Datuak

Beste 675 kasu atzeman dituzte Hegoaldean

Bezperan baino 150 positibo gehiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian. Dena dela, nabarmen test gehiago egin dira, eta, ondorioz, apaldu egin da positiboen ehunekoa: %4,5 da. Koronabirusak gutxienez 115 lagun hil ditu astebetean Hegoaldean.

Antigenoen testak Zarauzko ospitalean. GORKA RUBIO, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko abenduaren 16a
11:10
Entzun

Bigarren egunez jarraian, apaltzera egin du positiboen ehunekoak Hego Euskal Herrian: %4,5 da. Hala eta guztiz ere, hazi egin da egun bakarrean zenbatutako positiboen kopurua. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, birusa atzemateko 15.015 test egin ziren atzo Hegoaldean, eta 675 positibo detektatu dituzte. Astelehenean, berriz, 525 kasu atzeman zituzten, ia 5.000 test gutxiago eginda.

Kutsatuen datuei dagokienez, Nafarroan atzeman dute kasu gutxien. Gobernuak aurreratutako datuen arabera, Osasunbideak 93 kasu atzeman ditu atzo egindako probetan. Zehazki, PCR probak eta antigeno testak aintzat harturik, 1.850 proba egin ziren atzo Nafarroan, eta horien %5ek eman zuten positibo. Hala, aurreko eguneko datuen aldean, bederatzi gutxiago zenbatu dituzte. Azaroaren 27tik aitzina, egun bakarrean erregistratutako positiboek ez dute inoiz gainditu 150 kasuren langa foru erkidegoan.

Hegoaldeko gainerako lurraldeei erreparatuta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hiruretan egin du gora atzemandako positibo kopuruak. Hala ere, aipatzekoa da Osakidetzak egindako test kopuruak izandako gorakada: astelehenean baino ia 4.500 proba gehiago egin ditu Osakidetzak, eta, zehazki, testen %4,4k eman dute positibo. Gipuzkoan 243 kasu atzeman dituzte atzoko probetan, bezperan baino 96 gehiago. Bizkaian 231 positibo erregistratu dituzte, aurreko egunean baino 55 gehiago. Araban 104 kasu zenbatu ditu Osakidetzak, bezperan baino bederatzi gehiago, alegia.

Hego Euskal Herriko ospitaleen egoerari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, guztira 65 pertsona eraman zituzten atzo ospitalera gaitzarengatik; bezperan, berriz, 49 erietxeratu zituzten. Azken datuen arabera, 122 lagun daude ZIUetan, eta 463 gaixo daude gela arruntetan.

115 heriotza astebetean Hego Euskal Herrian

Eusko Jaurlaritzak gaur eguneratu ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19aren eraginez hildakoen datuak. Emandako azken datuen arabera, 99 lagun zendu dira astebetean, aurrekoan baino 23 gehiago. Hiru lurralde horiei dagokienez, bigarren olatuko daturik makurrena da azken asteari dagokiona. Zehazki, abenduaren 7tik 13ra bitartekoak dira heriotza horiek.

Nafarroan, berriz, bestelakoa da joera. Foru erkidegoan 16 pertsona zendu dira astebetean, eta, horiek horrela, heriotza kopuruak behera egin du aurreko datuen aldean. Izan ere, azaroaren 30etik abenduaren 6ra bitartean birusarekin eri ziren 27 pertsona zendu ziren.

Halaber, Nafarroako Gobernuak igandetik aitzina izandako beste bi heriotzaren berri eman du: 83 urteko emakumezko bat eta 90 urteko beste bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.