LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek aurrera egingo dute greba zikloarekin Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetan. Urtarrilean eta otsailean hamar greba egun egin zituzten, eta, azaldu dutenez, mobilizazio horien «arrakastak» behartu du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila «hitzarmen berrietarako proposamenak mahai gainean jartzera». Hala ere, proposamen horiek oraindik oso urrun daude langileen eskakizunetatik, eta, horregatik, grebara joko dute berriro: martxoaren 25ean, 26an eta 27an, eta apirilaren 1ean eta 2an.
Lan gatazkak bi langile multzori eragiten die: irakasleei, eta sukaldeko eta garbiketako langileei. Urtarril-otsailetako protestetan, bakoitzak bere aldetik egin zuen greba; oraingoan, baina, talde biak daude grebara deituta, eta, mobilizazioak aparte egingo dituzten arren, bat egingo dute manifestazioetako bukaeretan. Martxoaren 25ean Bilbon egingo dute manifestazioa; martxoaren 26an, berriz, hiru hiriburuetan. Martxoaren 27an mobilizazio nagusia Donostian izango da. Apirilaren 1ean hiru hiriburuetako kaleak hartuko dituzte, eta apirilaren 2an, langile guztiek manifestazio bateratua egingo dute Gasteizen, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean amaituko da.
ELAko Miren Zubizarretak, LABeko Lorea Igartuak, Steilas sindikatuko Haizea Arbidek eta CCOO-Irakaskuntzako Sonia Aldabek gogorarazi dute sukaldari eta garbitzaileen lan hitzarmena 2009koa dela, eta irakasleena, berriz, 2010ekoa. Beraz, hitzarmen horiek «hemen eta orain negoziatzeko beharra» begien bistakoa dela irizten diote sindikatuek. Baina, diotenez, ez da hori Hezkuntza Sailaren jarrera: «Komunikabideen aurrean esaten du negoziatzeko atea irekia duela, baina hitzarmen berria negoziatzeko mahaietan jarrera itxia du; negoziazioa etengabe luzatzen du, eta gatazka desitxuratzen saiatzen da».
Sindikatuetako ordezkariek esan dutenez, multzo bakoitzak bere aldarrikapenak ditu, baina langileen eskaerek bat egiten dute zenbait puntutan: lan zamak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea, langile taldeen «gazteberritze plana» garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, eta enplegu publikoa bermatu eta lanpostuak egonkortzea «alde bakarrez erabakitzen diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieretan».
Eroshalmenari dagokionez, sindikatuetako ordezkariek gogorarazi dute hitzarmena berritu gabe egon diren 15 urteetan erosahalmenaren %20 inguru galdu dutela: «Ez da gure asmoa hori guztia batera berreskuratzea, baina akordio bat egin nahi dugu berreskuratzeko prozesu hori nolakoa izango den jakiteko».
Beste aldarrikapen batzuk ere badituzte irakasleek eta sukaldeko eta garbiketako langileek: hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duten politikak ezartzea, baliabideak jartzea langileen lan osasuna zaindu eta «kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak» garatu ahal izateko, eta «azken urteetan inposatutako atzerapausoak» kentzea.
Datarik gabe
Horri guztiari ekiteko, «egiazko negoziazioa gauzatzeko» eskatu diote Hezkuntza Sailari. Azaldu dutenez, oraindik ez dauzkate egunak jarrita negoziazio mahaiak biltzeko. «Urte hasieran jarritako bilerak baino ez daude, baina horiek ez dute zerikusirik lan hitzarmenen negoziazioarekin».
Sindikatuetako ordezkarien arabera, orain arte Hezkuntza Sailak argudiatu du ez dagoela dirurik langileen eskakizunei erantzun ahal izateko, eta zenbait arlotan ez duela eskumenik. «Azken orduetan ikusi dugu kolektibo batek soldata igoera nabarmena izan duela; beraz, dirua badago, eta Jaurlaritzaren eskumena da», esan du Igartuak, Ertzaintzaren hitzarmen berrirako akordioa gogoan. Negoziazioetan «malguak» izateko prest daude sindikatuak, «baina malgutasuna alde bietatik egon behar da».
Sindikatuen arabera, aurreko greba deialdiak «arrakastatsuak» izan ziren, eta langileen %75ek bat egin zuten haiekin. Jaurlaritzak, berriz, %48ra murriztu zuen langileen parte hartzea, berak emandako datuetan. «Guk eskola guztietara deitzen dugu parte hartzearen datuak lortzeko, baina ez dakigu Jaurlaritzak nola egiten dituen bere kalkuluak; pentsatzen dugu gutxieneko zerbitzuak edo gaixo dauden langileak ez dituztela kontuan hartzen», azaldu du Zubizarretak. Oraingoan ere, grebak arrakastatsuak izatea espero dute: «Batzarrak egiten ari dira ikastetxe guztietan, eta grebaren aldeko giroa sumatzen dugu: langileak nekatuta daude, haien lan hitzarmenak 15 urtez berritu gabe egon direla ikusita».
Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuorde Blanca Guerrerok adierazi du «harrituta» daudela, ez dutela ulertzen zergatik deitu duten grebara: izan ere, administrazioaren eta sindikatuen arteko negoziazioek «zabalik» daudela esan du. Azken bilerak lehengo astearen amaieran izan zituztela zehaztu du, eta aurrerabideak izan zirela. Horiek horrela, sindikatuen portaera kritikatu du: «Ez ditugu ulertzen defendatzen ari diren interesak».