COVID-19aren datuak nabarmen okerrera egiten ari dira. Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dutenez, beste 1.967 positibo atzeman dituzte. Ia bederatzi hilabete egin behar dira atzera, 2020ko urriaren 31ra, gaurkoa baino datu txarrago bat aurkitzeko —2.082 kasu atzeman zituzten—. Pandemia osoan egun horretan bakarrik gainditu zen atzoko positibo kopurua. Positiboen ehunekoa ere etengabe igotzen ari da. Hegoaldean egindako 15.872 probetatik %12,4k positibo eman dute; beraz, urrun dago OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurria kontrolpean edukitzeko ezarritako %5eko langatik. Azkeneko hamalau egunetan batez beste egindako testetik, bat baino gehiago dira positiboak. Iazko ekainetik, batez besteko hori inoiz ez da izan horren handia. Horrek adierazten du testak egiteko sistema iritsi ezinik ari dela.
Egoera lurraldez lurralde desberdina bada ere, guztietan hedatzen ari da birusa. Egoera Nafarroan da makurrena. Bertan, beste 622 kasu atzeman dituzte, daturik txarrena urriaren 30etik. Bizkaian ere egoera azkar ari da okerrera egiten: beste 672 positibo daude, daturik txarrena urtarrilaren 29tik. Gipuzkoan, berriz, 482 positibo atzeman dituzte, bezperan baino hogei gutxiago, baina aurreko egunetako kopuruen gainetik nabarmen. Azkenik, Araban beste 163 kasu dituzte, daturik txarrena otsailaren 3tik.
Gaixo horiek ospitaleetara iristen ari dira. Egun, 197 gaixo daude ospitaleratuta Osakidetzako eta Osasunbideko erietxeetan; horietako 41 ZIUetan larri gaixo daude. Ospitaleratzeak etengabe ari dira ugaritzen, azken egunetan batez ere. Pare bat datu ematearren: duela bi astetik %66 handitu da ospitaleratuen kopurua; duela astebetetik, %63.
Zahar etxeetan ere bai
Orain arte COVID-19ak izan dituen oldarraldiek adinekoei erasan diete gogorren; azken asteetan, berriz, gazteen artean ari dira atzematen kasu gehienak. Halere, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, birusak berriz ere lortu du adinekoen egoitzetara sartzea. Hiru positibo atzeman dituzte Donostiako Aldakonea zahar etxeko erabiltzaileen artean, eta bi Irungo Inmakuladan.
Koronabirusa
Beste 1.967 kasu: izurriko kopururik handienetan bigarrena da
Ospitaleratu kopurua %63 handitu da astebetean. Proben %12,4k positibo eman dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu