Hizkuntza lankidetza du oinarri nagusietako bat Garabidek, eta lagun ditu hizkuntza gutxituak dituzten zenbait komunitate. Iñaki Martinez de Luna (Gasteiz, 1950) elkarteko lehendakaria da duela ia urtebetetik. Ohartarazi duenez, behar ezberdinak dituzte komunitateek, baina adierazi du elkarlanean aritzea beharrezkoa dela horiei erantzun ahal izateko. Elkartearen orain arteko lana eta aurrera begira dituzten erronkak ere aipagai izan ditu.
Apirilean hartu zenuen Garabideko lehendakari kargua. Nola jaso zenuen erronka berria?
Batetik, ilusioz jaso nuen; eta, bestetik, beldur apur batekin. Nazioarteko inplikazioak ditu, eta dinamika indartsua da; eskatzen du konpromisoa ere. Proiektua ezagutu nuenean liluratu egin nintzen planteamenduarekin, ez nekien lankidetzaren munduan Euskal Herriak zer eskain zezakeen. Proiektua oso erakargarria dela iruditu zitzaidan, eta lehendakari izateko eskaera egin zidatenean ere harriduraz hartu nuen. Halere, erabakitzeko orduan, ez nuen zalantzarik izan.
2005ean jarri zen martxan Garabide. Noiz eduki zenuen proiektuaren berri?
Ez naiz gogoratzen, baina orain hiru urte inguru batu nintzen. Hasieran, aholkulari kontseilu batean hartu nuen parte; hor aritu izan naiz lehendakari izan arte. Lehen urteetan ikusi nituen dinamikak, planteamenduak eta zalantzak, baina beti distantzia batetik. Lehendakaritza hartzean, ez nuen eskarmentu handirik.
Zein da lehendakariaren lana?
Inplikazioa eta konpromisoa dira garrantzitsuak, proiektuak asko baitu militantziatik ere. Ez da lan egin behar ikuspegi estrategiko edo tekniko hutsetik; proiektu honek beste balio batzuk ere baditu, eta printzipio eta sentimendu batzuk ukitzen ditu. Elkartasuna, besteekiko konpromisoa eta elkarlana dira bestelako mundu bat eraikitzeko landu beharreko planteamenduetako batzuk.
Zeintzuk dira lehendakari gisa egindako ekarpenak?
Hasteko, ikasi egin dut. Ikasi, abian zeuden lan ildoak ulertu, barneratu eta horiekin aurrera egiten lagundu. Kargua hartu, eta esan nuen ni nintzela proiektua gutxien ezagutzen zuena, eta ez nekiela zein izan zitekeen egin nezakeen ekarpena. Bizian zehar metatutako eskarmentua abian dauden proiektuen zerbitzuan jartzen saiatu naiz, erronketan nire ekarpentxoa egiten.
Hizkuntza gutxituetako komunitateak bidelagun dituzue.
Ikusten genuen Euskal Herritik bestelako hizkuntza gutxituetan lagundu beharra zegoela, eta hala sortu zen Garabide ere. Elkarlana da beste komunitate batzuekin jarduteko tresnetako bat; zentzu batean, elkarrengandik ikasi eta orain arte jasotako eskarmentua haien zerbitzura jarri. Dinamika horietan egiten da topo bestelako premiak dituzten komunitateekin ere, eta asko ez dira hizkuntzara soilik mugatzen. Komunitate gisa bizirik iraun ahal izateko, gutxieneko garapen ekonomikoa eta soziala dituzte oinarrizko premia gisa; aurrera egiteko baldintzak.
Zeintzuk dira baldintza horiek?
Maslow piramideak pertsonok ditugun premien hierarkia bat marrazten du, eta oinarrian dago, esaterako, jatekoa, eta erpinean, garapen pertsonala eta etikoa. Hemen bizirik irautea ez da egunero dugun erronka bat gehienentzat; beraz, izan dugu aukera kultura eta hizkuntza biziberritzeko. Hainbat komunitateren kasuan, ordea, ez dute horretarako aukera posiblerik; beraz, haien behar nagusietan ez dute hizkuntzen biziberritzea jarri. Haiekin egin ditugun trukeetan aberatsa izan da egoera horietaz jabetzea.
