Juan Carlos Arruti Paterra, Luis Mari Lizarralde Izagirre eta Iñaki Rekarte Ibarra ere libre uzteko agindua eman du Espainiako Auzitegi Nazionalak —Euskal Preso Politikoen Kolektibokoa da aurrena, eta Langraiz bidea deritzona hartutakoak beste biak—. Fiskaltzak hala egiteko eskatu ostean agindu zuen askatzeko Auzitegi Nazionalak, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaia aplikatu eta Parot doktrina kenduta. Arrutik 2009ko urrian behar zuen libre, eta Lizarraldek 2009ko azaroan. Rekarteri espetxetik lanera ateratzeko baimena eman zioten aurtengo udan. Bestetik, Jaime Simon Quintela GRAPOko kidea ere libre utzi zuten atzo.
Azken hori atzo arratsaldean atera zen, baina ez zen gauza bera gertatu guztiekin: Arruti, esaterako, gaur aterako da. Presoak berak deitu zien Kordobako espetxe atarian zain zeuzkan senitartekoei, atzo ez zela aterako esanez.
Bederatzi euskal preso aske uzteko eskaerak aurkeztu zituenfiskaltzak atzo. Bigarren salak, ordea, ez zuen esku artean hartu gaia, eta gaur egitea espero da. Bigarren areto horren esku kasuak hauek daude: Juan Jose Zubieta —2012ko apiriletik behar zuen libre—, Jesus Mari Zabarte —aurtengo martxotik behar zuen aske—, Xabier Goldaraz —2011ko irailean behar zuen aske—, Maitane Sagastume —2009ko uztailean atera behar zuen—, Jokin Uriain —2009ko abuztuaz geroztik behar zuen kalean— eta Jose Etxeberria —2010eko maiatzean behar zuen aske—.
Ffiskaltzaren eskaerarik gabe erantzukizun penalak kendu dizkio Auzitegi Nazionalak Jose Manuel Perez de Nanclaresi ere. Langraiz bidea hartu zuen Perez de Nanclaresek, eta baldintzapean aske zegoen iazko maiatzaren 7tik, «indarkeriari uko egin» ziola baieztatu ondoren.
Horrenbestez, Estrasburgok Parot doktrinaren kontrako epaia kaleratu zuenetik, 27 dira epai hori aplikatuta Auzitegi Nazionalak aske utzi dituen euskal presoak. Haiei bigarren aretoaren erabakiaren zain dauden sei presoak gehituz gero, beste 27 dira Ines del Rioren egoera berean egonagatik giltzapean mantentzen dituzten euskal presoak. Haien guztien auziak ere datozen egunetan argitzea espero da.
Auzitegi Konstituzionala atzo hasi zen Iñaki Fernandez de Larrinoa Perez de Luko gasteiztarraren auzia aztertzen. Atzo bertan berriren bat espero zen arren, magistratuek ez zuten erabakirik hartu, eta gaur jarraitzekotan dira gaia aztertzen. Konstituzionalak aurreneko auzi honekin hartzen duen erabakia, esku artean dituen 30 kasu ingurutan jarraituko duen bidearen adierazgarri izango da. Gorenak ere bost kasu ditu esku artean, eta datorren astean da biltzekoa haiei buruz erabakitzeko.
«Min egin arren», aplikatu
Eduardo Torres Dulce Espainiako fiskal nagusiak atzo esan zuen «mingarria izan arren» ez daukatela Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Parot doktrinaren kontra jarritako epaia doktrina ezarritako presoei aplikatu beste aukerarik.
Espainiako Diputatuen Kongresuan egin zituen adierazpenok Torres Dulcek. Doktrina kenduta kalera aterako diren presoekin zein neurri hartu behar dituzten azaltzera joan zen, eta esan zuen segurtasun indarrek «egoki iruditzen zaizkien legezko neurriak» hartuko dituztela.
Torres Dulceren arabera, «alferrikakoa eta jurisprudentzia aldetik ezinezkoa» litzateke fiskala Estrasburgoren epaia aplikatzearen kontra azaltzea. Nolanahi ere, fiskal nagusiak ere bat egin zuen Gorenak egin zuen eskaerarekin. Hau da, haren ustez, Espainiako Gobernuak zehatz arautu behar luke nola eta nork betearazi behar dituen Estrasburgok kaleratzen dituen epaiak.
Beste hiru euskal preso askatzeko agindu dute, 'Parot doktrina' kenduta
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak gaur jarraituko du doktrina aplikatutako presoekin nola jokatu aztertzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu