Beste galdeketa bat baino gehiago

Getxoko biztanle kopurua eta ezaugarriak kontuan hartuta, Iñaki Zarraoak eta Laura Mintegik pentsatzen dute garrantzi berezia duela han galdeketa egiteak.

Iñaki Zarraoa eta Laura Mintegi, Getxoko San Nikolas plazan, astehonetan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Getxo
2017ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Ia 80.000 biztanle ditu Getxok (Bizkaia). Orain arte Euskal Herriko estatus politikoari buruzko galdeketak antolatu dituzten herriak baino askoz ere populatuagoa da. Udalerri urbanoa da, Bilboko metropoli eremukoa, eta aniztasun handikoa hango herritarren jatorri, maila sozioekonomiko, hizkuntza eta pentsaerei dagokienez. Igandean, galdeketa egingo dute Getxon, eta, udalerriaren ezaugarriak kontuan hartuta, esan daiteke hura ez dela beste galdeketa huts bat izango, eta erabakimenaren aldeko olatua hiriburuetara iristeko bidean urrats inportantea izango dela.

Dozenaka lagun jardun dira, hainbat maila eta zereginetan lanean edo ekinbideari babesa emanez, Getxon galdeketa antolatu ahal izateko. Herritar horietako bi batu ditu BERRIAk, jatorri eta ibilbide desberdinekoak baina erabakitzeko eskubidearen defentsak elkarturik, galdeketaren inguruan berba egiteko: Laura Mintegi eta Iñaki Zarraoa, hain zuzen ere.

Haiek ere jakitun daude zelako garrantzia duen Getxon galdeketa egiteak. «Bagenekien galdeketa abian jarriz gero jendea guri begira jarriko zela», esan du Zarraoak. «Eta ez bakarrik handia delako; Getxo garrantzitsua da, askotarikoa politikoki, eta erronka bat zen; izan ere, guk hasieran beldur handiarekin hartu genuen gaia, eta, duela urtebete baino gutxiago, oraindik pentsatzen genuen ez genuela egingo».

Eta, hala ere, egin egingo dute: «Jardunaldi batzuk egin genituen: askotariko jendea bildu ginen, eta ikusi genuen zaila izango zela, baina pausoa eman egin behar zela. Espiritu horrekin egin dugu aurrera, eta uste dut geroztik jendearen aldartea aldatu egin dela».

Mintegik uste du Getxoren aniztasun politiko eta soziologikoari «geografikoa» ere erantsi behar zaiola: «Auzoek itzelezko nortasuna dute, eta zerikusi gutxi dute Andra Marik Areetarekin, edo Negurik Algortarekin. Nortasun eta historia handiko auzoak dira, eta haien arteko kohesioa ez da beti erraza izan. Baina ikusi behar da zein den helburua: helburua balitz boto kopuru ikaragarri handiak lortzea, horrek beldur handiagoa emango liguke, ez delako erraza; aldiz, helburua baldin bada konplizitateak sortzea, kohesio soziala lantzea, ezberdinen artean elkarrekin lan egitea eta bizikidetza areagotzea, esan daiteke jadanik helburua lortu dela».

Joan den apirilaren 2an, Bizkaiko Uribe Kosta eskualdeko zenbait herrik galdeketa antolatu zuten. Getxon, berriz, atzeratzea erabaki zuten, eta irabazitako denbora giroa sortzen eta aldez aurretiko lan soziala egiten eman. «Ezin ginen abentura batean sartu besterik gabe», azaldu du Zarraoak. «Lehenago, sukalde lan handia egin behar zen».

Mintegik ere uste du hasiera ez zela erraza izan: «Beharbada, lehenengo ardura izan zen jendeari esatea hau ez zela alderdien kontua; alde batetik, inork ez ikustea alderdien eskua atzetik, eta, beste aldetik, alderdiei eskua sartzen ez uztea. Nire ustez, GED Gure Esku Dago-ren arrakastarik handienetako bat da identifikazioa erabat soziala dela: jendeak behetik gorako mugimendu gisa ikusten du GED, jendeak berak hartzen dituela erabakiak modu zeharkako eta horizontal batean. Eta hori ez da erraza lubakiak hain bizirik izan dituen gurea bezalako herri batean. Hori, jadanik, arrakasta da, eta txalotzeko modukoa».

Zarraoak dioenez, «sukalde lan» horrek fruituak eman ditu, eta hilabete hauetan lortu dute auzo guztietara iristea, eta pentsaera askotariko jendea bildu dute galdeketaren inguruan.

Baina kontrakorik ere topatu dute bidean. Gauza jakina da Alderdi Popularrak ez dituela begi onez ikusten herri galdeketak; Getxon, ordea, beste zenbait lekutan erakutsi ez duten oldarkortasuna azaldu dute: publikoki kritikatu dute galdeketa antolatzeko asmoa, eta Getxoko Udalean mozioa ere aurkeztu zuten; mozioan, Udalari eskatu zioten galdeketa egiteko lekurik ez uzteko.

Zarraoaren arabera, alferrikako eskabidea izan da Alderdi Popularrarena, galdeketa antolatu dutenek hasieratik oso argi eduki dutelako «gizarte zibilaren ekinbidea» zela eurena, administrazioaren eta alderdi politikoen esku hartzerik gabea; hortaz, inoiz ez dute udalari lokalak uzteko eskatzeko asmorik izan.

Edozein modutan, Zarraoak uste du horretan ere berezia dela herria: «Getxoko Alderdi Popularrak oso jarrera itxia du, alderdi osoarena baino are itxiagoa. PPk egin zituen barne hauteskundeetan ikusi zen hori. Beraz, ez da harrigarria. Askotan, beste leku batzuetan egitera eta esatera ausartuko ez liratekeen gauzak esan eta egiten dituzte Getxon».

Galdeketa bat antolatzeak«ziurgabetasuna» eta «ezegonkortasuna» sortzen al ditu, Alderdi Popularrak jendaurrean esan duen moduan? «Guztiz alderantziz», azaldu du Mintegik. «Ez dago gauza seguruagorik jendeari iritzia eskatzea baino. Hemen esaten ari dena zera da: zeure kabuz pentsatu, zeure kasa jardun, erabakiak hartu zu zaren horretatik. GEDek egiten duen bakarra da azpiegitura jarri, gero jendeak nahi duena bozka dezan. Eta gustatuko litzaiguke PPkoak ere bozkatzera joatea, eta ezetza ematea. Hori da joko demokratikoa. Demokraziak ez dio inori kalterik egiten, guztien iritzia aintzat hartzea delako».

Galderaren gorabeherak

«Nahi duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa geure kabuz eta aske erabakitzea?» Hori izango da bihar getxoztarrei egingo dieten galdera, eta zeresana eman du: orain arte egindako galdeketa gehienetan, Euskal Herriak beharko lukeen estatus politikoaren inguruan itaundu diete herritarrei; Getxon, aldiz, estatus hori erabakitzeko egokitasunaz izango da galdera.

Zarraoak azaldu duenez, prozesu luzea izan da galdera hautatzekoa. Talde eragileak Getxoko gizarteko hainbat lagun esanguratsuri horretaz gogoeta egiteko eskatu zien, haien proposamena talde eragileari igorri zioten, eta, prozesua are parte hartzaileagoa izan zedin, talde eragileak beste bilera bat egin zuen, ordura arte horren inguruan ibilitako guztiekin eta parte hartu nahi izan zuten herritar guztiekin.

«Oso prozesu ireki eta demokratikoa izan da», azaldu du Zarraoak, «eta, jakina, eztabaidak izan ziren, baina argi izan genuen helburua zela galderaren bidez ere ahalik eta jende gehien erakartzea. Galdetzen baldin badidazu ea hori den nik egingo nukeen galdera, esango nizuke seguru asko ez dela gutako bakoitzak gustukoen duena, baina bai denok egokien ikusi duguna Getxo bezalako herri batean egiteko».

Zarraoak ez du uste galdera hutsala denik. Dioenez, gauza bat da erabakitzeko eskubidea, eta beste bat, eskubide hori gauzatzea: «Erabakitzeko eskubidea egikaritu nahi den galdetzen da; beraz, hor badago pauso bat», azaldu du.

Oso abagune berezian egingo dituzte biharko galdeketak; izan ere, olatu honetakoak izango dira Kataluniako erreferenduma egin eta horren ostean etorri den gertaera soka luzearen osteko lehenengo galdeketak. Argi dago horrek eragina izan dezakeela biharko deialdietan, baina zaila da asmatzea eragin hori zein norabidetakoa izango den.

