Beste «iraultza» bat

Rementeria hautatu dute berriro Bizkaiko ahaldun nagusi. Industriaren eta Guggenheimen eraldaketen ostean, herrialde «hobea» utzi nahi du

Unai Rementeria atzo, Gernika-Lumon, Bizkaiko ahaldun nagusi izendatu ondoren. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
enekoitz esnaola
2019ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Berriz ere EAJko kide bat da Bizkaiko ahaldun nagusia, 1979tik izan den bezala. Bigarrenez hautatu dute Unai Rementeria, Gernika-Lumon, Batzar Nagusietan egindako bozketan; gehiengo osoz hautatu ere, bere alderdiareneta PSE-EEren botoak jaso baititu: 32 —haien batzarkide bat falta zen bilkuran—. Rementeriak inbestidura hitzaldian adierazi du herrialderako «hirugarren iraultza» egin nahi duela , jendea «hobeto» bizi dadin. Gobernu taldearen berri eman du hautatu ondoren: departamendu bat gehiago izango du —bederatzi orain—, eta lehengo taldetik bi izango dira diputatu berriak. Bea Ilardia EH Bilduko kideak eta Eneritz Madariaga Elkarrekin Podemosekoak ere aurkeztu dute hautagaitza: Ilardiak bere taldearen hamarbotoak jaso ditu, eta Madariagak berearen seiak. PPko bi batzarkideek zuriz bozkatu dute.

Rementeriaren (Mundaka, Bizkaia, 1973) arabera, «amets egiteko baino gehiago, egiteko garaia» da hau, «Bizkaia handiagoa» izateko helburuz. Herrialdean, industria eta Guggenheima izan ziren aurreneko bi «iraultzak», ahaldun nagusiak azaldu duenez, eta «hirugarren iraultza handia aktibatzea» egokitzen da orain, «hurrengo belaunaldiei Bizkaia hobea» uzteko.

Esan du aurreko legealdian herrialdeak onera egin zuela esparru ekonomikoan, egituraketan eta babes sozialean, baina azaldu duhobetzen segitu nahi duela. «Estrategiko eta ezinbesteko» iruditzen zaizkion hamar ardatzen berri eman du. EAJ-PSE gobernuaren lehen ardatza: jarduera ekonomikoa, eta «enplegu egonkorra eta kalitatezkoa». Hori da, Rementeriaren esanetan, «etorkizun hoberako berme bakarra».

Beste ardatz batzuk: eraldaketa energetikoa; metroa Galdakaora eta Usansoloko erietxera iristea; Bizkaia dorrean nazioarteko ekintzailetza zentro bat egitea; trena eta autobusa uztartzeko mugikortasun proiektu pilotuak Bermeon, Durangon eta Meatzaldean; «herrialdearen zerbitzuraegongo den boluntario sarea» bultzatzea; tokiko merkataritzaren plataforma digitala...

Erreforma fiskal eske

Ilardiak bizkaitarren «bizi kalitatea» hobetzeko proposamena aurkeztu du, herrialde «justu eta solidarioa» lortzeko, eta uste du baliabideak «modu egokian» erabili behar direla. EH Bilduk bezala, erreforma fiskala eskatu du Madariagak, larrialdi klimatikoari aurre egiteko-eta. Mendekotasunean eta garraio publikoan urratsak egiteko galdegin du EPk.

Espainiako Estatuko diktadura bukatu ostean, 1979-1987 artean Jose Maria Makua izan zen Bizkaiko ahaldun nagusia, 1987-1995aldian Jose Alberto Pradera, 1995-2003an Josu Bergara, 2003-2015ean Jose Luis Bilbao, eta geroztik Rementeria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.