Beste 635 tortura kasu egiaztatu ditu Euskal Memoria fundazioak

enekoitz esnaola
2017ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Euskal Memoria fundazioak iazko martxoko txostenetik «egiaztatutako» beste 635 jaso ditu azkeneko azterketan —abenduaren bukaerako data du—. Haiekin, orain, 5.657 kasu dauzka bilduta. 1947ko eta 1950eko hamarkadako gertaera bakanen batzuk landuak dituen arren, txostena, batik bat, 1960tik aurrerakoa da. Hain justu, 2014ko ekainera artekoa, ordukoa baita azkeneko tortura salaketa: Tomas Madinarena. Orain arte euskal herritarren atxiloketetako 7.582 kasu aztertu ditu, eta, idatzian dioenez, %74,61etan egiaztatu ahal izan du polizia indarren torturak gertatu zirela. Lanean jarraitzen du, torturak eragiten duen «drama humanoa eta soziala behin betiko argitzeko». Euskal Herriko gatazka politikoaren kontakizuna osatu nahi du modu horretara.

Torturaren inguruan oraindik ere «isiltasuna» dagoela iritzi dio, eta, gainera, ikertzeko «zailtasun teknikoak eta epelkeria instituzionala» ere badirela. Urtarrilaren amaieran, Elgoibarren (Gipuzkoa), Duintasunaren Kolunbarioaren ekitaldian Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak frankismoaren sarraskiez hau adierazi zuen: «Amaitu da isiltasun eta iluntasun garaia»; eta Euskal Memoria bat dator horrekin, baina erantsi du torturarekin ere gertatu dena argitzea «erantzukizun kolektiboa» dela, «aitortzaren, erreparazioaren eta gehiago ez gertatzearen» xedeak lortzeko.

Datu ugari dago fundazioaren azkeneko txostenean. Egiaztatu dituen tortura kasuez gain, azpimarratu du torturatuak izan ziren herritarren %42,3 libre atera zirela atxiloalditik. Tortura kasuen %7,18 Ertzaintzak eragindakoak direla ere nabarmendu du; 407 dira horiek. Igotzen doa kopurua; izan ere, iazko martxoko txostenean 350 ziren; eta Jaurlaritzak eta EHUko Euskal Kriminologia Institutuak joan den urteko ekainean aurkeztutako txostenean Ertzaintzaren aurkako 310 salaketa jaso zituzten.

Ertzaintza Aznarren garaian

BERRIAk eskuratutako azterlanak dakarrenez, tortura kasu gehien 1981-1985 aldian gertatu ziren—%21,48—, baina Euskal Memoria fundazioak Espainiako gobernuburu Jose Maria Aznar (PP) egon zeneko aldiari (1996-2004) ere eman dio garrantzia, «Ertzaintzaren aurkako salaketen %63,39 orduan gertatu zirelako. Denera, Ertzaintzarenak 258 kasu diraAznarren gobernuaren urte horietakoak; Guardia Zibilaren 255 kasuak gainditu zituen».

Fundazioak egunotan jarriko du txostena Interneten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.