Zer da funtsezkoena komunitate horien iraupenerako?
Komunitatearen iraupen osoa litzateke helburu nagusia kasu askotan. Beraz, pausoak elkarrekin loturik proposatzen dituzte. Areago, planteamendu hori zenbateraino dator bat mundu globalizatuan nagusitzen diren dinamika orokorrekin? Era oso batean garatzea posible izateko, komunitate horiek aurre egin behar diete nagusi diren dinamikei. Ederra da komunitate horiekin izandako kontrastetik jasotzen den irakaspena.
Joan den urrian Euskal Herrian egon ziren zenbait komunitateko kideak, esate baterako.
Urrian egon ziren, baina baita aurreko urteetan ere. Ilusioarekin etortzen dira, eta beharrekin. Saiatzen gara, ahal den heinean, behar horiek asebetetzen. Eskaini ohi dugu prestakuntza teorikoa, eta haientzat baliotsua da zuzenean jasotzea hemen garatu diren zenbait proiekturen berri. Ikastaroen eskola formaletatik harago, bisitak ere egin ditugu, jarduerak ezagut ditzaten. Euskal Herrian ibili dira, eta bertatik bertara ezagutu dituzte proiektuak.
Zuentzako ere aukera ona izango da hartu-eman hori izatea.
Bada arazo bat hizkuntza eta kultura gutxituak ditugun komunitateetan; sarri egon ohi gara norbere zilborrari begira,eta arazoak ditugun bakarrak gu garela pentsatzen dugu. Baina ez da horrela, arazoa partekatua baita; arazoak milaka hizkuntza hartzen ditu barnean. Komunitateen garapena eta ibilbidea, esaterako, oso desberdinak izan daitezke bata bestearekin. Beraz, kasu batzuetan badugu zer ikasi, eta beste batzuetan, badute zer ikasi. Baina denontzat oso esker onekoa da bakarrik ez gaudela sentitzea, beste batzuek gure kezka eta ilusio berak partekatzen dituztela ikustea; eta baita arriskuak ere. Gainera, ez gaude gaizki zerbait gaizki egin dugulako. Hau beste dinamika nagusiago baten ondorioa da; inperialismoa eta globalizazioa daude oinarrian, besteak beste. Egoerari elkarrekin egin diezaiogun aurre.
Zeintzuk dira Garabidek aurrera begira ezarri dituen helburuak?
Barne erronka nagusietako bat da egonkortasuna lortzea. Izan ere, hazkunde azkarra izan du Garabidek, eta horrek premiak jartzen ditu mahai gainean. Behar horiei erantzuteko, modu berriak eskatzen ditugu. Euskal Herrira begira, badaude Garabiderekin batera lankidetzan aritzea posible duten proiektuak ere. Sare bat osatzea beste apustu bat da; nor bere jardunean arituz, baina koordinazioan. Hizkuntzaz gain, garrantzitsuak dira garapen lankidetzan aritzen diren taldeak ere. Komunitateek alderdi asko dituzte, eta, beraz, guztiei erantzun behar zaie. Garapen ekonomikoa oinarri duten dinamikekin lan egin nahi dugu, hizkuntza eta kultura ere kontuan hartuta.
Eta zeintzuk dira kanpora begirako erronkak?
Gurekin harremanetan dauden komunitate batzuek lortu dute maila handi bat berreskuratzea sustatze dinamiketan, eta, orain, ekarpen espezializatuagoak nahi dituzte; hedabide txiki bat sortzeko proiektu bat, esaterako. Espezializazio horiei bide emateko asmoz, Garabide saiatuko da behar horiei modu egokian erantzuten.
Iñaki Martinez de Luna. Garabideko lehendakaria
«Beste komunitate batzuekin jarduteko tresna da elkarlana»
Garabide elkartea hizkuntza gutxituetako komunitate zenbaitekin lankidetzan aritzen da. Martinez de Luna lehendakariak dio hor jarduteko beharrezkoa dela elkarlana, elkartasuna eta besteekiko konpromisoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu