Kultura

Beste munduko bidaiak erakutsiko ditu GetxoPhotok

Eguenean hasiko da argazkilaritza jaialdi hori, bederatzigarrena aurten.

Philong Sovanen argazkiak. LUIS TEJIDO / EFE
2015eko irailaren 1a
08:58
Entzun

Ostegunean jarriko dute martxan IX. GetxoPhoto jaialdia. Urriaren 4ra bitartean, nazioarteko hogei argazkilariren lanak erakutsiko dituzte Getxoko zenbait txokotan (Bizkaia). Bidaiak dituzte oinarri aurtengo argazki guztiek. “Ez dira hedabideetan agertzen diren bidaia argazkien modukoak”, nabarmendu du Jokin Aspuru jaialdiko zuzendariak; azaldu duenez, Christian Caujolle komisarioak aukeratutako irudiak “ez dira masa turismoko argazkiak”. Hain zuzen ere, izaera politikoa, etikoa eta estetikoa dute irudiek. Jaialdiaren aurreko bi ekitaldiak komisariatu zituen Caujollek, eta hirugarren honekin itxiko du Beste munduak seriea.

Urtero legez, Getxoko kaleetan, tabernetan, komertzioetan, metroan eta erakusketa azoketan kokatu dituzte erakusketak; esaterako, Ereaga hondartzaren ondoan ikusgai jarriak dituzte Alejandro Cartagena argazkilariaren zenbait lan. Eraikuntza sektoreko langile mexikarrak beharrera bidean irudikatu zituen Cartagenak. Ereagan berton kokatu dituzte Elena Chernyshovaren irudiak; Siberiako Norilsk hirian hartutako argazki horiek gizakiak muturreko baldintzetara egokitzeko duten trebezia islatzen dute.

Caujolle pozik agertu da hiru urtetan jaialdian egindako lanarekin, eta penatuta agertu da GetxoPhoton azken urtea izan duelako. Azaldu duenez, hiru urtetan begirada berriak ekartzen saiatu da, eta, hala, argazkilari ezezagun ugariren lana ekarri du Getxora.

Aspuruk jakinarazi duenez, jaialdiaren hamargarren urteurrena ospatzeko, datorren urtean ekitaldi berezia antolatuko dute, baina oraindik ez dute komisarioaren izena jakinarazi.

Berritasunak

Hainbat berritasun ekarriko ditu jaialdiak aurten: haurrentzako eta familientzako jarduerak antolatuko dituzte asteburu batean, eta bisita gidatuak egingo dituzte gauez. Horrez gain, hil osoan hainbat tailer, hitzaldi eta bestelako jarduera egingo dituzte. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.