Duela bi aste, Ertzaintzak ohartarazi zuen EHUko ikasleei iruzur egiten saiatu zirela. Zenbait ikaslek mezu elektronikoak jaso zituzten, eta horietan 850 euro eskatzen zizkieten, ustez ordaindu gabe zeuden matrikula tasa batzuk ordaintzeko. Mezuek EHUren logotipoa zeramaten, eta legezkoak ziruditen, baina gezurrezkoak ziren. Orain, EHUk salatu du «unibertsitate komunitateko pertsona askok 850 euroko matrikula tasak ordaintzeko eskatzen duen mezu bat» jaso dutela berriro, eta mezu hori «iruzurra» dela.
EHUk sare sozialetan eman du iruzur saiakera honen berri, eta «kontuan ez hartzeko» eskatu die ikasleei. Mezuan diru sarrera egiteko kontu korronte baten zenbakia agertzen da, eta adierazten da ordainketa urriaren 23a baino lehen egin ezean «unibertsitatearen auzi sailaren esku» utziko dutela afera.
Aurreko iruzur saiakeraren berri eman zuenean, Ertzaintzak ohartarazi zuen «phishing kanpaina bat» zela, hau da, ziberdelitugileek erabilitako teknika bat, «mezu elektroniko baten bidez eta erakunde legitimo baten itxurak eginez, ordainketa bat egitera behartzeko». Horrelako mezuei ez erantzuteko, zuzenean ezabatzeko eta, ordaindu dutenen kasuan, lehenbailehen salaketa jartzeko aholkatu zuen Ertzaintzak.