PSOEko idazkari nagusiaren hautaketa. Aldez aurrekoa

Beste lemazain bat behar dute

PSOE zuzendu ez ezik ezkerrerago ere eramango duen idazkari nagusia aukeratu nahi dute gaur sozialistek.1998an bezala, militanteei eman zaie hitza.383.000 ziren orduan, eta 198.000 dira egun

enekoitz telleria sarriegi
2014ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Eta bat datoz guztiak horretan: lemazainak ezkerrera eraman behar duela alderdia. «Ezkerrerago», zehazten dute askok. Ezbaian jarrita eskuinera ez ote duen gehiegi egin. Nora ezean bezala ez ote duten ikusten ontzia. Haizearen arabera gehienetan, eta eskuineko ufaden menpe gehiegitan. Horregatik eman dute ontzat militante sozialista ia denek euren esku utzi izana lemazain berria aukeratzea. Gaur dute horretarako aukera. Bozketa eguna da gaur.

Hori da berritasunik handienetakoa, izan ere: militanteek aukeratuko dutela hurrengo idazkari nagusia, primario irekien bidez. Espainiako alderdi sozialistaren ibilbidean beste behin baino ez da gertatu hori. 1998ko apirilaren 24an izan zen hori. Gobernurako hautagaiak ziren orduan: Jose Borrell eta Joaquin Almunia. Borrellek irabazi zuen. 114.244 boto lortu zituen batak (%54,99) eta 92.860 besteak (%44,67). Baina garaileak ateratako aldea (21.394 boto) edo bestelako batez bestekoak baino esanguratsuagoa da urte hartan —duela hamasei— alderdi sozialistak zuen militante kopuruari erreparatzea: 383.000 militante zirelako orduan, eta horietatik 207.774k hartu zutelako parte idazkari nagusia aukeratzeko hauteskunde egunean orduan (%54,18).

Gaurkoak ez du ordukoaren itxurarik. Ez kopuruei dagokienez, eta ezta egoerari dagokionez ere. 197.468 militante sozialista daude gaurko deituta —10:00etatik 20:00etara bitartean, 4.500 elkarte sozialisten egoitzetan—. Horrek esan nahi du PSOEk hamasei urtean militanteen erdiak galdu dituela, eta 1998an bozkatzera joan zirenak bakarrik egun erroldatuta daudenak baino gehiago direla: 10.000 gehiago. Alderdi sozialistaren egungo zuzendaritza saiatu izan da alde nabarmen orri buruzko azalpenak ematen: diote 2000. urtean egindako garbiketagatik dela; urte hartan ezabatu egin zituztela «puztutako» eta «okerrez betetako» errolda hartatik kuotarik ordaintzen ez zutenak. Baina kontua da primarioak antolatu zituztela alderdia «krisi larrian» ikusten zutelako. Eta 141 diputatu zituzten orduan, eta 9.425.678 boto. Gaur egun, 110 diputatu dituzte, orduan baino ia bi milioi eta erdi boto gutxiago, eta maiatzaren 25eko Europako Parlamenturako hauteskundeetan sekula izan duten emaitzarik kaskarrena bildu dute. Eta emaitza kaskarra da bat, baina haien botoak nora joan diren jakitea beste bat. Ikustea ezkerraren erabateko zatiketa, eta zatiketa horretan galtzaile irteteko benetako arriskua.

Borrellek berak ekarri du gogora aste honetan 1998koa, eta eman ditu gako batzuk gaurkoari begira. Hark dio ordukoa «erabat inprobisatutako» prozedura bat izan zela. Lehen aldia zela eta ez zekitela zertan ari ziren ere. Gainera, Almunia idazkari nagusia zela orduan eta «aparatuaren» babes osoa zuela, zuzendaritzaren hautagaia zela, eta zuzendaritzak ez zuela «partzialtasunez» jokatu. Horregatik dio berea «aparatuaren kontrako garaipena» izan zela. Orain ez, orain prozedurak, bermeak eta gainontzekoak argiago daudela dio.

