Espainiako Espetxe Erakundeek eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak elkarlanean bertze zazpi euskal preso Euskal Herriratzea adostu dute. Asier Garcia, Imanol Miner, Lierni Armendariz, Bittor Franco, Iñaki Reta, Gotzon Aranburu eta Xabier Zabalo dira Euskal Herrira ekarriko dituzten presoak, eta, zehaztu dutenez, Jaurlaritzak erabakiko du Martutenera (Donostia), Basaurira (Bizkaia) edo Zaballara (Araba) mugituko dituzten.
Garcia Asturiastik ekarriko dute Euskal Herrira, Miner eta Armendariz Duesotik, Franco eta Zabalo Logroñotik, Reta Soto del Realetik, eta Aranburu Dueñastik.
Euskal Herrira ekarriko dituzten preso horien artean, badira zigorraren zati handi bat jada betea dutenak. Armendarizek, erraterako, 2023ko uztailean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak —2001ean atxilotu zuten, eta 30 urteko espetxe zigorra du—. Francok duela lau urte bete zituen.
Zazpi euskal preso horiek eta aitzinetik Euskal Herriratzea iragarria duten bertze sei euskal preso lekualdatzen dituztenean, 93 izanen dira Euskal Herriko espetxeetan dauden motibazio politikoko euskal presoak: Espainian egonen direnak baino gehiago. Gaur egun, 80 daude Euskal Herriko espetxeetan, eta 95 Espainiakoetan. Frantzian, berriz, 21 daude.
Hirugarren gradu eskaera Ramadari
Martuteneko espetxeko tratamendu batzordeak, berriz, hirugarren gradua eskatu du Francisco Jose Ramada Estevez euskal presoarentzat. Joan den astean ospitaleratu zuten, bihotzeko arazoak izan ondotik, eta Donostiako ZIU zainketa intentsiboetako unitatean dago geroztik. Eusko Jaurlaritzak onespena eman beharko dio Martuteneko tratamendu batzordearen eskariari, gradua aldatu ahal izateko. Ramadak 2020ko irailean bete zituen zigorraren hiru laurdenak.