COVID-19aren datuak nabarmen okerrera egiten ari dira. Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dutenez, beste 1.967 positibo atzeman dituzte. Ia bederatzi hilabete egin behar dira atzera, 2020ko urriaren 31ra, gaurkoa baino datu txarrago bat aurkitzeko —2.082 kasu atzeman zituzten—. Pandemia osoan egun horretan bakarrik gainditu zen gaurko positibo kopurua.
Positiboen ehunekoa ere etengabe igotzen ari da. Atzo Hegoaldean egindako 15.872 probetatik %12,4k positibo eman dute; beraz, urrun dago OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurria kontrolpean edukitzeko ezarritako %5eko langatik.
Egoera lurraldez lurralde desberdina bada ere, guztietan hedatzen ari da birusa. Egoera Nafarroan da makurrena. Bertan, beste 622 kasu atzeman dituzte, daturik txarrena urriaren 30etik. Bizkaian ere egoera azkar ari da okerrera egiten: beste 672 positibo daude, daturik txarrena urtarrilaren 29tik. Gipuzkoan, berriz, 482 positibo atzeman dituzte, bezperan baino hogei gutxiago, baina aurreko egunetako kopuruen nabarmen gainetik. Azkenik, Araban beste 163 kasu dituzte, daturik txarrena otsailaren 3tik.
Gaixo horiek ospitaleetara iristen ari dira. Egun,197 gaixo daude ospitaleratuta Osakidetzako eta Osasunbideko erietxeetan; horietako 31 ZIUetan larriki gaixo daude. Ospitaleratzeak etengabe ari dira handitzen, batez ere azken egunetan. Pare bat datu ematearren: duela bi astetik %66 handitu da ospitaleratu kopurua; duela astebetetik, %63.