Belaunaldi aldaketa

Baina hautagaiei buruz aritu denean eman du Borrellek giltza, ziurrenik: oraingoan jokoan dagoena belaunaldi aldaketa bat dela. Alfredo Perez Rubalcabaren ordezkoa ez ezik, alderdia bera eta politika bera ulertzeko eta bideratzeko modua dagoela jokoan. Eta, horretan, hark ez du alde nabarmenik ikusten —eta beste askok ere ez—. Ez, behintzat, Pedro Sanchezen eta Eduardo Madinaren artean —horiek baitira, haren eta beste gehienen iritziz, aukeratuak izateko bi hautagai nagusiak—. Ez batak eta ez besteak ez du kudeaketan egindako ibilbiderik. Eta, horren ondorioz —edo horri esker—, apenas duten soslai politikorik ere. Borrellek ongi dio: «Ez ditut ez Madina eta ez Sanchez ikusten berezko nortasun politiko baten jabe. Ez dute kargurik izan gobernuan; ez dira aritu gestioan; eta horregatik ezin da identifikatu haien nortasun politikoa. Gu ministroak izandakoak ginen; bagenuen ibilbide bat. Hauek ez». Alde horretatik, Perez Tapiasek ere ez du kargurik izan Espainiako Gobernuan, baina ibilbide luzeagoa eta kontrastatuagoa du alderdi sozialistaren barnean.

Dena dela, hiru hautagaien jarreran, pentsamenduan eta joeran alde eskasa dagoela ageriko da bestela ere. Bakoitzak aurkeztutako programari erreparatuta bai, eta joan den astelehenean izan zuten aurrez aurrekoari erreparatuta ere bai. Ezberdintasun bakarra dute nabarmena: Kataluniako aferari buruz duten iritzia. Pedro Sanchez eta Eduardo Madina bat datoz: Espainiako Konstituzioa aldatu behar da eredu autonomikoa aldatzeko eta Kataluniari tokia modu egokiagoan egin ahal izateko, Espainiaren barruan. Jose Antonio Perez Tapias beste era batera mintzatu da: «Izan gaitezen ausartak», esan du; alegia, erreferenduma egitearen aldekoa dela bera, kataluniarren iritzia jakitearen aldekoa, nahiz eta gero galdeketa horren emaitza ez litzatekeen izango bete beharrekoa, haren esanetan.

Hortik aurrerakoetan, xehetasun txikiek ezberdintzen dituzte. Errepublikano gisa aurkezten dute euren burua hirurek. Baina Madinak eta Sanchezek errespetatzen dute monarkia onartzeko konstituzioan lortu zen akordioa, eta Perez Tapiasek dio heldu dela garaia monarkia ala errepublika aukeratzeko; orain dela horri buruz eztabaidatzeko garaia.

Alderdia ezkerrera(go) eramatea bada idazkari nagusiaren egiteko nagusia, militanteen artean eztabaida da nor den ezkertiarragoa. Eta eztabaida horretan irabazlea Perez Tapias da. Ez zen alferrik Izquierda Sozialista korrontearen sortzaileetako bat izan. Sanchez eta Madinaren artean gauzak ez daude horren argi. Kargudun publikoak forudun izatearen inguruan, esaterako, ez dira ados jartzen. Sanchez kargudun publiko guztiei forua kentzearen aldekoa da. Madinak «seriotasuna» eskatu dio horretan, eta, «gai pertsonaletarako» foruaren beharrik ikusten ez badu ere, «gai politikoetarako» kargudun horiek babesa behar dutelakoan dago. Sanchez eta Madina, idazkari nagusia aukeratzeko ez ezik, gobernurako hautagaia aukeratzeko ere militanteen artean primarioak egitearen aldekoak dira, azaroan. Perez Tapias ez. Madina prest dago gobernu akordioak egiteko lurralde eredu federalaren inguruan, edo hezkuntzaren inguruan. Sanchezek terrorismoari eta atzerri politikari buruz bakarrik egingo lituzke.

Hirurak ados honetan: lan erreforma eraitsi egin behar dela, Espainiak Vatikanoarekin dituen akordioak eten behar direla eta, batik bat, PSOE aldatu behar dela, Espainia aldatzeko eta «eskuinaren legeak» eraisteko.

10:00etatik 20:00etara dute gaur epea militante sozialistek hiru horien artean aukera egiteko. 22:00 inguruan jakinaraziko dituzte emaitzak, baina behin-behinekoak izango dira, 24 orduko epea duelako hautagai bakoitzak helegitea aurkezteko. Inkestetan berdinduta agertzen dira indarrak Madinaren eta Sanchezen artean, baina bizkaitarrak ateratzen dio alde txiki bat madrildarrari. Perez Tapias urrutirago bide dago.

Abalen erreferentziak balioko balu, Sanchez litzateke garaile, 41.338 aurkeztu zituelako. Madinak 25.238 aurkeztu zituen, eta Perez Tapiasek 9.912. Baina militante gehienek (120.980) ez zioten inori babesik eman. Horiek erabakiko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.