«Nik duela hamabost bat egun esango nizukeen Kataluniakoak mesede egingo zigula», azaldu du Zarraoak. «Nik ikusi dut hemengo jendea Kataluniako auziarekin gero eta beroago zegoela, batez ere ikusita Madrildik nolako erantzunak iritsi diren. Baina azken egunotan gertatutakoak [Kataluniako Errepublikaren deklarazioaren osteko egoeraz ari da; elkarrizketa egin zenean Generalitateko kideak espetxeratzeko agindua eman gabe zegoen] zalantzak sortzen ditu arlo askotan, hemen ere bai. Orain ez nintzateke ausartuko horrek asko lagunduko digula esatera».

Edozein modutan, Zarraoak «baikorra» dela dio: «Egongo da beldur denik, baina, oro har, jendeak gehiago jakin du arazo honetaz, gehiago entzun du. Gurea bezalako mugimenduen arazoa beti izaten da gauzak nola transmititu, eta egunotan aukera asko izan ditugu hori egiteko: GEDeko bozeramaileek adierazpenak egin dituzte, bi manifestazio ere egin dira eta abar. Mezua errazago zabaldu dugu».

Mintegik uste du euskal gizarteak «heldutasun politiko handia» daukala, eta oso argi duela Euskal Herriak «bere bide propioa» egin behar duela. «Kataluniarekin gauza asko partekatzen dugu», azaldu du. « Batez ere, estatua: aurrean dugun arerioa berbera da. Uste dut Kataluniaren ereduarekin denok gauza bat ikasi dugula: alegia, zerbaitek zilegitasuna badu eta aurrera egingo badu, izango dela gizarte oso bat dagoelako atzetik. Jendeak barneratu du gauzak horrela egiten direla: jendearekin, behetik gora, astiro, pazientzia handiz eta, batzuetan, bolanderak botatzeko modukoak ez diren emaitzak lortuta. Baina ez dago bidezidorrik, ez dago zeharka joaterik emaitzak denboran irautea nahi badugu».

Arrakastaren neurriak

Biharko demaren zailtasunez eta berezitasunez jakitun, Mintegik eta Zarraoak nahiago dute balizko emaitzen inguruko aurreikuspenik ez egin. Baina desira batzuk azaldu dituzte biharko egunari begira: «Ni, adibidez, poztuko nintzateke galdeketa eguna egun alaitsua balitz», esan du Zarraoak, «jendea kalean egongo balitz eta bere poza agertuko balu bozkatu dugulako eta desberdinen arteko proiektu bat sustatzen ari garelako».

Mintegiren aburuz, berriz, «getxoztarren errespetua irabaztea» izango litzateke arrakasta, «Getxoko bizilagunek ikustea badagoela zintzotasunez lan egiten duen giza multzo bat eta, helburua partekatu ala ez, errespetatzeko moduko ekinbide bat dagoela. Jarduera politikoak errespetu osoa galdu duen eta politikariak gain behera datozen garaiotan, herritarrek ikustea badagoela ekinbide politiko bat modu zintzo, argi eta eskuzabalez aurrera eramatea handia litzateke».

Bat dator horretan Zarraoa, eta pentsatzen du ezen, emaitzak gorabehera, «Getxoko herritarrek ikasi badute GED zer den eta haren mezu zabal, askotariko eta demokratikoaren berri izan badu, hori ikaragarrizko poza» izango litzatekeela.

Jauzi kualitatiboa izan daiteke Getxon biharko eguna, etorkizun hurbilean galdeketen olatua hiriburuetara eramateko bidean eta noizbait iritsi beharko lukeen galdeketa orokor eta lotesle hori lortzeko bidean.

Azken xede hori, Euskal Herri osoko benetako galdeketa loteslea, urrun ikusten al dute Zarraoak eta Mintegik? «Nik gertu ez dut ikusten», azaldu du Zarraoak. «Baina uste dut inportanteena ez dela helburua noiz lortzen duzun, baizik eta bidea nola ari zaren egiten. Alde horretatik, asmatzen ari garela pentsatzen dut: bidean aberasten ari gara, eta, seguru asko, atzeraezinak diren pausoak ematen ari gara. Prozesu honetan askeago bilakatzen ari gara».

Mintegik «baikorra» dela dio:«Batzuetan, historian txiripak sortzen dira; badirudi dena lineala dela eta, halako batean, jauzia gertatzen da. Badirudi ezer ez dela aldatzen, dena aldatzen den arte. Horregatik, inportantea da aldez aurretik prest egotea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.