Beskoitzeko (Lapurdi) ikastolaren aferan esku hartzeko prest agertu da Julien Charles Pirinio Atlantikoetako prefeta. Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira izan zen atzo herrian, eta gurasoek hori baliatu zuten herriko etxearekin duten tirabira aipatzeko. Ikastolarentzat egoitza berria eraiki nahi du Seaskak, eta eraikuntza baimena aurkeztu du herriko etxean, baina salatu dute Fabienne Aiensa auzapezak eta haren talde politikoak «etengabeko» oztopoak ezartzen dizkietela.
Prefetak zehaztu du eraikuntza baimena onartzea herriko etxearen eskumena dela. «Gurasoei erran diedanez, saia gaitezke elkarrizketari bide ematen, egoera honetatik ongi ateratzeko. Perspektiba horretan jarriko gara. Egoera aztertuko dugu, auzapezarekin harremanetan sartuko gara, eta ikusiko dugu ea kezkak baretzen lagun dezakegun».
Clemence Labrouche ikastolako gurasoak «berri on gisa» hartu du prefetak errandakoa. «Badu sei hilabete ez dugula herriko etxearen berririk; hautetsiak isilik dira». Esplikatu du baimena ukatu izana onartuko zutela erabaki tekniko bat izan balitz, baina zehaztu du erabakia «politikoa» dela. «Egun duten argudio bakarra da ez dugula jabearen baimen gutuna gehitu gure dosierrean, jakinez herriko lurra dela. Funtsean, herriko etxekoek ezezkoa eman digute haien gutuna ez baitugu dosierrean sartu».
Ostiralean bukatuko da herriko etxeari eman zioten «ultimatuma». Epea bukatu arte itxaroten ari dira, eta ondotik protestekin hasiko direla iragarri du. «Ez gara Beskoitzeko ikastolakoak bakarrik izanen: Seaska, euskaltzaleak, euskal gizartea hor izanen da mobilizazio handi bat antolatzeko, eta politika hau geldiarazteko; ez baita herriko etxeko politika sano bat».
Beskoitzeko ikastolaren auzian, elkarrizketa bideratuko du prefetak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu