Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa

Beste behin PSNren eskuetan

Nafarroako Gobernu barruko tirabirak, PSNren eta UPNren arteko gerturatzea zenbaterainokoa den, nola egituratuko den eskuina, gainerako alderdien urratsak... Legealdi amaierako giltzarriak aletu dituzte Ricardo Feliu NUPeko soziologoak eta Juan Kruz Lakasta Euskalerria Irratiko koordinatzaileak.

Maria Txibite idazkari nagusi izendatu zuten urrian, PSNren kongresuan. IÑIGO URIZ/ FOKU.
joxerra senar
<i>Iruñea</i>
2022ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Zalantza asko daude argitzeko Nafarroan: koalizio gobernuko bazkideen arteko tentsioek zer ondorio izan dezaketen, UPNren eta PSNren arteko gerturatzeak sakoneko esanahi politikorik ote duen, nola berregituratuko den eskuina, alderdi bakoitza nola prestatzen ari den... Bihurgunez betetako urtea geratzen da aurretik, eta haren giltzarriak ulertzeko mintzatu da BERRIA Nafarroako errealitate politikoa ondo ezagutzen duten bi aditurekin.

Nolako legealdia da?

«Legealdi arraroa izan da. Koronabirusak agenda guztia markatu du», aipatu du Ricardo Feliu NUPeko soziologoak. Haren ustez, «erabaki zailak hartzea» egokitu zaio gobernuari, eta atzean utz zezakeela zirudienean etorri da Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoei aurre egin beharra.

Pandemiak desmobilizazioa eragin duelakoan dago Juan Kruz Lakasta Euskalerria Irratiko koordinatzailea. Aurreko legealdian, Altsasuko auziaren aurkako manifestazioek eta mugimendu feministaren mobilizazioek «aldaketaren aldeko oinarriak kohesionatu zituzten. Jendea aktibatuta izateak laguntzen du botoa mobilizatzen. Oraingo honetan hori desagertu da», azpimarratu du.

Politikoki, berriz, PSNren mugimenduari erreparatu dio Lakastak. «PSNk behingoz onartu du gobernua era dezakeela indar abertzaleekin eta ezkertiarrekin». Koalizio abertzaleak Maria Txibiteren inbestidura ahalbidetu zuen, eta gerora hiru aurrekontu akordio hitzartu ditu gobernuarekin. «Aurrerapauso historiko horrek zailago egiten du esatea haiekin ezin dela hitz egin. Hori aldaketa garrantzitsua da».

Zerk markatuko du azken urtea politikoki?

Orain gutxira arte, eskuina jokoz kanpo geratu da. «Nik esango nuke Navarra Sumak bere burua baztertu duela, eta PSNk zentro politikoa okupatu du», nabarmendu du Feliuk. Haatik, otsailetik hori aldatu egin da. Lan erreforman, Hitzarmen Ekonomikoa berritzean eta PAIren legean, UPN ados jarri da sozialistekin. Gerturatze horrek mesfidantza handitu du gobernu barruan, batik bat Geroa Bairekin. «Tentsio joko bat egon da bien artean. Geroa Baik bilatu du noraino hel zitekeen, eta PSNk, berriz, ea ez zaigun asmakizun hau pikutara joaten. Ahal Dugu ez da gerra horretan sartu, baina horrek eraman du politikoki ikusezin bihurtzera», esan du Feliuk.

PSNk gerarazi egin du Ana Olloren departamenduaren egitasmo nagusia, euskararen plan estrategikoa, eta funtzio publikoko merezimenduen dekretuari bere zentzua inposatu dio. «Sektore euskarafoboan UPNrekin du lehia, eta PSNk blokeatu egin du plana, euskaltzaleen haserreak botoak emango dizkiolakoan eta Geroa Bai higatuko duelakoan. Hitzarturikoa urratu dute sozialistek, eta Geroa Baik ez du jakin urraketa hori aurreikusten. Orain ez daki zer egin».

Udatik bueltan, legealdiko azken aurrekontuak eztabaidatu beharko dira, eta baliteke posizioa irmo finkatzeko gatazka sortzea bazkideen artean. «Dena den, hauteskundeetan zer gerta ere, kontuan hartu beharko da probabilitate handiena egungoaren moduko agertoki bat errepikatzea dela. Ondorioz, litekeena da tentsioa ez areagotzea, ez baita komeni», adierazi du Feliuk.

Lakastak ez du hain argi hori.«Ataka estua dator Geroa Bairentzat eta EH Bildurentzat. Euskararekin PSN egiten ari den guztia eta gero, erabaki beharko dute zer egin aurrekontuekin. Aurka azaltzeak balio dezake duintasuna adierazi eta marra gorria finkatzen dakizula erakusteko. Baliteke boto-emaile batzuek eskertzea, baina litekeena da beste batzuek ikustea jarrera horrek PSN UPNrengana bultza dezaketela».

Baliteke gobernua haustea?

Arriskua ezin da baztertu. «Tamaina itzeleko akats politikoa litzateke. Arduragabekeria galanta, egungo testuinguru ekonomiko sozialean», azpimarratu du Feliuk: «PSN jabetzen da hausturak kostu politiko handia duela. Koronabirusaren ondorioak ez dira amaitu; garestitze orokorrari aurre egin behar zaio. Zalaparta eraginez gero, Navarra Suma eroso egongo litzateke. Erraz izango du erakustea nola ez diren elkarrekin gobernatzeko gai. Energia handia bideratu behar da hausturaren arrazoiak azaltzera. Ez du merezi». Haren ustez, PSNk Geroa Bairi ohartarazi nahi dio eurek dutela aginte makila.

Zer bilatzen du PSNk?

Otsailaren 3an, lan erreformaren bozketaren ondotik krisia piztu zen UPNn, eta, Lakastaren arabera, PSNk abantaila atera nahi du.«Akaso UPNren gainetik jartzeko aukera ikusi du. Lehenagotik eduki zezakeen tentazioa biziagotu dio». Haren ikuspegitik, ez da erreala UPN gainditzeko xedea, baina «ahalik eta gehien higatu nahi ditu gainerako guztiak, joko mahaian aukera guztiak irekirik izateko». Bi kasuetan indarturik aterako litzateke: Batean, UPNrekin parez pare gobernua banatzeko lehian; bestean, egungoaren pareko agertokian, baina «are indartsuago».

Feliuk gogora dakar PSNren, Geroa Bairen eta Ahal Dugu-ren artean «hiruki bertutetsu» bat dagoela: haien boto emaileetako batzuek egoeraren arabera erabakitzen dute nori eman botoa. Iraganean, PSNren barne krisia baliatuta, Geroa Baiketa Ahal Dugu-k profitatu zuten boto ihesa, eta irabazi hartan oinarritu zen 2015eko aldaketa. Aldiz, egun «hiruren arteko bideak irekita daude oraindik ere, eta PSN irabazten ari da bataila», Feliuren arabera. Botoen joan-etorriak azal dezake batzuen eta besteen portaera.

Nola egituratuko da eskuina?

Nafarroako hiru bloke politikoen artean, uneotan aukera guztiak zabalik daude eskuinean. UPNk bi legealdi daramatza gobernutik kanpo, eta hil edo bizikoa zaio Nafarroako Jauregira itzultzea. «Agintzeko bokazioarekin sortutako alderdia da, eta galdu dute garai bateko diskurtso hegemonikoa. Zein da haien ideia nagusia? Ez dakigu. Lidergo ahula dute, eta Esparza jarri dute zerrendaburu berriro; bi hauteskunde galtzetik datorren. Boterea zutenean karguek eta diruak dena koipeztatzen zuten, baina makineria horrek guztiak karranka egin die orain. Arazo handi samarra dute», azaldu du Lakastak.

Feliuren arabera, UPNk mugimendu interesgarria egin zuen lan erreformaren inguruan, eta saiatu ziren berriro PSOErekin ados jarrita akordio bat inposatzen PSNri. «Haien plana zen gaztatxoaren teoria berpiztea [Nafarroako bi blokeetako alderdi nagusi gisa, UPNren eta PSNren arteko akordioekin lortuko dela abertzaleen blokea alboratzea eta botere politikoa ziurtatzea urte luzez]. Hau da, Maria Txibite orain abertzale zitalek bahituta dutenez, anaia handiarengana jo eta Pedro Sanchezek esan diezaiola Txibiteri txapela kentzeko. «Mugimendu hura Sergio Sayasek eta Carlos Garcia Adanerok zapuztu zuten», aipatu du Feliuk, ironiaz.

Lakastari iruditzen zaio UPN bakarrik aurkeztuko dela sozialisten bidea esploratzeko. Duda nagusia da estrategia hori ikusita zer egingo duen PPk. «Nafarroako PPren bulkada da Adaneroren eta Sayasen plataformarekin zerbait osatzea», uste du.

Alta, alderdiko burua Alberto Nuñez Feijoo da, ez Pablo Casado. «Mariano Rajoyren eskuina ordezkatzen du Feijook, eta halako akordioen aldekoa da: ez sortu suterik, eta egonkortasunaren alde egin». Feliuren ustez, Feijoorentzat garrantzitsua da nola egituratzen den borroka politikoa estatuan, eta jabetzen da Nafarroaren moduko eremu «autonomo eta txikietan» akordioak lortu behar direla. Feliuren iritziz, PPk UPNrekin akordioa egingo du.

