Espainiako Espetxe Erakundeen Idazkaritza Nagusiak jakinarazi du beste bost preso Euskal Herriratuko edo Euskal Herritik gertu dauden kartzeletara hurbilduko dituela. Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster Martuteneko kartzelara ekarriko dituzte. Biei hamabi urteko zigorra ezarri zieten, eta hirugarren gradua eman diete. Biak Euskal Herriratzeko eskariek bide luzea egin dute; izan ere, alaba txiki bat dute, Xua, eta urtarrilean bete zituen 3 urte; ordura arte gurasoekin bizi zen Picassenteko espetxean (Valentzia, Herrialde Katalanak), baina, adin hori beteta, ezin zen aurrerantzean kartzelan bizi, legez. Gurasoak eta alaba ez banantzeko, Xua gurasoekin etxera egitasmoa abiatu zuten.
Izan dira mugimendu gehiago. Xabier Perez Aldunate ere Euskal Herriratu egin dute, Kordobatik Iruñera ekarrita. 2005etik dago espetxean, hogei urteko zigorra betetzen. Joseba Segurola, berriz, Murtziako presondegitik Burgoskora eramango dute. 2003tik dago preso, hogei urteko zigorra betetzen. Kartzela horretara hurbilduko dute Aitor Garcia ere; 2001etik dago preso, 30 urteko zigorra betetzen. Jaenen dago orain.
Bestalde, Etxerat elkarteak jakinarazi du Arkaitz Agirregabiria presoaren gurasoak eta alaba zihoazen autoari gurpil bat lehertu zitzaiola bisitan zihoazela. Gidariak ez zuen autoaren kontrola galdu, baina ezin izan ziren bisitara iritsi. Halere, bisita berreskuratu ahal izango dute. Lannemezanen (Okzitania) dago Agirregabiria.
Espainiaratzeak, onartuta
Bestalde, Frantziako Kasazio Auzitegiak eta Parisko Dei Auzitegiak ontzat jo dute Josu Urrutikoetxea eta Alaitz Aramendi Espainiaratzea. Urrutikoetxearen kasuan, herriko tabernen auziagatik Auzitegi Nazionalak egindako euroagindu eskaera onartu zuen joan den irailaren 30ean Parisko Dei Auzitegiak, baina helegitea ezarri zuten haren abokatuek. Haien iritziz, euroaginduak ez zuen oinarrizko prozedura errespetatu. Eferen arabera, Frantziako Kasazio Auzitegiak ez ditu haien argumentuak onartu. Halere, ez dute berehala Espainiaratuko, Frantziako Estatuan beste epaiketa batzuk baitauzka oraindik.
Aramendi ere ez dute berehala Espainiaratuko, oraindik betetzen ari baita Frantziako auzitegiek ezarritako hemezortzi urteko espetxe zigorra. Otsailean da hori betetzekoa. Aramendik 42 urte dauzka, eta 2007ko irailean atxilotu zuten. 2017an Espainiaratu zuten, 2005eko atentatu baten harira epaitu zezaten.
Beste hiru preso Euskal Herriratu dituzte
Auzitegiek Urrutikoetxea eta Aramendi Espainiaratzea onartu dute. Agirregabiria presoaren senideei gurpil bat lehertu zaie bisitara bidean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu