Beste bi euskal preso El Duesoko espetxera gerturatuko dituzte

Jon Rubenach Leongo kartzelan dago, eta bigarren gradura igaroko da. Asier Borrero behin-behineko espetxealdian dago, Palentzian

JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
jon olano
2021eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak erabaki du beste bi euskal preso Euskal Herritik gertuago dagoen presondegi batera hurbiltzea. Jon Rubenach Iruñeko presoa da horietako bat: Mansillako kartzelan dago, Leonen, 370 kilometrora, eta El Duesora gerturatuko dute, 170 kilometrora. Rubenach 2019ko apirilaren 16an espetxeratu zuten, 30 urteko zigorra betetzeko, eta 2040ko azaroan beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Mansillako kartzelako Tratamendu Batzordeak proposatu du lehen gradutik bigarrenera igarotzea eta sorterritik gertuago dagoen kartzela batera lekualdatzea.

Gainera, Asier Borrero Algortako presoa ere gerturatuko dute: Dueñasko kartzelan dago, Palentzian, 310 kilometrora, eta El Duesora eramango dute hura ere. 2019ko otsailaren 25etik dago kartzelan, behin-behinean. Iragarritako mugimenduak aintzat hartu gabe, 22 euskal preso daude gaur egun Kantabriako presondegian; hura da euskal preso gehien dituen Espainiako kartzela. Atzo, hileko azken ostiraleroko legez, elkarretaratzeak egin zituzten dozenaka herritan, eta ehunka lagun elkartu ziren euskal preso guztiak etxeratzearen alde.

AVT, kexu

2018ko ekainean Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentetzara heldu zenetik, 162 euskal preso mugitu dituzte hiru urteotan, eta 41 daude Euskal Herriko kartzeletan, zigorra etxean betetzen ari direnez gain. Gainera, 55 preso geratzen dira lehen graduan.

Hain justu, gobernuarekin kritiko mintzatu da AVT Terrorismoaren Biktimen Elkartea: «Laster, Sanchez jaunak bere bazkideen aurrean esan ahal izango du bere lehen helburua bete duela: ETAko preso guztiak lekualdatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.