Beste lege bat euskararentzat

Euskara normalizatzeko lege proposamena aurkeztu du NaBaik, eta hizkuntza ofizial egiten du Nafarroa osoan

Nafarroan euskaraz bizitzearen alde lemapean maiatzean egindako manifestazioa. LANDER FDZ. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Agurtzane Solaberrieta Mesa.
2010eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
NaBairen iritziz, Euskarari buruzko Legea bera da gaur egun haren artikuluetan ezarritako helburuak lortzeko «oztoporik handiena». 24 urte igaro diren arren, ez du bete bere helburua: gizartearen premiei erantzutea. Horregatik, NaBairen esanetan, beste lege bat behar da, eta horixe bera erregistratu du Nafarroako Parlamentuan: euskara normalizatzeko foru-lege proposamena.

Legea aldatzeko zioen azalpenean esaten da, 1986an Euskararen Legea onetsi zenetik, euskararen egoera «nabarmen» aldatu dela Nafarroan: batetik, «aski» handitu da euskaraz normaltasun osoz bizi eta lan egin nahi dutenen kopurua; eta, bestetik, gizarteak euskararen aldeko «etengabeko apustua» egin du, ikastolak sortuz, euskarazko hedabideak martxan jarriz, ETB hartzeko hedagailuak ezarriz, euskaltegiak zabalduz.... Nafarroako populazioa gero eta elebidunagoa dela irizten dio NaBaik, eta gizartearen sektore horrek administrazioei eskatzen diela gero eta zerbitzu gehiago emateko euskaraz. «Erakunde nafarrek behar bezalako erantzuna eman beharko diote eskaera horri».

Errealitate soziolinguistikoa aldatzeaz gainera, arau esparrua ere aldatu dela gogorarazi du NaBaik. Esaterako, 2001eko apirilaren 9an berretsi egin zen Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutuna, eta gutun horrek botere publikoei ezartzen die Nafarroan euskara erabiltzeko jarriko murrizketak deuseztatzeko betebeharra. Halaber, 2010eko otsailaren 23an lege bat onartu zen 1986ko legearen hainbat artikulu aldatzen dituena: «Lege horren onespenak agerian utzi du gainditu egin behar direla zonifikazioak herritarren eskubideetarako eta borondaterako dakartzan mugaketa eta arbitrariotasuna».

Ekintza positiboa

Euskarari buruzko lege berriak Nafarroako bi hizkuntzentzat berdintasuna ziurtatu behar duela uste du NaBaik, hau da, euskarari gaztelaniak duen estatus bera eman behar zaio: «Euskarari ofizialtasuna aitortu behar zaio Nafarroa osoan». Halaber, nafar guztien hizkuntza eskubideak ziurtatuko ditu, eta hori kontuan hartu behar dute administrazio guztiek. «Historikoki zokoratua eta legez menpekoa izan den» hizkuntzaren aldeko ekintza positiboa ere eskatzen da lege proposamenean, eta malgutasuna. Hau da, hizkuntza politika ezartzeko, «aplikazio mailakatuak» ahalbidetzea aurreikusten da, dena dela, herritarren hizkuntza eskubideak babesteko, lurralde osorako gutxienekoak zehazteko eskatzen da eta tokian tokiko egoera soziolinguistikoari egokitutako hizkuntza politikak egiteko.

Jakin eta erabiltzeko eskubidea

Lege proposamenak 34 artikulu ditu eta hainbat xedapen gehigarri. Legea oinarritzen duten printzipio orokorretatik abiatuta, atariko tituluko lehen artikuluan aitortzen du euskara eta gaztelania Nafarroako hizkuntza ofizialak direla eta, ondorioz, herritar guztiek dutela horiek jakin eta erabiltzeko eskubidea. Tituluan bertan galarazten da hizkuntza dela-eta inor diskriminatua izatea.

Lehendabiziko tituluak biltzen ditu herritarren eskubideak eta botere publikoek hizkuntzaren arloan dauzkaten betebeharrak. Hala, nafarrei honako hizkuntz eskubideak aitortzen dizkie: Administrazioarekin nahiz edozein erakunderekin harremanak euskaraz nahiz gaztelaniaz izateko eskubidea, ahoz nahiz idatziz; irakaskuntza bi hizkuntza ofizialetan jasotzeko eskubidea; eta aldizkarietako, irrati-telebistetako eta hedabideetako emanaldiak euskaraz jasotzeko eskubidea.

Bigarren tituluak botere publikoen jarduerak arautzen ditu. Hala, lehenengo kapituluan administrazio publikoan euskarak izanen duen erabilera aztertzen du, eta aitortzen du administrazioarekiko harremanetan euskara eta gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela herritarrek. Halaber, dokumentuak erregistro publikoetan nola inskribatuko diren arautzen du, eta ezartzen du elebitan argitaratuko direla administrazioaren xedapen edo ebazpenak. Bestalde, ahalmena ematen zaie herritarrei berek hautatutako hizkuntza ofiziala erabiltzeko Justizia Administrazioan. Halaber, gobernuari edo tokiko entitateei ahalmena ematen zaie Nafarroako izen ofizialak eta, oro har, toponimoak ezartzeko, eta, azkenik, administrazio publikoari atxikitako langileak progresiboki euskalduntzea aurreikusten da.

Bigarren kapituluan euskara irakaskuntzan nola erabiliko den arautzen da. Ikasle guztiei aitortzen zaie irakaskuntza euskaraz jasotzeko eskubidea eta arautzen da derrigorrean irakatsi beharko dela irakaskuntzarako hautatu ez den hizkuntza ofiziala.

Euskarak hedabideetan izanen duen erabilera arautzen da hirugarren kapituluan, eta aitortzen da guztiek dutela eskubidea informazioa euskaraz jasotzeko. Gobernuari esleitzen dio euskara Nafarroako hedabideetan sustatzea eta haiek bultzatzea.

Laugarren kapituluan jarduera sozioekonomikoa aipatzen da, eta bosgarren kapitulua euskararen erabilera sozialari buruzkoa da, eta gobernuaren esku uzten du, besteak beste, euskaraz ez dakiten helduentzako irakaskuntza eta euskaldunak diren herritarren alfabetatzea.

Lege berria onartuz gero, orain arteko legea indarrik gabe geratuko litzatekeela esaten da espresuki xedapen gehigarri batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.