aterabide integral» bat ematea, eta, hori lortzeko, «garrantzitsua» da gizarteak eta jendeak «parte hartze aktiboa» izatea.

Euskal presoen eskubide urraketak amaitzeko eskatuko du Sarek bihar. Mobilizazioa 17:00etan abiatuko da Donostiako Antiguako tuneletik, eta Bulebarrean amaituko da, besteak beste, Gatibu taldearen emanaldiarekin. Azken egunotan, herritarrei ez ezik, eragileei ere manifestazioarekin bat egiteko deia egin die Sarek, eta, Oiartzabalen arabera, «arlo politiko, sindikal zein sozialean ordezkaritza zabal» batek hartuko du parte: EAJk EH Bilduk, Ahal Duguk eta ELA, LAB, UGT, STEILAS, ESK, EHNE, ETXALDE, HIRU, CNT eta CGT sindikatuek babestu dute martxa. Horien artean Kataluniako prozesu subiranistagatik preso egondakoen ordezkaritza bat egongo da: Dolors Bassa, Carmen Forcadell, Oriol Junqueras, Raul Romeva eta Josep Rull.

Oiartzabalek nabarmendu du «bide horretan» ez daudela «bakarrik euskaldunak»; jende «gehiago» ere badagoela. Horregatik, bidean aurrera egiteko, «ezinbestekoa» da «denon elkarlana»: «Kalean elkarrekin egotea eta hori larunbatean berriro irudikatzea pauso garrantzitsua da».

Ibilian-ibilian, etxerako bidean lelopean egingo dute mobilizazioa, eta izen bereko dinamikari amaiera emango dion ekitaldia izango da. Kanpaina horren barruan zenbait ekintza antolatu dituzte; besteak beste, Nafarroan eta Araban hiru eguneko ibilaldiak egin dituzte, eta, erreleboak eginez, 72 orduz atsedenik gabe aritu dira oinez. Nafarroan 352 kilometroko ibilaldia egin zuten, eta Araban, 185 kilometrokoa. Dinamika horien bitartez, «pausoz pauso» presoen etxeratze prozesua «martxan jartzen ari dela» ikusarazi nahi izan zuen Sarek, eta, horrekin batera, gizarteari «bidearen parte» izateko eta «pauso horiek eman daitezen» eskatzeko deia egin zion.

Oiartzabalen arabera, euskal presoen egoera «hobetzen» doa, besteak beste, «atzean utzi» direlako «lehen graduak, urrutien dauden kartzelak eta bakartzeak», baina, adierazi duenez, oraindik «bidea dago egiteko». Horregatik, manifestazioan parte hartzeko deia egin dio «mundu guztiari»; gizarteak ikus dezan «beste espetxe politika bat» egiteko aukera «posible» dela, eta gizarteak bide horretan «beste pauso bat» eman dezan.

Euskal presoak gaur egun

2018tik, Espainiako Espetxe Erakundeek 255 lekualdatze iragarri dituzte, 159 preso gerturatu dituzte 300 kilometro edo gutxiagora, eta 95 Euskal Herriratu dituzte.

Gaur egun 203 euskal preso daude; horietatik 106 Espainiako kartzeletan, 73 Euskal Herrikoetan eta 22 Frantziakoetan. Sareren arabera, ETAren jardueraren amaierak «salbuespen legediaren amaiera» ekarri behar zuen, baina hamar urte hauetan «urruntzeari eutsi zaio»: Euskal Herritik kanpoko espetxeetan dauden presoak «etxetik batez beste 250 eta 600 km arteko distantziara» daude.

Urruntzeak, presoei ez ezik, haien senideei ere eragiten die, eta, hori dela eta, Sarek galdetu du: «Zergatik egin behar dituzte preso horien senideek halako bidaia luzeak presoak Euskal Herrira ekartzeko aukera baldin badago?».

Neurri horrez gain, salbuespeneko espetxe politika beste arlo batzuetan ere aplikatzen da, eta horietan ere presoei eta haien senideei modu «negatiboan» eragiten die: presoen %90ek espetxeko baimenak hartzeko eskubidea dute, baina «ez zaie baimenik ematen»; hamar preso daude hirugarren graduan, eta 70 preso inguru egon beharko lirateke egoera horretan euskal presoen %6k «bakarrik» egin dute bide hori; eta Auzitegi Nazionalak ezartzen duen «blokeoa» jasaten ari dira, ematen den«edozein aurrerapauso blokeatuz». Horregatik, legeak ezartzen duen gradu progresioen ibilbidea presoei «parez parez irekitzea» eskatzen du Sarek.

Plataformaren arabera, egoera «ezin da gehiago luzatu»: «Bizikidetza lortzeko ezinbestekoa da konfrontazioz eta sufrimenduz lotutako kapitulu hau ixtea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.