Beste bi eraikin egingo dituzte minbizia tratatzeko eta kontsultetarako, Donostian

Eraikinetako batek lau solairu izango ditu, eta 24 milioi eurotik gora kostatuko da. Protoi terapia izeneko teknika erabiliko dute hartan, minbizia tratatzeko. Aurreikusten da 2026. urterako amaituko dutela.

Donostia Ospitalea. ANDONI CANELLADA / FOKU
Sara Iriarte Lasa
2023ko abuztuaren 16a
16:33
Entzun

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Euskadi Irratian azaldu duenez, birmoldaketa «garrantzitsuak» egingo dituzte Donostiako osasun esparruan. Bi proiektu nagusi dituzte martxan: bata, Onkologikoaren ondoan azpiegitura berri bat egitea, protoi terapia izeneko teknika bat, –erradioterapiaren antzekoa– garatzeko. Sagarduiren esanetan, «aurreratuenetakoa» da onkologian gaur egun dauden tekniken artean. Beste eraikina Donostia ospitaleari batuta egingo dute. Sagarduiren hitzetan, kanpo kontsultak «hobeto» bermatu ahal izateko balio izango du eraikin horrek.

Protoi terapiak eskatzen dituen baliabideak «oso bereziak» direla ere azaldu du. Ondorioz, eraikin horrek lau solairu izango ditu: horietako bilurpean egongo dira. Bata «bunker berezi bat» izango dela esan du: «Protoi terapiak segurtasun neurri handiak behar ditu, erabiltzen diren materialek erradiazioa eragin baitezakete». Hurrengo pisuan aparkaleku bat egongo da, Onkologikoan gaur dagoenarekin eta kanpo kontsultetako eraikin berrian egingo denarekin bateratua. Hartan, pazienteen eta anbulantzien joan-etorria bideratu ahal izango da. Aparkalekuaren gainean, beste bi solairu egongo dira: arretarako gunea, kontsultak eta administrazioa egongo dira batean; bestean, profesionalek lan egiteko esparru bat izango dute, eguneroko jardunerako. Ikerkuntzarako esparrua ere hor egongo da. Proiektuaren garrantzia azpimarratu du Sagarduik: «Badakigu protoi terapia zerbitzuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoko eta inguruko erkidegoetako zerbitzua bermatuko duela». Minbizia tratatzeko eraikina 24 milioi euro kostatuko da. Aurreikusten dutenez, datorren urteko lehenengo seihilekoan hasiko dira obrekin, eta bi urte barru bukatua egotea espero dute. Beraz, protoi terapiakmartxan egon beharko luke «beranduenez» 2026. urterako.

Aparkalekua non egongo den, horixe da proiektuaren harira sortu diren kezketako bat. Sagarduik azaldu duenez, aurreikusia dute zer egin aparkalekuarekin: «Hor gertu dauden lursail batzuekin gabiltza lanean, eta espero dugu obrak hasi orduko aparkalekua eginda egotea».

Osakidetzak udan hartutako erabakiak

Uda honetan, Osakidetzak etengabeko arretako guneetan lan egiten duten erizainentzat aurkeztu duen gidaliburuak zeresana eman du. Horren harira, osasun sailburuak azaldu du gidaliburu horrek frogatzen duela erizainek ez dutela beren zereginaz bestelako ezer egiten, eta ez zaiela beren lanaz bestelako ezer egiteko eskatzen. Haren ustez, hori da gidaliburu horren funtzioa: «Irizpide batzuk eta gomendio batzuk ematea jakiteko kasu batzuetan nola jokatu».

Bestalde, Osakidetzak osasun etxeetako ordutegiak ere moldatu ohi ditu udan: ordutegia murriztu, eta beste hainbat ordutan itxi. Sagarduik azaldu du udan osasun zerbitzu publikoaren eskariak «behera» egiten duela. Beraz, baliabideak eskariaren arabera egokitu behar izaten dituzte, gehitu duenez: «Baliabideak ez ditugu murrizten, egokitu baizik. Asistentzia bermatuta dago. Herritarrak inoiz ez ditugu uzten zerbitzurik gabe».

Aurtengo udan oihartzuna izan duen beste kontu bat hau da: lan eskaintza publikora aurkeztu diren hautagaiek erietxeetako atarietan sortu dituzten ilarak. Horri dagokionez, Sagarduik adierazi du kontuan izan behar dela Osakidetzaren egoera: «Legegintzaldiaren hasieran, 4.000 lanpostu egonkortzeko asmoa azaldu genuen. Gaur egun, 11.000 lanpostutik gora egonkortzeko prozesuetan sartuta gaude. Horrek dokumentazioa aurkeztea nahitaezkoa izatea eragiten du». Dokumentazio guztia aurrez aurre aurkezteak sortu dituen kexen inguruan, Sagarduik defendatu egin du Osakidetzak hartutako erabakia: «Administrazio prozedurak zehazten du dokumentu horiekoriginalekin ekarri behar direla».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.