Nestor Esteban. EHEko koordinatzailea

«Beste inoren mende ez dagoen hizkuntza politika bat behar dugu»

Gaur egingo dute Euskaraz Bizi eguna, Otxandion; festa giroan, euskaldunen hizkuntza eskubideak aldarrikatuko dituzte, 'Euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera' lelopean.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Nagore Ares Amaya 
Donostia
2015eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Euskaraz bizi ahal izateko aurrerapausoak eman behar direla uste du Nestor Estebanek (Iruñea, 1977), Euskal Herrian Euskaraz taldeko koordinatzaileak. Gaur egingo dute Euskaraz Bizi eguna, Otxandion (Bizkaia), eta euskaldunen hizkuntza eskubideak aldarrikatuko dituzte, festa giroan. Besteak beste, kontzertuak, kale animazioa, mendi irteera bat eta herri bazkari bat egingo dituzte.

Aurtengo leloa da: Euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera. Zer adierazi nahi izan duzue horrekin?

Ikusten genuen euskaraz bizitzeko hautu hori egin behar dugula, bai norbanakoei dagokienez, bai hizkuntz komunitate moduan ere, eta beste urrats batzuk egin behar ditugula euskararen alde egotetik euskararen alde egitera jauzi egiteko. Norbanakoak aktibatuz, gure inguru hurbiletik hasita gizartea eraldatuz, posible da maila politikoan eta juridikoan aldaketak eragitea.

Zer egin dezakete herritarrek euskararen alde?

Euskararen aldekotasuna oso zabala da; gaur egun, oso jende gutxik esango dizu euskararen kontra dagoela. Baina horregatik diogu falta dela hautu hori egitea: erdaldunek euskaltegira joan beharko dute, dakigunok gehiago erabili beharko dugu, eta gure mendekotasun egoera horretan ahaldundu beharko gara, eta euskararen alde egiteko hautua egin.

Eta erakundeek zer egin dezakete?

Erakundeek gauza bera egin beharko lukete, eta, alde horretatik, euskararen ezagutza bermatuko duten neurri eraginkorrak hartu beharko dituzte; euskaltegietara joaten den jendea babestu behar dute; doakoa izan behar du matrikulak. Bestalde, euskararen ezagutza bermatuko duen D ereduaren alde ere egin behar dute. Izan ere, egun ikusten dugu indarrean dauden eredu horiek ez dutela bermatzen belaunaldi berriak euskaldunak izatea.

Aste hasieran, Eusko Jaurlaritzak ezetz esan zion kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntz eskubideen dekretua aldatzeari. Zer iritzi duzu horren inguruan?

Oso datu kezkagarriak irten dira: badira dekretu horren berri ez duten enpresak, eta badira haren berri izanik ere betetzen ez dutenak. Betetzen ez duten horiei doan irteten zaie, ez dutelako inolako isunik ordaindu behar. Halako dekretuak indarrean jarriz gero, izan beharko luke benetan betetzeko, eta ez paper batean idazteko eta gero betetzea borondatearen esku uzteko.

Azken egunotan, PPko eta PSE-EEko zenbait politikari euskararen aurrekontuak murriztearen alde agertu dira, euskararen egoera normalizatutzat ematen dutelako erakunde publikoetan. Hala da?

Gaur egun indarrean diren hizkuntza politikekin, euskaldunok ezin dugu euskaraz bizi, eta hori gure egunerokoan ikusten ahal dugu. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban medikuarengana goazenean, Osakidetzak ez ditu hiztunen eskubideak betetzen beti; badira mediku euskaldun batzuk, baina oraindik ez dira horrenbeste. Ertzaintzarekin eta justizia administrazioarekin gauza bera gertatzen da, eta hainbat eta hainbat udaletan ere ez dira euskaldunen eskubideak bermatzen. Ez dakit non ikusten duten euskara normalizaturik dagoela; erdara dago normalizaturik, baina guk ez dugu beti euskaraz bizitzeko aukera. Hezkuntzari dagokionez ere, euskararen ezagutza ez dago bermatuta belaunaldi guztietan.

Nafarroan eta Iparraldean ere, egoera ez da lar ona.

Euskal Herria bi estaturen menpe egonik, indarrean dauden hizkuntza politikak menpekoak dira. Hau da, Frantziako eta Espainiako konstituzioek diotenaren menpe daude, eta horietan lehentasunezko hizkuntzak dira frantsesa eta gaztelania; gure hizkuntza bigarren mailako bihurtzen da. Argi dago hori iraultze aldera beste inoren mende ez dagoen hizkuntza politika bat behar dugula, euskaraz bizitzea bermatuko duena eta euskarari lehentasuna emango diona, benetako ofizialtasuna emango diona, ez soilik paperean.

Eta izan beharko du esku hartzerik gabekoa; ikusi dugu zenbait udalek hartu izan dituztela hainbat neurri euskaraz bizitzeko eta helegiteak jarri dizkietela, izan Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak, izan suprefetak. Hainbat erabaki hartu direnean, ikusi dugu etorri direla esanez erdaldunen hizkuntza eskubideak ez daudela bermatuta eta konstituzioen kontra doala.

Beraz, badago Euskaraz Bizi eguna egiteko eta euskara ospatzeko beharrik?

Bai; jaia eta aldarrikapena uztartu nahi ditugu honekin. Egitarau zabala prestatu dugu, eta ikusarazi nahi dugu herri honek euskaraz bizi nahi duela, eta bizitzera goazela. Egun honetan parte hartzera gonbidatzen ditugu euskaltzaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.