Beste zalantza nagusia da Sayas eta Adanero diputatuen plataforma bozetara aurkeztuko ote den: «Bilerak egiten ari dira, eta neurtzen ari dira ea badagoen masa kritikorik», azaldu du Feliuk. Aurkeztuko balira, ikusi beharko litzateke ea akordiorik negoziatuko duten Voxekin edo PPrekin.

Zer gertatuko da beste alderdiekin?

Iazko ekainetik, Ahal Dugu, Ezker Batua eta Batzarre negoziazioan murgilduta daude bozei begirako proposamen bat adosteko. Ricardo Feliuren ikuspegitik, Ahal Dugu testuinguru berezian sortu zen, eta oso arrakasta azkarra izan zuen: «Modan jarri zen, baina oina labainkorra zuen, eta uneotan politikoki hilda dago». Haren ustez, aukera bakarra da berregituratzea eta beste eremu bat eratzea, baina «hiru edo lau parlamentari» lortzeko sabaia ikusten dio eremu horri.

Geroa Bairi dagokionez, Lakastak uste du «erabaki egokia» izan dela Uxue Barkos gobernuan ez sartzea eta «parlamentuko lehen lerroan ez ibiltzea». Alta, orain zailtasun bat ikusten dio: «Desagerturik egon da legealdian, eta baliteke zaila izatea berraktibatzea, nahiz eta indar handiko hautagaia den». Haren erronka lurraldean hedatzea zen, eta ikusiko beharko da horrek emaitzarik eman dien. Era berean, azpimarratu du Geroa Sozialberdeak alderdiak eta EAJk oraindik ez dutela koalizio akordioa berretsi.

2011tik, EH Bilduk zailtasunak izan ditu bere mugak gainditzeko. 2019ko udal hauteskundeetan foru hauteskundeetan baino 17.000 boto gehiago eskuratu zituen, eta horrek hazteko bidea erakuts diezaioke. Legealdian «arduraz» jokatu du, Lakastaren arabera: «Ez dakit hori zenbateraino den errentagarria. Hor ez dago epikarik, eta ezkerreko botoa pizteko garrantzitsuak dira kontrakotasuna eta mobilizazio soziala». Bakartxo Ruizek «hutsune handia» utzi du, Lakastaren aburuz. Laura Aznal izango da zerrendaburu, eta hark «profil interesgarria» duela iritzi dio, baina, era berean, ez da ezaguna.

Zer agertoki posible daude?

Feliuren arabera, egungoaren pareko agertoki politikoa errepikatzeko aukera handia dago. Gauza bat da PSNk zentraltasunera jokatu nahi izatea, eta bestea UPNrekin legealdiko akordioa egitea: «Iraganean eskuinarekin negoziatu ohi zuten pisuko ordezkariak alderditik bereizi zituen Txibitek, eta nire susmoa da harentzat UPN azken aukera dela. Beste kontu bat da 2007an bezala Madrilek inposatzea zer egin, eta hori ezin da baztertu».

Baliteke Espainian legealdia kale itsu batean sartzea datozen hilabeteetan, eta litekeena PSOEk har dezakeen norabideak markatzea PSNrena. Bi agertokietan, sozialisten eskuetan da Nafarroan norantz jo erabakitzeko lema.

Iruñeko Udalean ere litekeena da PSNren eskuetan egotea alkatetza nork hartuko. 2019ko udal bozetan, Navarra Suma gehiengo osoa lortzetik oso gertu geratu zen, baina emaitza hartan zerikusi handia izan zuen Ahal Dugu eta Ezkerra banandurik aurkezteak. Feliuren ustez, baliteke orain eskuinak ordezkari kopurua txikitzea. «Dena den, jabetu behar gara 2015ekoa oso emaitza ezohikoa izan zela». Ikusi beharko da PSNk zer hautagai aurkezten dituen, eta, emaitza orokorraren arabera, baliteke udalaren osaera 2023ko mapa orokorraren negoziazio mahaiaren gainean egotea.

Lakastak argi du 2023an talde abertzaleek «hobeki» negoziatuko beharko dutela, batik bat hizkuntza politikan edo bizikidetzan. Arriskuaren bertigoa bi aldeek nabaritu beharko lukete, haren ustez:«Sozialistei zenbait gauza ez zaizkie onargarri, eta UPNrengana joateko mehatxua egiten dute, baina horrek bi norabidetan funtziona dezake. Benetan prest al dira UPNren lehendakaria jartzeko?».

Horixe da ironia: legealdiz legealdi, zirkuluan biraka, ezbai bera etengabe errepikatzera kondenatuta dago Nafarroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.