Bederatzi greba egun egin dituzte aurten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleek. Joan den asteko asteazkenean egin zuten azkena, eta LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek ohartarazi zuten «indartsu» zeudela grebekin jarraitzeko baldin eta Hezkuntza Sailak ez bazien erantzuten egindako eskaerei. Esan eta egin. Beste bost greba egun iragarri dituzte: maiatzaren 12rako, 13rako, 14rako, 15erako eta 16rako. Jaurlaritzak «onartezintzat» jo du deialdia.
Agerraldian Steilaseko Haizea Arbide Aza, LABeko Aritz Villar Fernandez, ELAko Miren Zubizarreta Juaristi eta CCOOko Sonia Aldabe Martin izan dira. Hau da, gehiengoa osatzen duten sindikatuetako ordezkariak. Salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak urteak daramatza aldebakarrez neurriak inposatzen, eta «harrokeria horrek» eragin du gaur egungo egoera.
Irakasleek hamabost urte daramatzate lan hitzarmena eguneratu gabe, eta hitzarmen berria izenpetzeko negoziazioak ez dira errazak izan orain arte. Arbidek gaur azaldu duenez, joan den asteko bileran Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak «negoziaziorako egutegia baino ez» zien aurkeztu, eta atzo arratsaldean helarazi zien proposamen bat. Salatu dutenez, baina, proposamen horrek ez die egoki erantzuten sindikatuek plazaratutako eskaerei, eta «edukia, zehaztapena eta bermeak» falta dira bertan. Horregatik erabaki dute berriro grebara jotzea.
«Oraindik ez ditugu nahikotzat jotzen egindako urratsak; aldarrikapen guzti-guztiei erantzun behar diete»
ARITZ VILLAR FERNANDEZLAB sindikatuko ordezkaria
Aurreko proposamenarekin alderatuta, atzo egindako proposamenean «aurrerapauso txiki batzuk» egon dira «gai batzuetan», Villarren arabera. Beste kontu batzuetan, berriz, «atzera» egin dute. Izan ere, Zubizarretak jakinarazi du Hezkuntza Saila aldatuz joan dela proposatu izan dituen neurri batzuk. Erosahalmena berreskuratzeko proposatutako igoerak jarri ditu adibidetzat: «Nahikoa ez diren igoera batzuk proposatu dituzte, eta, gainera, igoerak horiek ere aldatuz joan dira».
«Oraindik ez ditugu nahikotzat jotzen egindako urratsak; aldarrikapen guzti-guztiei erantzun behar diete», azpimarratu du LABeko ordezkariak. Eta Zubizarretak erantsi du mahai gainean «eduki apur» batzuk baldin badaude grebei eta mobilizazioei esker daudela. «Grebarik gabe, ez dago edukirik».
Biharko bilera, bertan behera
Hezkuntza Sailak biharko deituak zituen sindikatuak, baina bertan behera utzi du bilkura. Arbidek goizean salatu duenez, deialdi horren helburu bakarra zen atzo aurkeztutako proposamena sinatzea. Hau da, proposamena «ultimatum gisa» aurkeztu du, eta «negoziaziorako aukera baztertu». Biharko bilerara deitu edo ez erabakitzeko, Hezkuntza Sailak erantzun bat emateko eskatu die sindikatuei. Steilasek, LABek, ELAk eta CCOOk gaur goizean jakinarazi dute ez dutela sinatuko. Handik gutxira erabaki du Hezkuntza Sailak bilera bertan behera uztea.
«Hezkuntza Sailak negoziatzeko atea zabalik duela saldu badu ere, errealitatea bestelakoa izan da: jarrera itxia, eszenifikazioa, edukirik gabeko bilerak...»
MIREN ZUBIZARRETA JUARISTIELA sindikatuko ordezkaria
Sindikatuek esan dute negoziatzeko «borondate osoa» dutela. «Blokeoa beste aldetik dator», kritikatu du ELAko ordezkariak. «Hezkuntza Sailak negoziatzeko atea zabalik duela saldu badu ere, errealitatea bestelakoa izan da: jarrera itxia, eszenifikazioa, edukirik gabeko bilerak...», azaldu du. Eta erantsi du «grebak desaktibatzeko xantaia» erabiltzen ahalegindu direla, negoziatzeko aukerak albo batean utziz eta «blokeoa» luzatuz. Hori ikusirik, «edukiak, zehaztapenak eta bermeak dituzten proposamenak» mahai gainean jartzeko exijitu diote Hezkuntza Sailari, «inolako baldintzarik gabe».
Hilabete geratzen da hurrengo greba ziklorako, eta aste hauetan negoziatzeko prest daudela esan dute sindikatuek. «Hezkuntza Sailak esan zigun ez zuela greba egunetan negoziatuko, baina horrek ez du esan nahi aste hauetan negoziatu ezin dugunik», zehaztu du Arbidek, eta gehitu Hezkuntza Sailaren eskuetan dagoela negoziaziorako bide bat irekitzea eta horretarako mahaira deitzea.
