Martxoaren 22tik erregistratu den positibo kopururik txikiena izan da Hegoaldean: 416 COVID-19 kasu atzeman dituzte. Hala, arintzea erakusten dute transmisioari buruzko datuek. Zehazki, Osakidetzak eta Osasunbideak 8.348 proba egin zituzten atzo, eta, beraz, igandean %4,98 izan zen positiboen ehunekoa. Hain zuzen, adierazlea OME Osasunaren Munduko Erakundeak gehienezko mugarritzat ezarria duen langan da oraintxe bertan: erakundeak %5ean du zehaztua muga.
Hego Euskal Herriko lurraldeak banan-banan aztertuta, Bizkaian detektatu da positibo gehien: 175 izan dira. Gipuzkoan, berriz, 149 positibo zenbatu dituzte. Nafarroan eta Araban, bietan atzeman dira 100dik behera kasu: Nafarroan 60 izan dira, eta Araban, 30.
Ospitaleei dagokienez, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, atzo 39 lagun ospitaleratu zituzten COVID-19aren sintomak larriagoturik. Horiek aintzat hartuta, oraintxe bertan guztira 677 lagun daude erietxeratuta. Horietako 198 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan daude; bezperan baino bat gutxiago dira.
Gainera, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du atzo 96 urteko gizonezko bat hil zela birusak jota. Halaber, aurreko egunetako bati dagokion heriotza baten berri ere eman dute: birusarekin eri zen 47 urteko emakumezko bat hil da herrialdean. Nafarroako Gobernuak ez bezala, Jaurlaritzak astean behin ematen du heriotzei buruzko informazioa: asteazkenean emanen du horien berri.