Beste espetxe politika bati ekiteko sostengua eman diote Sanchezi

Euskal presoak Euskal Herriratzeko adierazpen bat sinatu dute hamalau eragile politiko eta sindikalek. Uste dute «iraganeko logikak» gainditzeko neurriak ezarri behar direla

Eragile politiko eta sindikaletako kideak, alde banatan Etxerat-eko bozeramaileak zituztela, atzo, Bilboko Euskalduna jauregian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
jon olano
2020ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Bestelako espetxe politika bat ezartzeko bidean, sostengua adierazi diote hamalau eragile politiko eta sindikalek Espainiako Gobernuari. Aurtengo otsailaren 8rako, Etxerat elkarteak bilera batera deitu zituen alderdi eta sindikatuak, eta, bilera horretan, planteatu zen «espetxean dauden euskal herritar presoek jasaten duten urruntzeari amaiera emateko premia zegoela, eta, oro har, espetxe politikan oraindik indarrean dagoen salbuespen egoera gainditu beharraren premia». Bildu zirenak Etxerat-ekin konprometitu ziren hauteskunde garaiaren ostean adierazpen publiko bateratu bat egitera, eta adierazpen hori ezagutarazi zuten atzo Bilboko Euskaldunan.

EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk, ELAk, LABek, UGTk, CCOOk, Steilas-ek, EHNEk, ESK-k, Hiru-k, Etxalde-k, CGTk eta CNTk egin dute bat adierazpenarekin, eta, horren arabera, Espainiako Gobernuari «Euskal Autonomia Erkidegoko gizartearen» eta adierazpenaren izenpetzaileen «sostengu osoa» helarazi diote euskal presoei «legedi arrunt soila eta espetxe politika normalizatu bat aplikatzeko beharrezkoak diren urratsak egitea erabakitzen badu, iraganeko logiken araberako legedian oinarritutako legedia behin betiko gaindituz».

Eragileok jarrera bat berretsi dute: «Espetxeetako lege orokorrean aurreikusitakoa betetzeko eskatzen dugu, askatasunaz gabetzen duten zigorrak betetzean deserrotzerik gerta ez dadin». Bide horretan, ezinbestekotzat jo dute «askatasunaz gabetzen duten zigorrak familia eta gizarte sustraiak dituzten lekuetatik urrun betetzea ekidingo duen espetxe politika bat» ezartzea, iritzita «gizarteratze printzipioek» hala adierazten dutela. Horien arabera, politika berri horrek «erraztu egingo du presoak bere familiarekin harremanak izatea, eta adin txikiko seme alaben ongizateari begiratuko dio, gurasoek haiekin egoteko duten eskubidea defendatuta».

Hortaz, premiazkoa iruditzen zaie egungo urruntze politika amaitzea, eta, COVID-19aren testuinguruan, sostengua adierazi diete «egitasmo hau artikulatzera zuzendutako proposamen guztiei: espetxeratu guztiak orokorrean eta pertsona preso bakoitza partikularrean hurbil ditzatela beren familia ingurunetik hurbilen dauden espetxeetara; EAEren kasuan, Martutene, Basauri eta Zaballako espetxeetan birkokatzea dakar neurri horrek».

Sinatzaileen iritziz, helburu hori betetzeak «modu erabakigarrian esku hartuko luke euskal gizartean eta politikan iraganarekin lotutako etapa bat ixten, eta aukera emango luke, biktima guztiak oroituz, bizikidetza demokratikoan ardaztutako orainaldiko eta etorkizuneko denboraldi berri bat eraikitzeko».

«Gizarteratzea» helburu

Adierazpen hori «gizarteratu eta ezagutarazi» nahi dute orain, eta, horretarako, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariari eta Jean-Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariari helaraziko diete. Baita Friendship elkarteari eta euskal presoak dauden espetxeetako zuzendaritzei ere. Horrez gain, akordioa Eusko Legebiltzarrari eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udal guztiei bidaliko diete, «oniritzia eman dezaten, eta, modu horretan, konpromisoa gizarte osora heda dadin».

Etxerat elkartearen izenean, Urtzi Errazkin eta Patricia Velez bozeramaileek nabarmendu dute gaurkoa «pauso esanguratsua» dela «herri honen orainaldirako eta etorkizunerako». Errazkinen hitzetan, eragileok adierazpen publiko bat egin dute, «konstatazio batean» oinarritua, Errazkinen hitzetan: «Euskal gizarteak bakearen eta elkarbizitzaren eta egungo logikarekin bat ez datorren espetxe politika gainditzearen aldeko apustua egin du». Etxerat-ek eskerrak eman dizkie Foro Sozial Iraunkorrari, «errazte» lanak egiteagatik, eta adierazpena babestu duten alderdi eta sindikatuei, euren «konpromisoagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.