Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak jakinarazi du beste hiru euskal preso Euskal Herritik gertuago dauden kartzeletara hurbilduko dituela. Horietako bi, Iñaki Krutxaga eta Alberto Viedma, Almerian daude preso (1.005 km), eta, horiek lekualdatzean, ez da motibazio politikoko euskal presorik geratuko presondegi horretan.
Krutxaga Leonera gerturatuko dute (370 km). 2001eko urtarrilean espetxeratu zuten 30 urteko zigorra betetzeko, eta 2023an beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Almeriako kartzelako Tratamendu Batzordeak proposatuta, bigarren gradura igaroko da.
Viedma, berriz, Topasera lekualdatuko dute (460 km). 2002ko martxoan kartzelaratu zuten 30 urteko zigorra betetzeko, eta 2022ko azaroan beteko ditu hiru laurdenak. Hura ere lehen graduan zegoen, eta bigarrenerako gradu progresioa aitortu diote.
Patxi Ruiz euskal presoa ere hurbilduko dute, Murtziatik Leonera. Horrela, Murtziako presondegia ere desagertuko da euskal presoen sakabanaketaren mapatik. Ruiz 2002ko otsailean kartzelaratu zuten, 30 urteko zigorra betetzeko, eta 2025ean beteko ditu hiru laurdenak. Bigarren gradura igaro dute hura ere.
Bestalde, Espetxe Erakundeek jakinarazi dute Marixol Iparragirre presoa «arrazoi judizialengatik» eta behin-behinean Zaballako kartzelara eramango dutela. Madrilen dago gaur egun.
Manifestazioa Donostian
Bestalde, Sare plataformak eta Gipuzkoako gehiengo sindikalak manifestazio bat egin dute gaur Donostian, euskal presoei ezartzen zaien «salbuespenezko legeria» amai dadila eskatzeko. ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, EHNE, CNT eta LKN sindikatuak elkartu dira, eta Saguestik abiatu dira, 11:30ean, Langileok bidean gara presoak etxeratzeko lelopean.
Amaieran irakurritako oharrean, deitzaileek nabarmendu dute Euskal Herriko gehiengo sindikal, sozial eta politikoak euskal presoei ezarritako «salbuespenezko espetxe politika» amaitzeko eskatu duela, eta «jendarte zibilaren mobilizazioari nahiz instituzioen interpelazioei esker, urratsak egiten» ari direla norabide horretan: «Ez nahiko genukeen bezainbeste, ez nahiko genukeen bezain azkar, baina pausoak ematen ari dira, euskal presoen gerturatzeari edota gradu aldaketari dagokionez». Beraz, prozesu hori «bururaino eramatea» nahi dute, «euskal preso guztiak Euskal Herriratuz, preso gaixo guztiak kaleratuz nahiz salbuespenezko neurri oro indargabetuz».
[Youtube]https://youtu.be/YHlxmjpmbBA[/Youtube]
Prozesu hori «azkartzea» galdegin dute Sarek eta sindikatuek: «Oraindik ere preso eta senide gehiegi daudelako ehundaka kilometrok bereizita, baita larriki gaixo diren hemezortzi preso ere. Graduen progresioa ematen hasi bada ere, hirugarren gradua gutxi batzuei soilik ezarri zaie, eta asko dira hiru laurdenak beteak izan arren espetxean jarraitzen duten presoak edota Frantzian jada bete duten zigorra Espainian berriro betearazten zaien presoak ere».
Mobilizazioaren deitzaileek uste dute «legeak ematen dituen aukera guztiak baliatzea eta beharrezkoak diren neurri politiko eta administratiboak hartzea» beharrezkoa dela, eta, bide horretan, gakotzat jo dute euskal presoei lanerako sarbidea ematea: «Lanpostu bat izatea hirugarren gradura igaro ahal izateko beharrezko baldintza ere izan ohi da».