Espainiako Espetxe Erakundeek jakinarazi dutenez, bertze bortz preso mugituko dituzte laster: hiru Euskal Herri ingurura hurbilduko dituzte, eta bi Euskal Herrira ekarriko dituzte, Zaballako espetxera. Sergio Polo Escobes eta Gorka Vidal Alvaro dira Euskal Herriratuko dituztenak: Zaballako kartzelara ekarriko dituzte (Araba). Polo Escobes Herreran dago gaur egun (640 kilometro), eta Vidal Alvaro, Logroñon (170 kilometro). Polori, gainera, bigarren gradua ere emanen diote.
Juan Ramon Karasatorre, Ibai Beobide Arza eta Mattin Sarasola Larzabal dira hurbilduko dituzten hirurak. Karasatorre Castelloko espetxean dago egun (Herrialde Katalanak, 480 kilometro), eta El Duesora mugituko dute (170 kilometro). Bigarren gradua ere emanen diote. Beobide Puerto IIIn dago orain (1.020 kilometro), eta Burgosera hurbilduko dute (215 kilometro). Sarasola Jaenen daukate egun (775 kilometro), eta Dueñasera lekualdatuko dute (310 kilometro).
Mugimendu hauekin, dagoeneko 146 dira 2018tik iragarritako mugimenduak, eta mugituriko presoak, 107.
Iragarri dituzten mugimenduetako preso gehienek zigor luzeak dituzte, ETAko kide izanda hainbat delitu egotzita. Karasatorre 2013tik dago espetxean, eta zigorraren hiru laurdenak 2029an beteko ditu. Sarasola 2008tik dago espetxean, eta 1.040 urteko zigorra ezarri zioten. Ibai Beobidek 29 urteko zigorra du. Vidal 2004tik dago kartzelan.
Iparragirre absolbituta
Espainiako Auzitegi Nazionalak ez du nahikoa frogarik ikusi Marixol Iparragirre 1997ko Oviedoko atentatuarekin zuzenean lotzeko. Hortaz, kausa horretan absolbitu egin dute. Fiskaltzak 71 urte eskatzen zizkion, atentatu hori aginduta bost delituren erantzule gisa: bat, «hondamendi terrorista» sortzeagatik; hiru, «hilketa saiakeragatik»; eta beste bat, «lesio terroristak» eragiteagatik. Baina kausa horregatik Frantzian zigorra bete duela ebatzi du auzitegiak.
2019an Espainiaratu zuten Iparragirre, eta Espainiako Auzitegi Nazionalean zabalik dituen hamabi epaiketetako bat zen hau. Frantziako kartzeletan hogei urteko zigorra bete du.
Beste hiru preso hurbilduko dituzte, eta bi Euskal Herriratu
Sergio Polo eta Gorka Vidal Zaballara ekarriko dituzte. Hurbildu egingo dituzte Juan Ramon Karasatorre, Ibai Beobide eta Mattin Sarasola
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu