Seaskak erran du «elkarlan harreman normala» berreskuratu duela Beskoitzeko Herriko Etxearekin

4.300 ikasleren langa gaindituko dute aurten Ipar Euskal Herriko ikastoletan. Frantziako Estatuarekin duen hitzarmena berritu gabe du Seaskak 2022tik, azterketen gaian blokeatuta.

Jorajuria eta Layous, Kanbon egin duten agerraldian. PATXI BELTZAIZ
Jorajuria eta Layous, Kanbon egin duten agerraldian. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Kanbo
2024ko irailaren 4a
14:33
Entzun

«Egoera zinez lasaiagoa dugu». Hala adierazi du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak Beskoitzeko ikastola (Lapurdi) hizpide hartuta, Kanbon (Lapurdi) duten egoitzan, ikasturtea abiatzeko egin duten prentsaurrekoan. Azken bi urteetan ikastolaren inguruan gatazka betean ibili ondotik, herriko etxeak dimititu, eta hauteskundeak egin zituzten ekainean. Pascal Jocou auzapez berriarekin bildu da geroztik Seaska, eta Jorajuriak erran du Euskal Herriko beste edozein herriko etxerekin duten «elkarlan harreman normala» berreskuratu dutela. 

Hala, epe laburrean ikastolak orain arteko lur eremuan segitzen ahalko du, eta herriko jantegian arazorik gabe hartuko dituzte  ikastolako haurrak. Erregularki bilduko dira «etorkizunari buruz aterabideak atzemateko», Jorajuriak jakinarazi duenez. Ikasturte sartze honetan 53 haur eskolatuak dira Beskoitzeko ikastolan, eta beste bi espero dituzte ondoko hilabeteetan. BERRIAk ekainean egin zion elkarrizketan, Jocou prest agertu zen ikastolari egoitza berri bat emateko aukerak aztertzeko.

Gainerakoan, Seaskako lehendakariak iragarri du 4.300 ikasleren langa gaindituko dutela 2024-2025eko ikasturterako. Zehazki, 2.700 haur dituzte Ipar Euskal Herriko 33 ikastoletan, 1.100 ikasle inguru bost kolegioetan, eta 536 Baionako Bernat Etxepare lizeoan. Hor izan dute gorakadarik handiena azken urteetan. 2017an ireki zuten Baionako lizeo berria, eta ordurako ohartu ziren fite txiki geldituko zitzaiela: 2019an eraikina handitu zuten, eta iazko udan bi prefabrikatu instalatu behar izan zituzten ikasle guziak hartzeko; aurten beste bat gehitu dute.

«Gure xedea da sail teknologiko eta profesional gehiago eskaintzea, kolegioa bukatzen duten ikasleek lanbide heziketarako hautua ukan dezaten»

PEIO JORAJURIASeaskako lehendakaria

Bernat Etxepareko handitze lanak aipatzeaz gain, Jorajuriak iragarri du lantalde bat gogoetan hasia dela beste lizeo bat irekitzeko aukerari buruz. «Mementoko ez dakigu ez non, ez noiz, baina  argi dugu badela beste lizeo baten beharra». Gaur egun, sail orokorraz gain, bi sail profesional eta sail teknologiko bat ere proposatzen dituzte. «Gure xedea da sail teknologiko eta profesional gehiago eskaintzea, kolegioa bukatzen duten ikasleek lanbide heziketarako hautua ukan dezaten».

Seaska Frantziako Estatuarekin eta EEP Euskararen Erakunde Publikoarekin lotzen duen hitzarmena ere aipatu du Jorajuriak. 2022ko agorrilean iraungi zen, eta ordutik ez dute lortu berritzea: azterketen gaiarekin blokeatua da. Gorabeherak gorabehera azken urteetan brebetako proba euskaraz egitea lortu badute ere, baxoan ez dute aitzinamendurik izan. Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin harremanean segitzen dutela erran du Seaskako lehendakariak, eta ikastolen garapenari erantzuteko irakasle postuak eskuratu dituztela , baina beste ministro bat izendatu artean ez dute aitzinamendurik espero hitzarmen berriaren inguruan. «Ea gobernu berri bat osatzen den eta ikastolen eta euskararen garapena bermatuko duen hitzarmen bat adosten dugun». Halaber, erran du euskararen aldeko hizkuntza politikak izanen dituen ahalei so egonen direla. 

Pirinio Atlantikoetako Prefeturarekin ere izan dituzte arazoak azken urteetan, ikastolek herriko etxeekin dituzten hitzarmenak berritzean lurren alokairua emendatzeko eskatu izan baitu prefetak. «Alokairuek gero eta pisu handiagoa dute guretzat», esplikatu du Jorajuriak. «Erregularki berritu behar ditugu alokairu kontratuak; orain arte auzapezekin entseatu izan gara konponbideak atzematen».

Euskara eta sakelakoak

Hezkuntza arloan eramaten ari diren lanketak aipatzeko tartea ere izan da Seaskaren ikasturte hasierako agerraldia. Irakasleen prestakuntzan egin du azpimarra Sophie Layous Seaskako batzorde eragileko kideak. 70 irakasle baino gehiago trebatzen dituzte urtero, lau urteko formakuntzan. Didaktika eta pedagogia arlokoak izan ohi dira prestakuntzak, baina gai bereziei buruzkoak ere egiten dituzte. 

Euskararen arloan ere «lan interesgarria» eramaten ari dira, Jorajuriaren erranetan. Gurasoei begira sortu duten Euskara Xartaz gain, neurgailuak ere prestatu dituzte. Hala nola ahozko azterketa bat pasarazten diete ikasleei lehen mailaren bukaeran, eta, ekainean, hirugarreneko ikasleek azterketa idatzi bat izan zuten lehen aldiz kolegio bukaeran. UEUrekin elkarlanean antolatu dute ebaluazio sistema hori. Jorajuriak erran du ikasleek B2 mailako helburua betetzen dutela, oro har, baina hainbat arlotan dituzten «hutsuneak» erakutsi dituela azterketak. «Ez gara helburu guzietara heltzen; horiek landu behar ditugu».

Azkenik, «pausa digitalaren» gaia ere izan dute hizpide. Badu zenbait urte Seaskan gaiari lotuak direla. Estitxu Robles eta Piarres Larzabal kolegioetan, ikasleek sakelako telefonoa kutxa batean uzten dute ikastetxera iristean. Xalbador kolegioan, berriz, gurasoak engaiatzen dira hirugarrenera iritsi arte haurrei telefonorik ez erostera. «Ikasleentzat onuragarri izateaz gain, gurasoentzat ere biziki lagungarri da, erabaki kolektibo baten partaide izanik errazago baitzaie halako gaiak kudeatzea seme-alabekin. Funtsean, gaur egun mugarik gabeko ordenagailu bat ezartzen baita haurren esku, eta ez telefono bat soilik».

Ikastolen sartze ekitaldia

Ekainean, Euskal Herriko 114 ikastolen VII. batzarra egin zuten Iruñean, eta hurrengo hamar urteetan euskal irakaskuntzak Euskal Herri osoan izanen dituen erronkak finkatu. Jorajuriak iragarri du ikastolen sartze ekitaldia irailaren 21ean eginen dutela, Senpereko Kattalin Elizalde kolegioan. Iaz ireki zuten kolegio hori, eta hura inauguratzeko ere baliatuko dute ekitaldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.