Beste behin frantsesez egin beharko dute baxoa

Ikasleek Filosofia probari ekinen diote, eta euskalgintzako eragileek protesta eginen dute Baionan

Aitor Renteria.
Baiona
2011ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Ohi bezala, Filosofia azterketa eginez ekinen diote baxoari Ipar Euskal Herriko ikasleek, eta, ohi bezala, ikasketa guztiak euskaraz egin ondoren, frantsesez egin beharko dute haien ikasketetan funtsezkoa den azterketa. Aurten etsamina euskaraz egiteko aukera aztertuko zuela erran zuen Bordeleko Errektoretzak, baina azkenean aukera baztertu, eta, orain artean bezala, frantsesez egin beharko dute.

Seaskako guraso eta langileek elkarretaratzea eginen dute Baionako Cassin lizeoaren aitzinean, Bordeleko Errektoretzak hitza jan duela salatzeko. Azterketa frantsesez eginaraztea ikasketa guztiak euskaraz egin dituzten ikasleen kaltetan dela dio Seaskak. Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak bat egin dute Seaskaren ekimenarekin, eta 07:15ean Cassin lizeoan elkarretaratzera deitu dituzte euskaltzaleak.

Diskriminazioa salatzeko

Azterketak euskaraz egin nahi izateagatik ikasleek diskriminazioa pairatzen dutelasalatu du Behatokiak. Nabarmendu du Seaskaren Etxepare lizeoko ikasleek azterketa euskaraz egiteko eskaria egin ziotela errektoreari. Alta, Euskararen Erakunde Publikoaren lehentasuna belaunaldi berriak euskalduntzea izan arren euskaldunen eskubideak urratuak direla adierazi du Behatokiak. Bizi osoan ikasketak frantsesez egin dituzten ikasleen parean euskaldunek zailtasun gehiago dauzkatela dio.

Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak ere ikasleen eskubideen zangopilatzera deitu dute, eta Seaskak gaur goizerako antolatutako elkarretaratzera joateko deia egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.