Beskoitzeko hautetsiei ikatza banatu die Olentzerok

Beskoitzeko ikastolako gurasoek protesta egin dute goizean. Auzapezaren eta hautetsien jarrera salatu dute, eta ikastola «kosta ahala kosta» lortuko dutela adierazi dute.

Olentzerok ikatza banatuko die hautetsiei, Beskoitzeko herriko etxean
Beskoitzeko ikastolako gurasoen ekintza, goizean. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2023ko abenduaren 26a
13:00
Entzun

Frantziako koloredun xingola jantzi du kartoizko astañak, eta haren gibeletik etorri dira zurezko hamahiru ardiak. Eta tropa gidatzeko, Olentzero. Ekintza sinbolikoa egin dute goizean Beskoitzeko ikastolako gurasoek. Olentzero menditik jaitsi da, herriko hautetsiei ikatza ekartzera. Herriko etxeko atarian ikatza bota du, eta barnera ere sartu da hamalau ikatz zati uztera: bat Fabienne Aiensa auzapezarentzat, eta gainerakoak, ikastola lurrik gabe uztea deliberatu duten hautetsientzat. Iragan astean, Beskoitzeko Herriko Etxeak erabaki zuen bertan behera uztea ikastolarekin zuen hitzarmena. Beste hitzarmenik lortu ezean, sei hilabeteren buruan ez dute gehiago herriko lurrak erabiltzeko baimenik izanen.

«Ikastola hetsi nahi duzuela entzun dut, eta menditik espres jaitsi naiz. Burutik baduzue, ala? Ez zarete batere egokituak herritarren nahia entzuteko. Ikastolako gurasoek aterabide bat galdetzen dizuete, baina zuek ikastola kondenatzea erabaki duzue». Olentzero haserre mintzatu zaie hautetsiei. «Beste herri guzietan hautetsiak gelak salbatzeko borrokatzen diren bitartean, Beskoitzen ikastola hesteko borrokatzen dira», salatu du Clemence Labrouche gurasoak.

Julen Jauregi ikastolako gurasoak, alta, argi utzi du Beskoitze ez dela ikastolarik gabe geldituko: «Eguberrien bezperan frogatu nahi izan dute azken hitza hautetsiek zutela. Baina datorren urterako ez dute haiek izanen azken hitza. Denen sostenguaren beharra dugu, eta lortu behar dugu 51 haur horientzako ikastola bat. Behar dugu, eta lortuko dugu, kosta ahala kosta».

Herriko kontseiluak hartutako erabakia «aspaldiko erabakia» izan dela uste dute gurasoek, eta, beraz, urtean zehar egindako adierazpen guziak «gezurrak» izan zirela adierazi du Jauregik. «Hastapenetik ez zuten nahi ikastolarik; bozka hori prestatua zuten. Erran nahi du prentsari, herritarrei, gurasoei eta haurrei gezurrak saldu dizkietela».

«Gezurretan»

Gainera, bitartekaritza orori uko egin izana leporatu diote auzapezari. Jauregik esplikatu du gurasoek espero zutela bitartekaritza abian izatea urte bukaerarako, baina dena bertan behera gelditu dela kontseiluak hartutako erabakiaren ondorioz. «Nola egin dezakegu orain elkarrizketa molde sanoan eramateko? Bistan da guk nahiko genukeela haiekin mintzatu: urte osoan bilkurak galdegin dizkiegu. Baina auzapezak azken kontseiluan erran du ezinezkoa dela gurekin mintzatzea. Oraino ere gezurretan ari da».

Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak adierazi du Beskoitzeko gurasoak «bururaino» sostengatuko dituela Seaskak. Erran du elkarrizketarako galdea egin diotela berriro ere herriko etxeari, eta Ipar Euskal Herriko beste hautetsi batzuekin «lanean» ari direla bitartekaritza lana egiteko. Oraingoz, ez dute herriko etxearen erantzunik izan. Dena dela, Jorajuriak ere argi du aterabide bat beharrezkoa izanen dela ikastolako 51 haurrentzat. Gurasoek Euskal Herri osoko hautetsiei dei egin diete Beskoitzeko ikastolaren aferan lagun ditzaten.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.