Beste bost parke eoliko bidean

Labraza proiektuak jaso du ingurumen inpaktuaren adierazpena; Azazetak ere «berehala» jasoko du

Irati Urdalleta Lete.
2023ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Euskal Herrian bada nobedaderik energia berriztagarriaren inguruan. Eusko Jaurlaritzak atzo jakinarazi zuen Labraza eta Azazeta (Araba) proiektu eolikoek aurrera segitzen dutela. Labrazak aldeko adierazpena jaso du ingurumen inpaktuari dagokionez, eta «berehala» emango diote Azazetari. Bitartean, Nafarroan hiru parke eraikitzen hasi dira: Linte, Jenariz eta San Markos II.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak Labrazako eta Azazetako proiektuen berritasunak eta epeak jarri zituen mahai gainean atzo, gobernu bileraren osteko agerraldian. Esan zuen 2024 amaierarako edo 2025 hasierarako hasita egongo direla errotak eraikitzeko lanak, eta espero dute 2025 amaitzerako bi proiektuak martxan egotea. Berriztagarrien alde egiten dutela nabarmendu zuen: «Lehendabiziko bi berri positiboak dira, eta espero dugu hemendik aurrera beste batzuk izatea». Hauxe Jaurlaritzaren helburua: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsumitzen den energiaren %15 baliabide berriztagarriak erabiliz sortzea 2030erako —gaur egun, %10 sortzen da modu horretara—.

Jaurlaritzak, hamabost zentral

Helburua lortzeko asmoz, Tapiak jakinarazi du hamabost proiektu eoliko dituztela martxan, fase desberdinetan. Aurreratuen Labrazakoa eta Azazetakoa daude. Horien xehetasunak eman ditu Tapiak. Oionen egongo da Labrazakoa, eta zortzi haize errota izango ditu, 40 megawatteko energia sortzeko ahalmenarekin. Ingurumen arloan Espainiako Gobernuaren aldeko txostena jaso berri du. Azazetan ere zortzi haize errota ipiniko dituzte, eta 40 megawatteko energia ekoitziko dute. Dulantzin, Iruraiz-Gaunan, Donemiliagan, Arraia-Maeztun eta Bernedon egongo dira. Eusko Jaurlaritza instalazioari dagokion ingurumen inpaktuaren adierazpena amaitzen ari da, eta aldekoa izango da. Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzak Energiaren Euskal Erakundearen bitartez osaturiko Aixeindar elkartea da bi proiektuen sustatzailea.

Alabaina, ingurumen inpaktuaren adierazpenetan kautelazko neurriak proposatu dituzte bi parkeentzat. Tapiak azaldu duenez, «oso antzekoak» dira bientzat, fauna eta flora babesteari lotutakoak: «Logika baten barruan dauden neurriak dira, eta proiektuak aurrera eramateko gauza ginateke». Horri lotuta, azaldu du hegaztien paseari erreparatu beharko zaiola, baina badaudela moduak, adibidez, hegaztiak gerturatutakoan errotak geratzeko. Gainera, erantsi du, paisaiari lotuta, haize errotak zahartutakoan beste batzuk jar daitezkeela edo jaso eta eraman egin daitezkeela.

Labrazaz eta Azazetaz gain, Jaurlaritzak iragarri du beste hamahiru proiektu eoliko daudela martxan jartzeko bidea egiten, fase desberdinetan, tartean, baita itsasoko parke eoliko bat ere Lemoizen (Bizkaia). Gainera, izapidetzen ari dira hiru proiektu fotovoltaiko ere.

Martxan jarri ahal izateko bidearen zatirik handiena eginda daude, berriz, Nafarroako hiru parke eoliko: Alfanar taldeak aginduta—saudiarabiar jatorrikoak dira—, Gestacur enpresak ekin die hiru parke eoliko martxan jartzeko lanei: Linte, Jenariz eta San Markos II. Orotara, hamabost haize errota ipiniko dituzte, eta 53,1 megawatt sortzeko gauza izango dira. Haize errota horiek Larragan, Berbintzanan eta Miranda Argan egongo dira.

LPSa aurrera

Tapiak LPS energia berriztagarrien lurralde plan sektoriala zertan den ere azaldu du. LPSak instalazio eoliko eta fotovoltaiko handietarako egokiak diren lurraldeak zehazten ditu, baina, gero, ez du esan nahi bertan kokatuko dituztenik, zenbait betekizun bete beharko baitituzte horretarako, ohar batean azaldu dutenez: «Horrek ez du esan nahi adierazitako eremu horiek guztiak okupatuko direnik; izan ere, alde batetik, ekimen pribatuaren mende dago sare elektrikorako sarbidea eta konexioa, eta ez da ahaztu behar beti bermatu eta bete behar direla ingurumeneko, arkeologiako, lurzoruaren erabilerako eta abarreko gainerako administrazio-eskakizunak». Tapiak esan du LPSa bidea egiten ari dela eta Lurraldearen Antolamendurako Batzordearen eskuetan utzi dutela. Gaur-gaurkoz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak online duen dokumentuan, 33 eremu zabal dauzkate proposatuta zentral eolikoak egin ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.