Jendez bete zen atzo Le Bayonne hoteleko hitzaldi gela, Eskualde eta Herri Solidarioen Federazioaren udako unibertsitateen lehen hitzaldirako. Euskal Herriko bake prozesuaz eta Ipar Euskal Herriko etorkizun instituzionalari buruz hitz egiteko gonbidatuak ziren Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza eta Euskal Elkargoko lehendakaria, Txetx Etxeberri bakegilea, eta Xabi Larralde Sortuko kidea. Entzuleen artean, Gilles Simeoni Korsikako presidentea eta 2012tik 2017ra artean Frantziako Asanbladan diputatu izandakoa, eta, harekin batera, Frantziako Estatuaren menpeko nazio eta herrialde batzuetako delegazio eta hautetsi ugari. Hiru egun iraungo du kongresuak, eta Frantziaren egitura administratiboarekin loturiko gai ugari jorratuko dituzte: aurrena, Euskal Herrira begira jarri dira. Eusko Alkartasunak antolatu ditu jardunaldiak.
Atzo Etxeberri izan zen lehena hitza hartzen, eta «bakegile» gisa ETAren armagabetzeari buruz mintzatu zen: 2016an Luhuso eginiko ekintzatik hasi eta 2017ko apirilaren 8ko Baionako ekitaldira arte bidean topatutakoak azaldu zituen. Etxeberrik azpimarratu zuen gizarte zibiletik «jaio eta hazi» den bake prozesua izan dela Euskal Herrikoa, eta hala izan dela Frantziaren «immobilismoak» eta Espainiaren «denbora luzatzeko eta zapaltzearen eta umiliatzeko beharrak» ez zutelako bakearen aldeko pausorik erakusten. «Gatazka bat alderdi baten zapalkuntzarekin amaitzen denean, hurrengo belaunaldiarekiko etorkizuneko errebantxa bat hozitzen da», ohartarazi zuen Etxeberrik, eta, bera preseski bortizkeriaren kontrako militante izanik, horren saihesteko Luhuson parte hartu zuela azaldu zuen.
«Ez gara bakean bizi, bakearen bidean gaude», azpimarratu zuen Etxegaraik, hitza hartzean. «Biktimen eta presoen kontsiderazioahartu arte ez gara bakean izango, eta ez dut ordenarik jartzen honetan», gehitu zuen. Euskal Elkargoko presidenteak etorkizuneko erronkatzat jarri zituen bi alor horiek, baina orain arte eginikoari buruz, desarmatzeaz hitz egin zuen, eta urrats denen arteko loturak azpimarratu zituen. Etxegaraik esan zuen berak hasieratik argi izan zuela prozesua legearen barruan egin behar zela, eta uste du hala izan behar duela aurrerantzean ere. «Legezkotasunak behaztopatu gaitu gure desmartxan».
Ezagutarazi zuen 2017ko otsailean Jean Marc Ayrault orduko Frantziako Atzerri ministroarekin eta beste hautetsi batzuekin bildu zela bazkaltzeko. Han, Etxegarairen arabera, ministroari eskatu zioten konponbide prozesuarekin engaiatzeko, eta Frantziako Estatuaren subiranotasuna baliatzeko horretarako. Ayraultek baiezkoa eman ziela kontatu zuen Etxegaraik, eta jakinarazi zuen, halaber, hortik denbora batera, Bernard Cazeneuve orduko lehen ministroarekin bildu zela eta onartu ziola zuzenbide estatuaren barruan egiten bazen, armagabetzea babestuko zuela gobernuak. Prozesua gauzatu zen, eta, Etxegaraik aitortu duenez, estatuaren «parte hartzearekin». Horrez gainera, apirilaren 8an Baionan eginiko ekitaldia ere gogoratu zuen. Karriketan milaka herritar eta Ipar Euskal Herri osoko eta sentsibilitate guztietako 700 hautetsi bildu izana nabarmendu zuen, eta horrek «legitimotasuna» irudikatzen duela. «Horrek esplikatzen du lurralde baten desmartxa nola elkarretaratzen den Errepublikaren legeari».
Hori azaltzeko, baina, Etxeberrik azpimarratu zuen urteak egin behar dela atzera. Azaldu zuen jadanik Ipar Euskal Herrian politikoki joera ezberdinetan direnen artean elkarlan bat garatu zela, eta adibide gisa aipatu zituen Laborantza Ganbera eta Aurore Martinen euroaginduaren kontrako mugimenduak.
«Borroken sinkronizazioa»
Xabi Larraldek, berriz, Ipar Euskal Herriko etorkizun instituzionala nola ikusten duen azaldu zuen. Lehenik, adierazi zuen beharrezkoa dela bizikidetza prozesua bukaeraraino eramatea; bigarrenik, «gizarte zibilaren aurrerakuntzak» indartu behar direla; eta, azkenik, «borroken sinkronizazioa» azkartu behar dela. Ideia horretan desadostasun ideologikoak izanda ere, «tempoak batu» behar direla esan zuen. «Borroka armatuaren amaierak balio dezake gure borrokei irekidura demokratiko bat emateko», azpimarratu zuen Larraldek.
Beste herrialdeei, bake hitzez
Eskualde eta Herri Solidarioen Federazioak udako unibertsitatea antolatu du Baionan. Euskal Herriko bake prozesuari buruz hitz egin dute Etxegaraik, Etxeberrik eta Larraldek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu