Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak jakinarazi du beste hiru preso Euskal Herritik gertuago dauden kartzeletara hurbilduko dituztela eta bat Euskal Herriratuko dutela. COVID-19aren izurriak eragindako osasun egoerak horretarako modua ematen duenean lekualdatuko dituzte, Espetxe Erakundearen esanetan.
Zehazki, Jon Bienzobas, Aitor Agirrebarrena eta Iñaki Etxeberria gerturatuko dituzte. Bienzobas eta Agirrebarrena Puerto I kartzelan daude (Euskal Herritik 1.020 kilometrora); lehena Dueñasera eramango dute (310 kilometro) eta bigarrena, Villabonara (385 kilometro). Bienzobasi 216 urteko zigorra ezarri zioten. Agirrebarrena, berriz, 2009ko irailean sartu zuten preso, 129 urteko zigorra ezarrita.
Biak lehen graduan zeuden, baina bigarrenera igarotzea onartu dute espetxeetako tratamentu batzordeak. Etxeberria, berriz, Topasen dago (460 kilometro) eta Duesora (170 kilometro) gerturatuko dute. Hari ere onartu diote gradu progresioa. 2011ko otsailean kartzelatu zuten, eta 457 urteko zigorra ezarri zioten.
Gainera, Patxi Markes presoa Euskal Herriratu egingo dute; Castellotik (460 kilometro) Zaballara (Araba); bigarren gradura igaroko da hura ere. 62 urteko zigorra jarri zioten.
Horiez aparte, Unai Fano presoari hirugarren gradua eman diote. Basauriko espetxean dago (Bizkaia). Espetxe Erakundeen esanetan, presook espetxe legeria onartu eta eragindako oinazea aitortu dute.
«Erlojua, konponbidearen kontra»
Bestalde, Foro Sozialaren Batzorde Iraunkorra bildu zen atzo, eta presoen, iheslarien eta deportatuen auziaren konponbiderako lan ildoaren egoera baloratu zuen, bai gizarte zibilaren inplikazioari dagokionez, bai akordio politiko eta sindikalen esparruan. Foroak nabarmendu duenez, eragile guztiek «ulertu dute aukera hau aprobetxatu behar dela», baina ohartarazi dute «erlojua konponbidearen kontra» doala: «Gai honen konponbidearen alde dauden indar guztiak aktibatu behar dira. Alde horretatik, beharrezkoa da eragile politiko eta sindikal guztien artean adostasun espazio berriak bilatzea dagoeneko dauden adostasun horiek gauzatu ahal izateko».
Joan den asteburuan, 238 herritan, milaka herritar irten ziren kalera euskal presoak Euskal Herriratu ditzatela eskatzeko. Sei eskakizun egin zituen Sarek: euskal presoak Euskal Herriratzea, gradu progresioari bide ematea, adineko presoak eta larriki eri direnak etxeratzea, guraso presoen seme-alabek aita-amekin egoteko duten eskubidea errespetatzea, eta Frantziako Estatuko kartzeletan egindako zigor urteak Espainiako Estatuko kartzeletan kontuan hartzea.