Greba egunetan irakasleek kalean egin bezala, sindikatuek gaur ere gogora ekarri dituzte langileen aldarrikapenak. Besteak beste, lan zamak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea, lanpostu publikoak bermatzea eta egonkortzea, eta galdutako erosahalmena berreskuratzea exijitu dute.
«Hezkuntza Sailak esan zigun ez zuela greba egunetan negoziatuko, baina horrek ez du esan nahi aste hauetan negoziatu ezin dugunik»
HAIZEA ARBIDE AZASteilas sindikatuko ordezkaria
Beste aldarrikapen batzuk ere izan ditu hizpide Villarrek. Hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duten hezkuntza politikak abiarazteko eskatu du, eta langileen lan osasuna zaindu eta kalitatezko berdintasun eta hezkuntza plan egonkorrak garatzeko. «Irakasleen lan baldintzak negoziatzeko garaia da», adierazi du. Oro har hezkuntza publikoa indartzeko, Villarrek ezinbestekotzat jo du «inbertsioa handitzea, lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa baliabidez hornitzea». Eta hori guztia lortzeko «negoziazio erreal bat» exijitu du.
Pedrosa: «Soldata igotzea eskatzen ari dira»
Hezkuntza Sailak gogor erantzun dio sindikatuen deialdiari. Begoña Pedrosa sailburuak «onartezintzat» jo du beste greba sorta bat iragarri izana, «euskal eskola publiko osoari mesede egingo liokeen akordio baterantz aurrera egin beharrean». Argudiatu duenez, negoziazio prozesuan Jaurlaritza prest azaldu da baliabide gehiago emateko, baina sindikatuek soldata igoeran egin dute azpimarra: «Hezkuntza Sailak baliabide gehiago proposatu ditu ikasleen ongizate emozionalari hobeto erantzuteko, iritsi berri diren ikasleen euskararen ikaskuntza indartzeko eta emaitzak hobetzeko, baina, horren aurrean, sindikatuak soldata igotzeko eskatzen ari dira».
Pedrosak gehitu du Hezkuntza Sailak ez duela asmorik «gatazka mugarik gabe luzatzeko», eta prest azaldu da «hitz egiten jarraitzeko eta euskal eskola publikoa benetan indartuko duen akordio bat lortzeko».
Kronologia
- 2024ko abenduaren 16a. Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek hamabi greba egun iragarri zituzten: lau irakasleentzat —urtarrilaren 22rako eta 23rako, eta otsailaren 26rako eta 27rako—; lau Haurreskolak partzuergorako —urtarrilaren 28rako eta 29rako, eta otsailaren 12rako eta 13rako—; eta lau garbiketa eta jangeletarako —urtarrilaren 30erako eta 31rako, eta otsailaren 19rako eta 20rako—.
- Urtarrilaren 22a. Lehen greba eguna izan zen, irakasleena.
- Otsailaren 10a. Haurreskolak partzuergoan lan hitzarmena berritzea adostu zuten; bertan behera geratu ziren grebak.
- Martxoaren 11. Beste bost greba egunetara deitu zituzten irakasleak eta garbiketako eta jantokietako langileak.
- Martxoaren 21a. Sukaldeko eta garbiketako lan ituna berritzea adostu zuten; bertan behera geratu ziren grebak.
- Martxoaren 24a. Hezkuntza Saila eta sindikatuak batu ziren. Negoziazio mahai gatazkatsua izan zen. 02:00etan amaitu zen bilera, akordiorik gabe.
- Martxoaren 25a. Irakasleek bigarren greba zikloa hasi zuten, eta greba egin zuten hilaren 25ean, 26an eta 27an.
- Martxoaren 28a. Hezkuntza Sailak prentsaurrekoa eman zuen. Ziurtatu zuen akordio on bat lortzeko zorian zeudela.
- Apirilaren 1a eta 2a. Berriz ere greba egin zuten. Amaieran, sindikatuek zera ohartarazi zuten: Hezkuntza Sailak aldarrikapenei erantzun ezean, oraindik ere bazutela indarra grebekin jarraitzeko.
- Apirilaren 4a. Negoziazio mahaia bildu zen. Ez zuten aurrerapauso handirik eman; sindikatuen irudiko, Hezkuntza Sailaren negoziatzeko deia «itxurakeria» hutsa izan zen.
- Apirilaren 9a. Sindikatuen arabera, Hezkuntza Sailaren azken proposamena jaso zuten. Iritzi diote ez dela nahikoa, ez diela behar bezala erantzuten irakasleen eskaerei.
- Apirilaren 10a. Bost eguneko greba deialdia egin dute.