Beste begirada bat: andrazkoena

Marta Macho Stadler matematikariari ez zaio gustatzen bere izena 'M.' soil bat bihurtzea; argi utzi nahi du beti 'Marta' dela: andrazkoa. Zientzia andreena ere badela erakusteko lanean irmo ari da.

Bere lantokiko atean ageri da Marta Macho Stadler, EHUko Zientzia Fakultateko bulegoan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
2015eko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Beti kezkatu nau asko gaiak; beti saiatu naiz zientzia egin duten emakumeak badirela erakusten; bai irakasle gisara, baita beste foro batzuetan ere». Marta Macho Stadler matematikariaren izena (Bilbo, 1962), hain zuzen ere, azkenaldian estuki lotu da zientzian emakumeek merezi duten tokiaren aldarrikapenarekin; hainbat alorretan egin ditu horren aldeko urratsak, eta bera da, esaterako, EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Kultura Zientifikoko katedraren barruko Mujeres con Ciencia blogaren editorea. Etzi, DIPC Donostia International Physics Centerren Mestizajes programaren barruan, beste ale bat jarriko du bere jardunean, eta emakume zientzialariak aurkeztuko ditu, literatur lanetan izan dituzten aipamenen bitartez; Donostian izango da, San Telmo Museoan, 19:30ean. Eta atzetik, izango dira gehiago ere, zeregina franko ikusten baitu: andrazkoen aldeko printzen bila, «arras maskulinizatutako mundu batean».

Gaiari buruzko jarrera, oro har, irekitzen ari dela dio. Argi du «politikoki zuzen izan beharrak» ekarritako aldaketa bat izango dela hein batean. «Baina garrantzitsua da gaiaren inguruan lanean jarraitzea: erabat horretan sinetsita, gainera». Zientziaren historia sarri askotan oso sona handiko zientzialari zenbaiten aurkikuntzak eta izenak ardatz hartuta idatzi dela dio, eta garrantzitsua dela ikuspegi aldaketa bat. «Lankidetza handia eskatzen duen jardunbidea da zientzia, eta, normalean, ikerketa bat aurrera ateratzeko, jende asko egon da horren inguruan lanean: andre zein gizon. Eta, nire ustez, zientziaren historia kontatzean andre eta gizon horiek guztiak hartu behar dira aintzat. Beti daude, filmetan bezala, rol nagusiak eta bigarren mailakoak, baina jarduera guztiek merezi dute aitortza; eta askotan, bigarren mailako rol horietan, emakume aktore asko daude. Horregatik geratu dira sarri bigarren mailan».

Argi du, ordea, emakumeen «begirada» indar handiagoz txertatzeak ate berriak ireki ditzakeela. Osasunaren arloan, esaterako, andrazkoen osasunaren berezitasunak aintzat hartuta, ikerkuntza zidor berriak abiatu daitezke, orain arte bazter utziak. Eta baita laneko era berriak badirela erakusteko ere. Badu adibide oso gogoko bat: «Jane Goodall primatologoak, esaterako, kritika gogorrak jaso zituen garai batean, ikertzen zituen txinpantzeei izena jartzen zielako; era horretan ezin zela ikerketa zorrotz eta zehatzik egin egozten zioten. Baina haren ikerketek lortu dute onespena; asko ikasi da horiei esker. Izan ere, ikerketak zorrotzak dira, eta zehatzak, baina beste begirada batekin eginda daude».

Matematikaria da Macho Stadler, eta bereziki erreparatzen die berak ongien ezagutzen duen jakintzaren alorrean nabarmendutako emakumezkoei. Eta gutxi ezagutzen badira ere, asko direla dio. «Matematika oso teorikoa da; norberak bere baitan egiteko moduko lana». Eta ikerketarekin lotutako akademietako ateak itxiak zituzten garaietan zenbakiak andrazko askorentzat ihesbide bat izan zirela dio. «Askok izengoitiz izenpetu zituzten beren lanak, eta lortu zuten zientzia arloko elite garrantzitsuetara ailegatzea; andrazkoak zirela jakiten zenean, nola zientzia ondo egiten zutela erakutsi zuten, ezin izaten zituzten baztertu». Kimikan eta astronomian ere, etxetik bertatik urratsak egin ahal izaten zituzten andreek, eta hainbat nabarmendu ziren.

Garrantzitsua iruditzen zaio, bereziki, andrazko zientzialarien ereduak ezagutarazten jarraitzea.«Iraganekoak, eta gaur egun lanean ari diren emakumeenak», nabarmendu du. «Emakume gazteentzat zinetan garrantzitsua da zientzian ari diren emakumeen ereduak izatea; zientzian gizonezkoak bakarrik ez, andrazkoak ere lanean ari direla erakustea». Gero eta eta gehiago izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.