Beste gizon batek ere esan du Mendizabal abadeak sexu abusuak egin zizkiola

Apaizaren erasoen berri jendaurrean eman duen laugarren pertsona da. Esan duenez, 14 urte zituenean jasan zituen abusuak, udaleku batean

Munilla gotzaina Mendizabalez mintzatzen, artxiboko irudi batean. G. RUBIO / ARP.
arantxa iraola
2017ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Gora doa zerrenda; dagoeneko lau lagunek jakinarazi dute Juan Kruz Mendizabal abadeak egindako sexu abusuen biktima izan zirela ume eta nerabetan. Azken kasua EITBk ezagutarazi zuen atzo, albistegietan eman zuen bideo batean. Azaldu zuen 14 urte zituela jasan zituela abusuak, udaleku batzuetan, eta zerrenda ez dela bere horretan geratuko haren ustetan: «Kasu gehiago izango dira». Mendizabal ezaguna da; bereziki, adingabeekin jarduera asko egin izan dituelako, eta Gazteen Pastoraltzako arduraduna ere izan zen.

Urtarrilaren 10ean lehertu zen polemika: bi ohar atera zituzten Mendizabalen abusuei buruz: bat, bi gaztek, 2001 eta 2005ean apaizak eraso egin ziela berri emateko; bestea, gotzaindegiak, abusu horiengatik Mendizabal zigortu zutela jakinarazteko. Albistearen lorratza berehala luzatu zen: urtarrilaren 13ko BERRIAn sexu abusuen biktima izan zela adierazi zuen beste gizon batek: erasoa 1994ko udan jazo zela kontatu zuen, 13 urte zituela, udaleku batean. Jose Ignacio Munilla Donostiako apezpikuak kasu hori hedabideetan atera aurretik hitza hartu nahi izan zuen, eta prentsaurreko batera deitu zuen horretarako: hirugarren kasu baten berri izan zuela onartu zuen, eta sinesgarritasuna ematen ziola. Lekukotasun horren berri eman zuen pertsonak urtarrilaren 25ean urrats bat harago egin zuen, eta Gipuzkoako fiskalburuaren aurrean deklaratu zuen. Atzo ezagun egin zen kasuak, bestalde, horrelako urratsik ez egitea erabaki du: ez epaitegian, eta ezta Elizaren barruko auziak epaitzeko zuzenbide kanonikoak ematen dituen bideetan ere.

Atzo, bestalde, epailearen aurrean deklaratu zuen Gaztelueta auzia esaten zaion kasuko auzipetuak; ikasle bati sexu abusuak egitea leporatzen diote, baina dena ukatu zuen atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.