Edurne Brouard. Korrikako arduradun nagusia

«Beste korrikalari bat izango naiz, eta euskaltegitik ariko naiz lana egiten»

Badoa, baina geratzeko. Korrikako arduradun izateari utzita, baina irakasle jarraituko du AEKn. «Odol berria» izango du Korrikak.

Garikoitz Goikoetxea.
Bilbo
2013ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Korrikaren lekukoa irudikatzen duen lepoko bat soinean duela dabil Edurne Brouard (Bilbo, 1959). Oparitu egin diote. Ez zuen espero halako aztoramena hedabideetan. Ez du arduradun jarraituko, baina ez da izango korrikalari soila. Antolakuntzan segituko du, AEK-ko irakasle gisa. Lekeitiora doa, (Bizkaia), eskolak ematera. «Korrika egiteko beste era bat da».

Zergatik, nolatan utzi duzu ardura?

Gauza guztiek dute beren unea. Nirea luzea izan da. Atzetik badago oso jende ona: oso berriak eta ez hain berriak. Onuragarria izango da denontzat; niretzat, duda barik, baina Korrikarentzat ere bai. Oinarriari eutsiko zaio, baina odol berria sartuko da, ideia berriak, jende berria. Baina esperientziaduna. Ez dago ekitaldia koloka jarriko duen aldaketarik.

Sendotuta utzi duzu Korrika.

Korrikak berak sendotasun itzela hartu du. Ez du pertsona batek egiten, ez talde batek, ez AEK-k. Korrika denok egiten dugu. Hori esanda, ez dago dudarik urteotan Korrikak eman dituela bueltarik ez duten pausoak. Horrek indartsuago egiten du. Behin pausoa eman duenak ez du atzera egingo. Jende gehiago erakartzea falta zaigu. Etorri direnak betiko dira.

Zein izan da pauso horien oinarria?

Zabaltasuna, sendotasuna eta gauzak argi edukitzea eta gezurrik ez esatea. Beti planteatu dugu euskara denontzat eta denona dela, eta hala izan behar duela. Beti pentsatu dugu hori, baina hasieran ez genuen hori ondo komunikatu, edo batzuek ez zuten onartu nahi izan. Urteen poderioz, buelta eman diogu horri, eta zabaltasun horrek baimendu du leku guztietatik etortzea jendea.

Helburuak argi izan ditu beti Korrikak, eta beti azaldu ditu. Jendea xede zehatz batzuen inguruan batu da. Gizarteari ez diogu sekula gezurrik esan: ekitaldi ludiko eta jai girokoa da, baina erreibindikatzailea; AEK-k behar du. Euskarak AEK behar du oraindik.

Zabaltasuna lortzen noiz hasi zen?

Ez dut uste aldaketa hori gertatzen denik soilik Korrikak planteatu duelako, edo EAJk, edo HBk edo PPk. Guztion garapenak eramaten gaitu elkar ulertzera eta gauzak hobeto ulertzera. Gizartearen eboluzio orokorra izan da.

Zerbaitetan egin da atzera, edo ez da aurrera egin uste bezainbeste?

Ez genuen uste hemezortzi egingo genituenik. Euskarak ez du esperotako martxan aurrera egin, eta behar dugulako egiten dugu Korrika gaur egun. Behar ez dugunean ere egin beharko dugu, baina urrun ikusten dut egun hori. Gaur egun, egin egiten dugu ez dagoelako beste erremediorik.

«Inoizko zabalena eta pluralena» izan da azken Korrika. Zuk esana da.

Jende ezaguna ikusten dugu. Oso deigarria izan zen Gasteizen parlamentuko talde guztiek egin zuten kilometro hori. Badu bere garrantzia, eta ez diot kendu nahi. Baina, horra heldu ahal izatea, badaude gure irakasle, laguntzaile eta batzordeetako kideak herrietan lan hori egiten, afiliatuak konbentzitzen. Astakeria litzateke pentsatzea parlamentuan baino ez dela egiten hori. Gezurra izateaz gain, ez luke Korrikaren espiritua jasoko. Milaka pertsonaren lanari esker lortzen dugu hori.

