Bertze migrante baten gorpuaren bila ari dira Bidasoa ibaian

Aurten ingurune bertsuan desagerturiko bigarren pertsona da. Bi migratzailek eman dute abisua. Hilaren 18tik legoke desagertuta

Larrialdi zerbitzuak, atzo goizean, Endarlatsan. SEGURTASUN SAILA.
Maddi Ane Txoperena Iribarren - Jone Arruabarrena
2022ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Migrazio bidean Euskal Herria zeharkatzen ari zen migrante baten bizitza Bidasoa ibaian urtu da, berriz ere. Atzo goizean zabaldu zen albistea: larrialdi zerbitzuak desagerturiko pertsona baten bila hasiak zirela Bidasoa ibaian, Endarlatsa inguruan, Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko mugan.

Suhiltzaileak, ertzainak eta guardia zibilak aritu ziren ingurunea miatzen goizean, eta pronostikoa ez da ona: Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, izan ere, hilaren 18tik legoke desagertuta bilatzen ari diren migratzailea. Badirudi Endarlatsako gune malkartsu batetik behera erori zela egun hartan, bertze bi etorkinekin batera muga pasatzen saiatzen ari zela.

Harekin batera zihoazen bertze bi pertsonek atzo jakinarazi zioten gertatutakoa migratzaileak laguntzen dituen gobernuz kanpoko erakunde bati, eta erakundeak larrialdi zerbitzuei eman zien abisua. Ertzaintzak hartu zuen ardura Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan bilaketak egiteko, eta Gurutze Gorria Bidasoko bokalea eta Faisaien Uhartea miatzen aritu zen.

Gorpua atzemanen balute, aurten migrazio bidean Euskal Herrian hildako bigarren pertsona litzateke Endarlatsan desagerturikoa. Duela hilabete izan zen azkena: martxoaren 12an eman zuten abisua, Bidasoa gurutzatzen ari zela desagerturiko pertsona baten bila ari zirela. Hainbat egunetan bila ibili ondotik, martxoaren 30ean atzeman zuten harena izan zitekeen hilotza.

Urtarrilean, istripua

Bidasoa ibaiko desagertzeena ez da aurtengo gertaera bakarra izan: urtarrilean migrante batek femurra hautsi zuen Irungo trenbidean, Frantziako Poliziarengandik ihesean zela. 20 urte ditu, eta Sudangoa da jatorriz. Ebakuntza egin zioten Bidasoako Ospitalean. Irungo Harrera Sareak eman zuen gertatuaren berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.