inaki petxarroman

Beste alderdi bat sortu dute ezker abertzalearen eremuan: Eusko Ekintza

2012ko abenduaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ezker abertzalearen eremuan beste alderdi politiko batek jardungo du aurrerantzean: Eusko Ekintzak. Alderdi berria bihar erregistratuko dute Espainiako Barne Ministerioan, eta hurrengo larunbatean aurkeztuko dute. Besteak beste, alderdi berriaren helburuak, logotipoa, izena eta osaketa aurkeztuko dituzte.

Sortu alderditik kanpo eratu dute Eusko Ekintza. Besteak beste, ezker abertzaleko hainbat kide izandakok, EAko kide ohi batzuek eta eremu libertarioko zenbaitek osatuko dute Eusko Ekintza, BERRIAk jakin duenez.

Alderdi berria ezker abertzalearen esparruan kokatu dute. «Kapitalismoa eta neoliberalismoa onartzen ez dugun hainbat sektorek bat egin dugu, sozialdemokraziatik kanpo».

Oraindik erakundeetan nola jardungo duten erabaki ez badute ere, haien kokapen naturala Euskal Herria Bilduren barruan ikusten dute sustatzaileek.

Alderdiaren antolaketari dagokionez, eskualdez eskualde eratuko da, modu horizontalean. «Demokrazia erradikala proposatzen dugu, eta horrek isla izango du barne antolaketan eta erabaki prozesuetan».

Halaber, hau da Eusko Ekintzak bultzatuko duen eredu politiko-ekonomikoa: «Ezker eraldatzailea eta iraultzailea, sektore publikoan, komunitarioan zein kooperatiboetan oinarritutako sozialismoa».

Biktimen atalari eta gatazka politikoaren ondorioei garrantzi handia eman nahi die: «Nazioarteko araudia betearaziz, biktima guztientzako egia, justizia eta erreparazioa» eskatuko ditu. «Gatazka politikoaren azkeneko urteetako errepresaliatu guztientzako amnistia lortzeko lan egingo dugu», iragarri dute.

Alderdi berriaren lan tresnak erakundeak, masa borroka herritarra, intsumisioa eta desobedientzia zibila izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.