Nafarroan ez dago halako argazkirik.

Ez dut ezagutzen munduan bere hizkuntza propioaren aurka egiten duen gobernurik. Hori esanda, onarekin geratu behar dugu. Azken Korrikan mugimenduak izan dira. Lehen aldiz, UPNk Korrikaren ordezkaritza bat hartu du; nahi izan du gure ahotik entzun zer den, zer planteatzen genien. Aurrerapausoa da gure hitza ere kontuan hartzea. Espero dut gauza zehatzetan zertzea.

Korrikan ziren Iparraldeko alderdiak.

Ordezkaritza osoa egon zen Baionan, azken kilometro esanguratsuetan. Gauzak badoaz aurrera. Arazoa Frantziako legeria da: hizkuntza bakarra onartzen du. Ipar Euskal Herrian, alderdi guztiek onartzen dute berebiziko garrantzia eman behar zaiola daukagun ondasun horri. Halakoak esatea oso arriskugarria da, ematen duelako salbatutzat daukagula gaia. Ez da horrela. Baina badaukat inpresioa beti ari garela esaten zein txarto gauden, eta horri buelta eman behar zaio. Ez gara nahi bezain ondo bizi, baina gure lanari esker hainbeste aurreratu dugu.

Kalean irabazi du tokia Korrikak. Zer gertatu da hedabide erdaldunetan?

Gainditzeko ikasgai bat da. Komunikazioan azken urteetan lan ikaragarria egin da. Baina hau Alcorconen [Madril] egingo balitz, albistegietako azalean joango litzateke. Baina Euskal Herrian egiten da, eta Euskal Herrian egiten den gauza onik ez da Espainian kontatzen. Areago, Euskal Herrian erdaraz dauden komunikabideetan oso sarrera txikia du. Gehienetan euren herritik pasatzen denean labur txiki bat ematen dute, besterik ez. Ez du zerikusia soilik Korrikarekin edo AEKrekin, baizik eta euskararen eta Euskal Herriaren egoerarekin.

Korrika amaitzean adierazi zenuen: «Korrika amaitu da: eta orain zer?».

Ez dut nik esango zer. Gizarteari planteatu genion. Nahi dugula erakutsi dugu. Bidea eman behar da jendearen nahia egiteko. Euskalgintzan ari garen erakunde guztiok zeresan handia edukiko dugu, bidea ere markatu beharko dugu, eta debate horri bidea eman beharko diogu. Baina euskalgintzako taldeek soilik egiten badute, egoera berdintsuan egongo gara.

Hainbeste urte igarota, ikusten duzu Korrika ohitura bihurtzeko arriskua?

Duda barik. Hainbeste ikusten diot, zeren uzteko arrazoietako bat hori baita. Baina ez du zerikusirik Korrikarekin. Humanoak garen neurrian, zenbat eta ohitura gehiago, mekanizazio gehiago, orduan eta iniziatiba gutxiago, ideia berri gutxiago. Ez dut esaten horretan dagoenik Korrika, inola ere. Baina arriskua ikusten dut, eta inportantea da odol berria. Beste korrikalari bat izango naiz, baina ez soilik korrikalaria. Arituko naiz euskaltegitik beste irakasleek egiten duten lana egiten.

Korrika beste herrialde batzuetara zabaltzen ari da. Nola bizi duzu hori?

Harrotasun handiz. Ez genuen espero halako arrakasta. Beste plus bat eduki du: lortu dute euren Korrika egitea. Badirudi aurten Galesek egingo duela, eta antzeko zerbait egin nahi dute kitxuek eta aimarek. Bestalde, badaude diasporako Korrikak ere. Bost kontinenteetan egiten dira, 30 baino gehiago. Jendeak sortzen du, ohitura bat daukalako. Lan egiteko modu bat erakusten du horrek.

Elkarrizketa osorik bideoan ikusteko, jo BERRIAren webera: www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.