Errausketatik zero zabor filosoriarako bidea liburu bateko lerroetara eraman du Iñaki Petxarroman (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1973) BERRIAko kazetariak. Hondakinak Kudeatzeko Plan Nagusiaren 10. urteurrena baliatu du Su haietatik ke hauek liburua plazaratzeko. Txostenak hamar urtean eragin dituen kalapitak bildu ditu. Izan ere, kezkatu egiten du hondakinen kudeaketak; baita askoren «arduragabekeriak» ere. Liburuak edonori zer pentsa eman diezaiokeela uste du, irakurtzeko ez ezik gogoeta egiteko ere baliagarria delakoan.
Hondakinen planaren 10. urteurrenaren harira idatzi duzu liburua. Kontuak soka luzea ekarri duela jakinda, goiz samar ez ote da?
Baliteke. Auskalo. Amaiera jakinik gabeko kontua da. Ikusten nuen eztabaida handia sortu dela azken urteotan hondakinen kudeaketaren inguruan, eta askotan falta zaigula iraganera begira jartzea: jakin nondik datorren polemika, zein egon den horren atzean, zergatik proposatu zuten errauste planta bat, nola iritsi garen egoera honetara... 10. urteurrenak eman dit aukera gaiaren esparruari begira jartzeko; hainbat gauza ulertzen lagun dezake liburuak.
Hamar urteko ibilbidea osatu duzu, lehenengo eskutik jasotako informazioarekin.
Uste dudanean gai baten inguruan esateko zerbait daukadala, gustatzen zait hala egitea. Lan asko egin dut errauste plantaren inguruko informazioarekin. Idatzi dudan guztia hemerotekan dago; ordenatu eta ikuspegi berri bat ematea nuen helburu, nire gogoetak erantsita.
2002an jaso zenuten txosten batetik abiatzen zara.
Orduan Egunkaria zen erredakziora iritsi zen hondakinen planaren aurrerapena. Gipuzkoan bi errauste planta egingo zituztela zioen. Hamar urtek askorako eman dute.
Nabarmendu duzu, adibidez, errauste plantaren alde askok egin dutela, betiere euren etxetik urrun edukita.
Hori da. Paradoxa bat gertatzen da. Mundu guztiak sortzen ditu zaborrak, eta irtenbide bat eman beharreko gizarte arazoa da. Baina irtenbideak ezin du izan gizartearen zati bati kalte egitea, besteen onerako. Inork ez du nahi errauste planta bat bere herrian; alderdi politiko guztiek sarritan erakutsi dute hori. Zuretzat nahi ez duzuna beste batentzat nahi duzu? Hori zilegi al da? Galdera politikoa baino gehiago, etikoa da. Nik uste dut ez dela zilegi, denon onerako. Dagoen aukera bakarra sortzen dugun zaborra birziklatzea da. EAJk, PSE-EEk eta PPk bozkatu izan dute errauste plantaren kontra. Noiz? Euren herrian egitea proposatu zaienean.
Alderdien eta enpresen interesak bistaratu dituzu.
Nik ez dut inor larrutu nahi. Liburua irakurtzen duen edonork pentsa dezake hala, baina ez. Ulertzen dut batzuek ideologikoki babestea errauste planta, baina badaude ur zikinagoak. Badaude zenbait enpresa handiren interesak, hainbat administrazio kontseilurenak ere bai... Zergatik? Gai honek diru asko mugitzen duelako. Hori dena mahai gainean jarri nahi izan dut. Informazioa edukitzea eskubidea da.
Datu objektiboak ematen dituzu: birziklapen tasak %80ko emaitza du Hernanin atez atekoarekin. Beste %20arekin zer egin daiteke? Galdera airean uzten duzu liburuan.
Ni ez naiz atez atekoaren apologista bat. Asmatzen baldin badute beste modu bat %80 birziklatzea ahalbidetuko duena, babestuko dut. Gaur egun, ordea, ez da inon gertatzen hori. Bosgarren edukiontziaren bidez atez atekoarekin adina birziklatu nahi dutela dioetenekin eztabaidatzen hasi beharko dugu, errefusarekin zer egin argitzeko. Bi irtenbide daude: batetik, zabortegi batean uztea errefusa, eta horrek ez luke eragin kaltegarririk izango; eta, bestetik, erraustea. Baina, errausteak merezi al du indar kalorifikorik ez duen zabor bat? Nik uste dut ezetz, eta aditu askok ere ez. Lehenik %80 horretara iritsi behar dugu, eta hori herritar denei eskatu behar zaie.
Atez atekoaren aurkakoek esaten dute sistema zikina dela, intimitateari eraso egiten diola... Zu Hernanin bizi zara. Zer esango zenieke horiei?
Uste dut zikina baino gehiago, jendeari deserosoa egiten zaiola sistema. Ohituta gaude zaborrarekin nahi duguna egiten: ez bereizi, ez birziklatu... Zabor poltsa itsua da, inork ez du ikusten, eta horra joaten da gure arduragabekeria. Lasarte-Orian, esaterako, sekulako usaina egon ohi da sarri edukiontzietan, Hernanin baino askoz handiagoa. Jendeak ohiturak aldatzea da kontua.
Zezenari adarretatik heldu behar zaiola, alegia.
Bai, ohiturak aldatu egin behar dira. Garai batean jende gehiago ateratzen zen errepidera alkohola edanda; gaur egun, gutxiago. Aldaketak onerako badira, egin egin behar dira.
Baina nola lortu aldaketa?
Enpresen interesak daude errauste plantarekin, baina atez atekoa erabiltzen dugunok kontra egiten diegu, eta horretan jarraitu behar dugu. Errauste plantaren aldekoei esker dago martxan beste eredu bat. Eurak erori dira euren tranpan.
Liburuak kontzientzia aldatuko al dio baten bati?
Beharbada bai. Dena dela, uste dut errauste plantak bereak egin dituela. Gipuzkoan dagoen eztabaidak erakusten du beste alternatiba batzuk nahi ditugula. Guretzat eztabaida dena gure ondorengoentzako ez da eztabaida ere izango.
Iñaki Petxarroman. Kazetaria
«Beste eredu bat martxan da, errausketaren aldekoei esker»
Hondakinak Kudeatzeko Plan Nagusiaren 10. urteurrena dela eta, 'Su haietatik ke hauek' liburua kaleratu du Petxarromanek. Argia egin du errausketa egitasmoen atzean dauden alderdien eta enpresen gainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu