Beskoitzeko ikastolako gurasoek protesta egin dute auzapezaren aitzinean

Herriko etxeak ikastolako guraso eta ikasleei jakinarazi die uztailaren 6rako hustu beharko dutela lekua. Protesta egin dute agiantzen ekitaldian.

Beskoitze, protesta
Gaur goizeko protestaren irudi bat. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki - Edurne Begiristain
2024ko urtarrilaren 13a
17:30
Entzun

Urte berrirako asmoak eta erronkak iragartzeko momentua izan ohi dira urte hasierako agiantzak. Fabienne Aiensa Beskoitzeko (Lapurdi) auzapezak Urgazietako eskola publikoa hautatu du herritarren eta elkarteen aitzinean ekitaldia egiteko. Baina denek ez diote urte berri ona opatu nahi izan: ikastolako gurasoek protesta egin dute pankartak eskuetan, herriko etxeak gaur egun dituzten lurrak uzteko hartu zuen erabakia salatzeko. Orain dela bi urte hasi zen gatazka erabat mingostua dago, eta heldu den ikasturterako aterabiderik gabe daude oraindik ere ikastolako haurrak. Hain justu, egunotan jaso dute uztailaren 6rako lekua hustu beharko dutela dioen agiria.

Berrogei guraso inguru elkartu dira herriko etxeak antolatutako ekitaldiaren kanpoko aldean, txartelekin eta kazolekin. Ikastolako hainbat haur ere izan dira protesta egiten, eta euren eskaerak idatzita zeuzkaten afixak erakutsi dituzte. «Harrabots apur bat egin dugu kanpoan, eta gure haurrek zituzten galderak eta kezkak entzun eta ikusi dira», azaldu dio BERRIAri Julen Jauregi gurasoak.

Herriko bi hautetsi atera dira kalera, eta gurasoekin hizketan aritu dira; erran diete herriko etxeak elkarrizketak egin nahi dituela gurasoekin, baina ez dute zehaztasunik eta hitzordurik eman. Ikastolako gurasoek erantzun dute baietz, prest direla herriko etxearekin hitz egiteko, baina estonaturik agertu dira, ea zergatik ez zitekeen elkarrizketa lehenago abiatu, eta hemendik aitzina «frogak» beharko dituztela adierazi dute. Izan ere, kaleratze gutuna eman dieten arte ez diete elkarrizketarik aipatu, eta urtebete joan da ikastolaren eraikina galtzeko mehatxupean direnetik.

Hainbat hautetsi gurasoekin elkarrizketatzeko prest  agertu izana «urrats bat» badela esan du Jauregik: «Gurekin mintzatzeko prest dira, eta ez da gutxi». Nolanahi ere, uste du bilera horrek hitzetatik ekintzetara pasatzeko balio behar duela: «Sei urte eman ditugu mintzatzen, eta ez dugu ezer lortu. Gure proposamenei beti egin diete uko, eta oztopoak baizik ez dizkigute jarri. Guk aterabideak nahi ditugu». Hala, bilerak «lehenbailehen» izan beharko duela gaineratu du.

Aste honetan gutuna

Orain dela hamar urte sortu zen ikastola prefabrikatuetan egon da orain arte, baina, ikasle kopurua handitu ahala, baldintzak gero eta okerragoak bilakatu dira. Eraikin sendo bat altxatzeko proiektua landu du Seaskak, baina proposamen guziei ezezkoa eman die herriko etxeak. Inposatu dizkieten baldintza arbitrarioak eta pairatu duten jazarpena salatu izan dituzte maiz ikastolako gurasoek eta Seaskak. 

Udazkenean bitartekaritza bat lantzen entseatu ziren, baina porrot egin zuen. Abenduan iritsi zen azken kolpea: herriko etxea eta ikastola lotzen dituen hitzarmena bertan behera utzi, eta prefabrikatuak ezarriak dituzten lurrak erabiltzeko baimena kendu zioten Beskoitzeko ikastolari.

Gurasoek azaldu dutenez, aste honetan jaso dute Fabienne Aiensa auzapezaren gutuna, eta horretan eman die ofizialki abenduaren 18an hartu zuten erabakiaren berri. Izkribuan oroitarazten die 2018an izenpetu zuten hitzarmenaren 2. artikuluaren arabera ituna bertan behera uzteko aukera dutela bi aldeek 2024ko ikasturtea bukatu baino sei hilabete lehenago. «Atxikirik duzuen herriko kontseiluaren erabakiari jarraiki, ohoragarri zait artikulu hori obratzeko asmoa dudala jakinaraztea», dio hitzez hitz auzapezaren gutunak. 

Hala, gaur egun erabiltzen duten lurretik kanporatuak direla jakinarazten die. «Uztailaren 6rako lekuak libratu beharko dituzue, erabiltzeko baimena zenuten lau prefabrikatuak eta bosgarrena kendu, eta lokala hustu beharko duzue». Ikastolako lehendakariek, Seaskak eta Egoitza elkarteak eskuratu dute idatzia.

Gurasoek eta Seaskak, biek adierazi izan dute heldu den ikasturtean ikastola bat izanen dela Beskoitzen. Baina, funtsean, sei hilabeteko epea dute soluzio erreal bat atzemateko. Seaskako iturrien arabera, horretan ari dira, izan daitezkeen aukerak aztertzen. 

Elkarrizketa nagusitzea eta aterabideak topatzea, horiek dira Seaskak bilatzen dituen helburuak Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak azaldu duenez. «Ikastola bat ezin da itxi auzapez baten burugogorkeriagatik edo euskararen kontrako jarrera duten hautetsiak egoteagatik. Euskaraz bizi eta ikastea eskubide bat da, eta gu prest gaude borrokatzeko eskubide hori bete dadin».

Itxaropena ez dutela galduko ziurtatu du Gorostiagak: «Borroka galtzeak ekarriko luke euskararik gabe uztea herri eta ibar oso bat». Baina, modu batera edo bestera, blokeoa gainditu beharko dute, edozein aterabidek ezinbestekoa izanen baitu herriko etxearen adostasuna. Hautetsien prestasuna zertan gauzatuko den ikusi beharko da orain, ez baitute hitzordurik zehaztu oraindik.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (3)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.