2015eko maiatzean zen ixtekoa Hazparneko Hazketa hondakindegia (Lapurdi), baina beste 21 urtez segituko du baliatzen Bil ta Garbi sindikatuak. Erakunde horretako kide diren herri elkargoetako ordezkariak azaroaren 26an bildu ziren, eta Hazketaren iraupena luzatzearen alde bozkatu zuten denek, batek izan ezik: Jean Mixel Hargous Garbiki sindikatuko ordezkariak. Datorren astelehenean, berriz, ingurumenaz arduratzen diren elkarteekin bilduko da Bil ta Garbi, hartutako erabakia kontsultatzeko. CADE eta Hazketa 2010 elkarteek, baina, prozedurak logikarik ez duela salatu zuten atzo: «Hautetsiek bozkatu aitzin, elkarteekin bildu behar ziren».
Ez dira pozik bi elkarteak, ez hondakindegiaren iraupenaz erabakitzeko prozedurarekin, ez erabakiarekin ere. Izan ere, diotenez, gaur egun Hazketa hondakindegia den guneak «ez du ematen aukerarik ura behar den bezala tratatzeko».
2015eko maiatzean itxi
Hogei urteko iraupena du, berez, Hazketa hondakindegiak: ireki zenean, 2015eko maiatzean itxiko zela erran zuten. Epea hurbiltzen ari zela ikusirik eta hondakindegia mugitzeko asmorik ez zegoela oharturik, Hazketa 2010 kezkatzen hasi zen. «Bil ta Garbi 2014ko urtarrilean hasi zen hondakindegiaren geroa aztertzen, baina 2005-2006an hasi behar zen», azaldu du Clemence Labrouche elkarteko kideak.
Bil ta Garbik hiru aukera proposatu zituen 2014an: hondakindegia lekuz aldatzea, iraupena luzatzea ala Hazketak biltzen dituen hondakinak Senpereko Zaluaga hondakindegira bidaltzea. Bizi Garbia sindikatuak kudeatzen du Zaluaga. Hazketako hondakinak hara bidali ahal izateko, bi sindikatuek bat egin beharko lukete, biak herri elkargo desberdinetan baitaude. Baina horrek arazoak ekarriko lituzke: bi hondakindegiek zabor mota desberdinak jasotzen dituzte, tratamendu desberdinekin. Hartara, hondakindegia gune berean gelditzea erabaki zuten.
Beste 21 urtez izango dute zabalik Hazparneko hondakindegia
Azaroan hartu zuen erabakia Bil ta Garbi sindikatuak, baina ingurumen elkarteekin bilduko da zabortegiaren iraupena kontsultatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu